2018-11-15

LITERAKTUM 2018


Literaktum edizio berri bat abian da Donostian. Azaroaren 13tik 24ra egitarau zabala izango du
jaialdiak, literatur zaleei eta hain zale ez direnei ere eskainia. Literaturaren izen ezagunak beraien lanak aurkeztera etorriko dira, eta egungo gaiei buruzko solasaldietan gonbidatu esanguratsuak egongo dira.
Literaktum jaialdiaren gai nagusiak, berriz, ondorengoak izango dira: nobela eta historiaren arteko harremana, utopiaren indarra –eta haren itzal distopikoak– eta liburu ilustratua. Horri erantsi behar zaizkio literaturaren eta beste diziplina batzuen arteko uztarketak ere: gastronomiarekin, musikarekin, zinemarekin, pentsamenduarekin, kazetaritzarekin edo komikiarekin.

Solasaldien artean, Literaturaren bide berriak II: Gazteak eta irakurketa aurkitu dugu. Nola zaletu gazteak irakurtzera? Ez da gai berria, baina gaurkotasuna gordetzen du oraindik ere, eta irakasle, liburuzain zein guraso askoren erronka da. Galderaren inguruan Uxue Alberdi idazlearekin batera hausnarketa egingo dute hiru solaskidek: Imanol Epelde irakasle eta blogaria, Maialen Berasategi kazetaria eta Larraitz Idarreta liburuzaina. 
Ekitaldia euskaraz izango da, Donostiako San Jeronimo ekitaldi arteoan, azaroaren 20an, 19:30ean. 
Literaktum jaialdiko jarduera guztiak irekiak dira, jarlekuak bete arte.

Programa osoa xehetasun gehiagorekin, Literaktum jaialdiaren webgunean ikus daiteke.

2018-11-07

SOLASALDIA KULTUR ETXEAN

Hondarribiko Liburutegiak antolatutako Mary Shelley-ren Frankenstein 200 urte zatiak josten egitasmoaren barruan ostegun honetan, azaroak 8, zikloaren azken solasaldia izango da:
“Frankenstein ikonoa arte plastikoetan eta zineman”.

Solaskideak, Koldo Almandoz eta Begoña Vicario zinemagileak izango dira. 
Ekitaldia, 19:00etan Kultur Etxeko 103 aretoan.

2018-10-31

GAU BELTZA, ARIMEN GAUA, HALLOWEEN...


Izen asko dituzte gaur gaueko jaiek: Gau Beltza, Arimen Gaua, Halloween... Jaime Altunak eta Josu Ozaitak, jai horiek aztertu dituzte, umeen eta aiton-amonen bizipenak oinarri hartuta. 

Juan San Martin beka jaso zuten, 2015ean; hemezortzi hilabetez aritu dira ikertzen eta egindako lana, "Itzalitako kalabazen berpiztea" liburuan jaso dute. 

"Joan etorriko jai bat da" dio Jaime Altunak Bidasoako Hitzan jasotako elkarrizketa interesgarri honetan. 

Sosa ala pota!...

2018-10-30

"GELTOKIAN KONTATUTAKOAK" IPUIN KONTAKETA MUSIKATUA

Bihar asteazkena, urriaren 31, Santu guztien bezpera, arratsaldeko 18:30ean, Ameli eta Xirrikituen jostunek heriotzari buruzko  ipuin kontaketa musikatua eskainiko dute.  
"Geltokian kontatutakoak"ekitaldia Zuloaga Etxean izango da eta 12 urtetik gorako gazteei eta helduei zuzenduta dago. 


2018-10-24

BI EKITALDIREN BERRI

Gaur, asteazkena, urriak 24, eta bihar, urriak 25, izango diren bi ekitaldiren berri eman nahi dizuegu.

Gaur, Blagan euskara elkarteak antolatuta, Kultur Etxean (Denda kalea), arratsaldeko 7etan, Eneko Bidegainek Lurraldea eta herria liburua aurkeztuko du.  


Bihar, leku berean, 103 aretoan, Frankenstein, 200 urte zatiak josten zikloaren barruan, Frankenstein, munstroak eta literatura solasaldia izango da. Solaskideak, Juan Carlos Alonso psikologoa eta Iñigo Errasti itzultzailea izango dira. Ekitaldia 19:00etan izango da.


