2018-11-15

LITERAKTUM 2018


Literaktum edizio berri bat abian da Donostian. Azaroaren 13tik 24ra egitarau zabala izango du
jaialdiak, literatur zaleei eta hain zale ez direnei ere eskainia. Literaturaren izen ezagunak beraien lanak aurkeztera etorriko dira, eta egungo gaiei buruzko solasaldietan gonbidatu esanguratsuak egongo dira.
Literaktum jaialdiaren gai nagusiak, berriz, ondorengoak izango dira: nobela eta historiaren arteko harremana, utopiaren indarra –eta haren itzal distopikoak– eta liburu ilustratua. Horri erantsi behar zaizkio literaturaren eta beste diziplina batzuen arteko uztarketak ere: gastronomiarekin, musikarekin, zinemarekin, pentsamenduarekin, kazetaritzarekin edo komikiarekin.

Solasaldien artean, Literaturaren bide berriak II: Gazteak eta irakurketa aurkitu dugu. Nola zaletu gazteak irakurtzera? Ez da gai berria, baina gaurkotasuna gordetzen du oraindik ere, eta irakasle, liburuzain zein guraso askoren erronka da. Galderaren inguruan Uxue Alberdi idazlearekin batera hausnarketa egingo dute hiru solaskidek: Imanol Epelde irakasle eta blogaria, Maialen Berasategi kazetaria eta Larraitz Idarreta liburuzaina. 
Ekitaldia euskaraz izango da, Donostiako San Jeronimo ekitaldi arteoan, azaroaren 20an, 19:30ean. 
Literaktum jaialdiko jarduera guztiak irekiak dira, jarlekuak bete arte.

Programa osoa xehetasun gehiagorekin, Literaktum jaialdiaren webgunean ikus daiteke.

2018-11-07

SOLASALDIA KULTUR ETXEAN

Hondarribiko Liburutegiak antolatutako Mary Shelley-ren Frankenstein 200 urte zatiak josten egitasmoaren barruan ostegun honetan, azaroak 8, zikloaren azken solasaldia izango da:
“Frankenstein ikonoa arte plastikoetan eta zineman”.

Solaskideak, Koldo Almandoz eta Begoña Vicario zinemagileak izango dira. 
Ekitaldia, 19:00etan Kultur Etxeko 103 aretoan.

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...