2019-12-20

EGUBERRIETARAKO LIBURU GOMENDIOA

Gabonetako oporrak gainean ditugula, ez ahaztu, mediatekako irakurle maiteok, liburu-titulu batzuk jartzea Olentzerori bidaliko diozuen gutunean.
Eskola Liburutegietako taldeak egindako gida txikian dauden gomendioak lagungarri izan daitezke aukeratzeko garaian. Ikusteko sakatu argazkiaren gainean.

https://drive.google.com/file/d/1eXus-yYpEaVtkWPGiiH0lb_6soM0hX3h/view?usp=sharing

 EGUBERRI ON!!

2019-12-17

IPUINAK KONTATZEAREN GARRANTZIA

Chris Sheban-en ilustrazioa
Joan den larunbatean, abenduak 14, Berria egunkarian argitaratutako artikulu interesgarri bat ekarri dugu hona. 
Haurrei ipuinak kontatzearen garrantziaz hitz egiten digute bertan, haur literaturan eskarmentu handia duten, Pello Añorga eta Maite Franko, idazle eta ipuin kontalariak, eta Juan Carlos Alonso psikologoak. 
Ipuina bera baino gehiago, ipuina kontatzeko espazioaren eta momentuaren garrantzia nabarmendu dute hiru adituek.
Haurrei ipuinak kontatzeak balio du ondo pasatzeko, helduen eta haurren arteko harremanak estutzeko, haurrak bere barne mundua garatzeko, irudimena askatzeko, ahozkotasuna lantzeko, eguneroko zurrunbiloan eten bat egiteko... Ekintza sinplea da, baina zaindu beharrekoa. 
Jakes Goikoetxearen Ipuinezko zilbor heste bat erreportajea irakurtzen hemen jarraitu dezakezu.

2019-12-12

EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA


Egitaraua ikusteko sakatu irudiaren gainean
Gaurtik igandera arte ospatuko da "XXIV. Euskal Liburu eta Disko Azoka", Hondarribiko Arrantzale auzoan. Durango azokan aurkeztutako berritasunak eta bildutako eskaintza nagusiak ezagutzera emango ditu euskal kulturara dedikatutako guneak.
Gaur, hilak 12, 12:00etan, Udaletxeko batzar-aretoan, prentsaurrekoa egingo da azoka aurkezteko, eta  Josu Zabaleta idazleak «Hondarribi» saria jasoko du.

Asteburuan, Jon Arretxe idazleak bere lanak sinatzen egongo da azokan.
Azokaren ordutegia:
– Goizez: 11:00etatik 13:30era
– Arratsaldez: 17:00etatik 20:00etara
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...