URRIAREN 24A, LIBURUTEGIAREN EGUNA

1997tik urriaren 24an Liburutegiaren Eguna ospatzen da gizartea irakurketaren garrantziaz kontzientziatzeko eta haur eta gazteengan ohitura hori bultzatzeko helburuarekin. Aldi berean, liburuzainek egiten duten lana aitortzeko modu bat da. 

Asociación Española de Amigos del Libro Infantil y Juvenil elkartearen ekimenez sortu zen Eguna. Aurtengo kartela Alfonso Zafico ilustratzaileak egin du eta pregoia, Gonzalo Moure idazleak idatzi du.


PREGOIA
EL DÍA DE LA LUZ

Vengo del desierto del Sáhara, de inaugurar una biblioteca. Está en Dajla, el más alejado, el más olvidado de los cinco campamentos saharauis. Es la cuarta biblioteca que construimos, y es preciosa. En el centro hemos plantado árboles, para que los niños y los jóvenes del Sáhara puedan experimentar el gozo de sentarse a su sombra a leer un libro. No queremos que esa biblioteca sea ningún "templo de silencio", sino más bien un espacio para el sonido, para el ruido. Una biblioteca que ya es el lugar más hermoso del campamento. Un espacio para desear ir a buscar lectura, pero tambiénamistad, sueños compartidos.
>>Segi irakurtzen

2018-10-22

EUSKARALDIA, 11 EGUN EUSKARAZ

Euskarak 365 egun herritarren hizkuntza-ohituretan eragiteko egitasmoa da, herritarrak euskararekiko aktibatu nahi dituena. Hondarribian 2016an egindako kale neurketan euskararen erabilera eskasa eman zen, %24. Denon esku dago datu hori hobetzea.

Asmo hori dela eta, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskaraldia, 11 egun euskaraz ekimena gauzatu nahi da Hondarribian, Euskal Herriko beste herri askorekin batera.
Herritarrei eskatuko zaie bere hizkuntza portaerak aldatzea, euskara gehiago erabiliz edo aukera emanez. Horretarako bi figura sortu dira: ahobiziak, euskal hiztunak, eta belarriprestak, euskaraz gutxi jakin arren ulertzeko eta elkarrizketa bat ele bitan eramateko gai dena.
Hiru modu daude Hondarribian izena emateko: BAZ bulegoan (udaletxeko arkupeak), Euskara Udal Zerbitzuan (Pampinot kalea), eta euskaraldia.eus webgunean.

http://www.hondarribia.eus/eu/euskaraldia-2018
Hori bai, erabileran erronka ezin da 11 egunetara mugatu, urteko 365 egunetan presente eduki beharreko gaia da.

LIBURU BERRIAK

Erabateko martxa hartzea pittin bat kosta egin bazaigu ere, urriaren bigarren astetik, astero-astero, 3. mailatik hasi eta 6. maila bitarteko ikasle-taldeak mediatekara etortzen ari dira. Ikasturte osoan irakaslearekin astean behin etortzeko aukera izango dute.
Jolasgaraian eta jangela orduan, aldiz, bere kabuz etor daitezke.
Erabiltzaile berriek, 3. mailako ikasle direnak, mediatekako erabilera ederki asko ikasi dute eta zale asko ditugu dagoeneko horien artean. Segi horrela!!

Azken hilean liburu berri dezente jaso ditugu liburutegian. Horietako batzuk hemen dituzu:


2018-10-02

FRANKENSTEIN 200 URTE ZATIAK JOSTEN

http://bidasoa.hitza.eus/files/2018/09/Mary-Shelley_esku-programa-INP_Page_1.jpg 
Mary Shelleyren FRANKENSTEIN 200 urte zatiak josten izeneko zikloa abiatu du Hondarribiko Zuloaga Etxea liburutegiak. Joan den astean honen berri eman genuen eta oraingoan egitaraua aurkeztu nahi dizuegu. Filmak, haurrentzako jarduera eta tailerrak, solasaldiak, erakusketa... programa zabala eta erakargarria iruditu zaigu.
IKUSI HEMEN EGITARAU OSOA  

Erakusketa abuztuaren 30ean zabaldu bazuten ere, gainontzeko ekitaldietako lehena urriaren 4 ostegunerako programatu dute. Egun horretan Kultur Etxeko areto nagusian James Whale zuzendariaren Frankenstein (1931) proiektatuko dute 19:00etan, jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin.


Emanaldi eta jarduera guztiak DOAKOAK dira, lekuak bete arte. Zenbaitetan aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da, izartxo batekin markatuta daude (*). 
Izena emateko:  943111285 edo liburutegia@hondarribia.eus helbidean

2018-09-28

ZORIONAK JUAN KRUZ IGERABIDE!



Adunako Juan Kruz Igerabide idazleari Abezedario titirijario (Letren txotxongiloa) lanagatik eman diote Espainiako Haur eta Literatura Saria. Epaimahiak Igerabidek liburuan erabilitako hizkuntza poetikoa nabarmendu du, euskal ahozko tradizioaz gain, umore absurdoa bikain erabiltzen duela aipatuz.

Euskaraz argitaratutako lana katalanera (Abecedari pipiridari), galiziera (Abecedario monicredario) eta gaztelaniara (Abecedario titiridario) itzuli dute. Sari honetan 2017ko argitalpenak saritzen dituzte.


Saritutako liburuaren laburpena: 
Letren “txotxongiloa” erakusten digu liburuak, eta, emanaldi bat izango balitz bezala, letra guztiak agertzen dira, banan-banan, bai letra larriarekin, bai letra xehe lotuarekin. Letra bakoitzari bi orrialde eskaintzen zaizkio, ezkerretara letraren aurkezpena dator, eskuinetara bi poema. Liburuak zuhaitzaren irudia baliatu du testuak aurkezteko eta uztartzeko; hain zuzen, abezedarioaren letrak zuhaitzaren adarretan zintzilik, “poesiaren haize leunak kulunkaturik”.
Ilustrazioak letra bakoitzaren aurkezpenarekin eta poesiarekin uztartuta daude. Batzuetan, aurpegia baino ez dute letrek; beste batzuetan letra osoa eraldatzen da.  Iturria: Galtzagorri Elkartea


2018-09-23

UDAZKENA HEMEN DUGU!

Maori Sakai-ren ilustrazioa
Iruditu ez arren, gaur hasten da udazkena. Ofizialki, igande honetan, irailak 23, 03:54an hasi da udazkena, Ipar hemisferioan. Urtaro hau 89 egunez eta 20 orduz luzatuko da, abenduaren 21ean neguan sartuko baikara. 
Eguzki orduak gutxitzen joango dira hemendik aurrera. Urtero gertatzen den bezala, eguzki-orduak eta gauak denbora bera irauten dutenean hasten da udazkena, baina urtearen arabera egun hori aldatu daiteke. 

 Ongi etorri eta irakurketa koloretsuak ekarri!

2018-09-20

FRANKENSTEIN, 200 URTE

Aurten "Frankenstein" klasikoa argitaratu zela bigarren mendeurrena ospatzen da.


Mary Shelley idazleak, 1816. urtean sortu zuen "Frankenstein", 18 urte baino ez zituela. Bi urte geroago, 1818an, argitaratu zuen eleberria "Frankenstein edo Prometeo Modernoa" izenburuarekin.
1816ko udan, Lord Byronek Percy Bysshe Shelley poeta eta bere emaztea, Mary, gonbidatu zituen Suitzako bere udako etxera. Egun ekaiztsuak izan ziren eta etxean zeudela, Byronek mamu inguruko kontakizun bana sortzea proposatu zien gonbidatuei. Erronka hartatik sortu zen Frankenstein-en istorioa.

Mary Shelley-ren "Frankenstein" protagonista izango da Hondarribiko Zuloaga Etxean urtea amaitu arte.

 
“Frankenstein edo Prometeo Modernoa” eleberriaren argitalpenaren 200. urteurrenaren harira, Udal Liburutegiak jarduera egitarau zabala antolatu du datorren hiruhilekorako: film emanaldiak, solasaldiak, haurrentzako tailerrak, erakusleihoak atontzeko egitasmoa, etab… Berria irakurri











2018-09-12

2018-2019 IKASTURTEA HASI DA!

Hementxe gara berriro ere! 

Irakurketa interesgarriz jositako ikasturte ederra izatea desio dugu.
ONGI ETORRI!!!

2018-06-27

"OLATUEK EKARRITAKO ISTORIOAK"

Liburuaren Egunaren inguruan sortutako lana duzue hemen. Ondorengo liburuxkan agertzen dena etxeetan egindako lan guztien lagin bat besterik ez da, gelako hiruzpalau testu besterik ez baitaude.

Parte hartze bikaina izan da, MILA ESKER GUZTIOI!!

Olatuek ekarritako istorioak

2018-06-22

DIPLOMA BANAKETA

Atzo, ekainak 21, mediatekan bildu genituen eskolako irakurlerik hoberenak. Gelaz gela atera ditugu izenak zerrenda osatzeko. Beraien artean "Irakurle-onenak" (maila osokoak) eta "Irakurle-onak" (gela bakoitzekoak) ipini ditugu.
Hauek izan dira sarituak:




ZORIONAK GUZTIEI ETA SEGI HORRELA!!
EZ GALDU IRAKURTZEKO OHITURA!

2018-06-08

IRAKURLEE IRAKURKETA GIDA. UDA 2018

Ikusi/Deskargatu

Aurten ere, Donostiako Udal Liburutegien sareak, bere ohiko irakurketa gida argitaratu du, udan ere irakurtzera animatuz.

Adin guztientzako gomendio literarioak topatuko dituzue.
120 izenburu bildu ditu, paperean irakurtzen dutenentzat, liburu elektronikoak irakurtzea nahiago dutenentzat. Euskaraz eta gaztelaniaz, eta adin taldeen arabera antolatuak daude.




Izenburuak Sareko Liburutegietan dituzue eskuragarri. Euskarri digitalean daudenak, e-liburutegian  http://www.eliburutegia.euskadi.eus, eskuratzeko aukera dago. 
 "Irakurketaren plazera ez da naturala; bai, ordea, amets egiteko eta imajinatzeko dugun premia. Hortaz, haurrak, gazteak eta baita helduak ere irakurtzera animatzen ditugunean, haienganatu egiten dira hitz idatzietan gordeta dauden sentimenduak, lilura eta grina... "                                                                                                     (Kepa Osoro)
                                  

2018-06-06

"GU ERE BERTSOTAN" JAIALDIA

"Gu ere bertsotan" jaialdia egingo dute bihar, ekainak 7, osteguna, Hondartza kiroldegian, Hondarribiko 4. eta 5. mailetako ikasleek. Egiluze, Ama Guadalupekoa eta Talaiako ikasleek, ikasturtean zehar landutakoa erakusteko aukera izango dute egingo dituzten saioetan. 

Ahozkotasuna eta bertsolaritza proiektuaren barruko jarduera da. Gure eskolan, Gipuzkoako Bertsozale elkarteko Ander Lizarraldek jardun du irakasleekin batera proiektua lantzen. 
Biharko emanaldirako ikasleek aukeratu dituzte gaiak eta taldeka bertsoak sortu dituzte. 

Emanaldia, bi saiotan banatuko da. Lehendabizi 4. mailakoak arituko dira, 17:15ean hasita. Ondoren, 5. mailakoen txanda izango da, 18:30etik aurrera. 

 Jai bikaina antolatu dute eta ezin huts egin!!



2018-05-23

ESKOLAKO JAIALDIA


Maiatzaren 26an, Bordarin, Talaia eskolako Guraso Elkarteak antolatua, eskolako Jaialdia ospatuko da. Kirolak, jolasak, mendaria eta Maider Zabalegiren kontzertua izango dira. 

Larunbaterako plan ederra, animatu zaitezte!!

2018-05-18

JON ARRETXE ESKOLAN

Jon Arretxe idazlea Bordariko mediatekan izan zen joan den asteazkenean, maiatzak 16, 6. mailako ikasleekin.
Aldez aurretik, arrakasta handia izan duen "Beti iparralderantz" (Erein) liburua gogotsu irakurri dugu. Elkarrizketa aberatsak sortu dira Afrika eta etorkinen gaiaren inguruan.

Solasaldiaren lehenengo partean, idazleak liburua idazteko oinarri hartu zuen bidaiaren argazkiak erakutsi zizkigun  eta pertsonaien nondik norakoak azaldu. Afrikako hainbat muga zeharkatu genituen, Drissa protagonistak egin bezala: Mali, Aljeria, basamortua, Maroko eta azkenik itsas artea pasatu eta Bermeora iritsi ginen.  

Azalpenaren ondoren, neska-mutilak egindako galdera guztiei jator erantzun zien, Jon Arretxek. Saioa bukatzeko, liburuak sinatu zituen. 

Erein argitaletxeko Edurneri esker antolatu ditugu saioak.
Mila-mila esker Jon, eskainitako hiru saio interesgarri eta aberats horiengatik. 


JON ARRETXE BORDARIKO MEDIATEKAN by Slidely Slideshow

2018-05-17

MUSEOEN EGUNAREN HARIRA


Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Donostiako Haur Liburuaren Dokumentazioguneak, artearen inguruan Haur eta Gazteei zuzendutako bibliografia hautatua eta beste baliabide batzuk bildu ditu.
Haur Liburutegian albuma protagonista denez, liburu ilustratua eta artea aukeratu dute artistengandik hurbil sentitzeko.

Informazio gehiago

2018-05-16

MAITE FRANKO BITERIN

Joan den asteazkenean, maiatzak 9, Maite Frankoren bisita izan zuten 2. mailako ikasleek Biterin. "Ixone Ixilik" liburuaren inguruko istorioak entzun eta bestelako kontakizunak bizi izan zituzten. 
Ederki asko pasa zuten argazkietan ikus dezakezuen bezala. Mila esker Maite!!

 

2018-05-11

LITERATURIA 2018, "AINGURA"

Maiatzaren 24tik 27ra Literaturia jaialdia ospatuko da Zarautzen. "Aingura" izango da aurtengo gaia eta haria. "Berez da elementu metaforikoa, oso gai erabilia literaturan. Guk erabili dugu oso zentzu zabalean: zertara ainguratua, nondik askatu, zenbat kostatzen zaigun, nora jaoteko..." 
Haur eta helduentzako emanaldiak, liburu-aurkezpenak, azoka, tailerrak ... izango dira. Aurten, haurrentzako Literattipia literaturaren festan, Jesus Mari Olaizola "Txiliku" omenduko dute.
Irakurri albiste osoa

2018-05-07

"BURBUNAK ETA ETSAYAK" DOKUMENTALA ETA SOLASALDIA


Blagan Euskara Elkarteak antolatuta, datorren ostegunean, maiatzak 10, "Burmunak eta etsayak" dokumentala ikusteko aukera izango dugu Hondarribiko Kultur Etxeko Areto Nagusian, 19:00etan.
Dobera Euskara Elkarteak eta Aranzadik egindako lana da dokumental hau, eta Euskal Herrian belaunaldiz belaunaldi transmititu den jakinduria jasotzen du (mitoak, sendabelarrak, ohiturak, natura...), herritarrei elkarrizketak eginez. Proiekzioaren ondoren, Iñaki Sanz-Azkue eta Eñaut Agirre egileekin, solasaldia izango da. Elkarrizketa, Hondarribiko animalien eta landareen izenen inguruan bideratuko da.

Dokumentalaren trailerra:

2018-05-04

ALBUM BAT: UN CAMINO DE FLORES


Un camino de flores gure seme-alabekin partekatzeko liburu ederra 
da. Libros del Zorro Rojo editorialak argitaratutako liburua, nobela grafiko baten antzera egina dago, testu idatzirik gabea. JonArno Lawson poetak eta Sydney Smith ilustratzaileak ederki asko jakin dute erakusten gauza txikien indarra.
Aita-alaba hirian zehar doaz. Aitak ez dio ingurukoari asko erreparatzen, arin doa, baina neskatxak gauza txikitan, xehetasunetan arreta jartzen du eta basaloreak aurkitzen ditu. Bidean topatzen dituen ezezagunei loreak oparitzen joaten da, edertasun arrastoa utziz. Hasieran irudiak, gehien bat, txuri-beltzak dira, kolorea duten gauza bakarrak neskatxaren beroki gorriak eta bidean aurkitutako basaloreak dira. Orriak pasa ahala, koloreek orriak zipristinduko dituzte grisaren lekua hartuz. 
Gozatu bidean!

2018-05-01

LIBURUAREN EGUNA 2018: ITSASOA

Liburuaren Egunean Itsasoarekin lotura zuten testuak irakurri genituen Bordarin eta Satarkan, eta beste hainbat ekimen antolatu. Oraindik amaitu gabe dagoen bat aipatuko dugu: 1.zikloko ikasleek bikoteka mezuak idatzi zituzten eta botiletan sartu ondoren, Bordarin utzi zituzten 5. mailakoek erantzuteko. Ikasle hauek jakin-mizez jaso dituzte botilak eta dagoeneko erantzunak prestazen hasiak dira. Laister izango da buelta. Oraingoan nagusienak Biterira joango dira eta beste irakurketa goiz bat izango dugu.

Aurreko egunetan egindakoaren lagin bat ikus dezakezue ondorengo argazki erakusketan.

TALAIA BORDARI MEDIATEKA HONDARRIBIA's Slidely by Slidely Slideshow

2018-04-26

"BALLERINA" FILMA ITSAS ETXEAN


Gaur, apirilak 27, 3. eta 4. mailako ikasleek Ballerina filma ikusteko aukera izango dute Itsas Etxeko Auditoriumean "Euskara zine aretotara, Tinko" programaren barruan.

Eric Summerrek zuzendutako film frantziarra da Ballerina, Felicia protagonista duena. "Neskatila umezurtz bat da; ausarta eta amets bakarrarekin, dantzari bilakatzea. Ametsa egi bihurtzeko bidean Victorren, bere adiskidearen laguntza izango du. Gazte asmatzaileak eta biak abentura ziragarriak biziko dituzte Parisko hiriburu magikoan".

2018-04-24

UDAL LIBURUTEGIAN LIBURUAREN EGUNA

Liburuaren Egunaren harira, liburuak askatzen hasi ziren atzo Zuloaga Etxeko Lirurutegian,  bookcrossing ekimenari hasiera emateko.

Bookcrossing liburuak elkarrekin trukatzeko proiektua da eta gaur egun mundu osoko milaka irakurle biltzen ditu. Liburuak leku jakin batean edo kalean bertan "aske" uzten dira, norbaitek topatuko dituelakoan. Pertsona batek liburu bat aurkitzean, liburuaren kodea erregistratu egiten du Bookcrossing webgunean. Honela liburuaren ibilbidea jarrai daiteke. Bestalde behin liburu bat irakurrita, berriro libre uzten da irakurle gehiago izateko eta ...mundua ezagutzeko.
Euskara, gaztelania eta ingelesezko 40 lan askatuko dituzte Hondarribian, eta herriko leku desberdinetan utzi. Eta, liburu edo disko bat askatzen duten unean bertan, zein eta non askatu duten jakiteko aukera dago twitter bidez (jarraitu #BCHliburutegia2018).

Bokcrossing-az gain, ekimen dezente izango da liburutegian astean zehar. Eskoletako bisitak bertan irakurketak eginez, Kasino Zaharreko eta Nagusilaneko boluntarioen bisita... eta hileko azken astea izanik, ipuin-kontaketa saioa Lupe Lekuonak egingo du, baina egunez aldatuko da saioa. Asteazkenean San Marko eguna denez, eguna aurreratu egin da eta gaur, asteartea, izango da kontaketa 18:00etan, 4-7 urteko haurrei zuzendua.


2018-04-23

LIBURUAREN EGUN ZORIONTSUA!

Liburuaren Nazioarteko Eguna mundu mailan ospatzen den eguna da. Helburua irakurketa, liburugintza eta jabetza intelektuala egile eskubideen bitartez bultzatzea da. 1995. urteetik UNESCOk sustatzen duen nazioarteko eguna da. 1996ko apirilaren 23an hainbat herrialdeetan hasi zen ospatzen. 

TALAIA ESKOLAKO BORDARI MEDIATEKATIK,

LIBURUAREN EGUN ZORIONTSUA

IZAN DEZAZUELA!  

 


2018-04-21

APIRILAK 23: LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Apirilaren 23an, astelehena,  Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Gurean aurten, Itsasoa gaiaren inguruko irakurketak egingo ditugu.


Olatuek ekarritako istorioak lemapean, ekintza desberdinak prestatu eta burutzen ari gara: 
Familian idatzitako kontakizunak eta ipuin laburrak jaso ditugu; ikasleek hortxe ibili dira Liburu Egunerako afixak prestatzen; 1. ziklokoek botiletan mezuak idatzi dituzte (zeinek erantzungo die?); pasiloak apaindu dira...

Beraz, gurean, Liburuaren Eguna duela aste batzuk hasi zen, ez da egun bakarrera mugatzen.


Astelehenean, guraso eta irakasleok irakurketak egingo ditugu. Dena prest dugu!

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...