2018-02-28
2018-02-27
IPUIN KONTARI UDAL LIBURUTEGIAN
Aste honetan bi Ipuin Kontari saio izango dira Udal Liburutegian:

Otsailaren 28an, asteazkena, 18:00etan, Lupe Lekuona arituko da 4-7 urte bitartekoentzat kontu-kontari.

Bigarren saioa, ingelesezko ipuin kontaketa izango da. Larunbatean, martxoak 3, 11.00etan, Elena Mosquera kontalariak, 0-6 urte bitarteko haurrentzat Moana ipuina kontatuko du. Lehen aldia izango
da Hondarribiko Udal Liburutegian ingelesezko ipuin kontaketa
bat egiten dena.
2018-02-26
KOMIKI BAT: WALUK
Gutxi dira euskaraz argitaratutako komikiak eta gutxiago haurrrentzat eginikoak; horregatik, pozik jaso dugu Astiberri komiki-etxe bilbotarrak kaleratutako Waluk komikia.
Waluk, hartz zuri txiki bat, amak bakarrik utzi ondoren, hartz zahar erretxin batekin elkartuko da bizitzan aurrera egin ahal izateko. Eskimok, hartz zaharrak, bizitzaren gorabeherei aurre egiten irakatsiko dio.
Sentimenduz betetako eta adin guztietarako komikia ondu zuten 2011n
Emilio Ruiz gidoilariak eta Ana Miralles marazkigileak eta orain
euskaraz dugu.
Waluk-i buruz, Argia astekarian, Hartz-kumearen abenturak irakurri dezakezue gehiago jakiteko.
Bukatzeko, euskal komikigintzari buruz aipamen bat:
Olatua hartu du komikigintzak zioen, otsailaren 25ean, Berrian, Miren Garatek idatzitako artikuluaren titularrak. Bertan, Mikel Begoña komikilariak, aipatzen du: "... Hor bazegoen mito bat: komikia umeentzako gauza bat zela, baina gainditu zen hori, eta orain umeentzat baino komiki gehiago ateratzen dira helduentzat" . Ea txanpa on bat hartzen duen euskal komikigintzak eta umeentzako argitalpenak ugaritzen diren!
2018-02-22
ASTEBURURAKO BI IKUSKIZUN
Asteburu honetan familian gozatzeko bi ikuskizun dituzue hementxe:
Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, Famili zinema programaren barruan, "Oihaneko kuadrila" pelikula proiektatuko dute larunbatean.
Familia osoarentzako egokia den film honek oihanaren bihotzean bidegabekeriaren aurka borroka egiten duten animalien talde baten historia kontatzen du. Maurice tigre boteretsua dela uste duen pinguinoa da. Alboan izango ditu Junior semea, tigre-arraina, Miguel, gorila indartsu eta maitagarria, eta Batricia, iluntasunari beldur dion saguzarra.
LEKUA: Itsas Etxea Audioturiuma
ORDUA: 18:00
IRAUPENA: 97´
SARRERA: 3€
Eta Irunen, Amaia Kultur Zentroan, "Printze txikia" txotxongilo klasikoaren emanaldia izango da, Txotxongilo taldearen eskutik.
Oso urrutitik, asteroide zk. 612-tik hain zuzen ere, gizon txiki bat, Printze Txiki bat etorri zaigu hau uler arazteko: begiek,batzutan engainatzen gaituzte, bainabihotzak ez du inoiz gezurrik esaten. Honek goxo-goxo hauxe dio: gauzak, pertsonak, arrosak, politak dira, maite baditugu batez ere.
Ipuin eder honek, musika berezia eta ederra eskatzen du. Horregatik Anne Landak bere eskusoinuarekin, egile hauen musika eskeiniko digu: Mendelssohn, Uruñuela, Zolotariev, Mozart, eta Bach. Opari bat musikazale eta antzerkizale guztientzat.
LEKUA: Amaia Kultur Zentroa
ORDUA: 17:00
IRAUPENA: 50´
SARRERA: 4,30€
2018-02-20
TALDEAN IPUINAK IRAKURTZEN
Mediatekan egiten diren jardueren artean, taldean irakurtzea da horietako bat. 3. mailako ikasleek, irakasleok aukeratutako ipuin klasiko bat etxean prestatu eta besteen aurrean irakurtzen dute. Testua, 4-5 ikasleen artean lantzen dute.
Urtarrilean hasi ziren ekintza honekin eta gogotsu ari dira.
Orain arte irakurritako ipuinak hauek izan dira:
"Elurretako erregina", "Hiru hiruleak", "Sinbad marinela", "Urrezko arrautzak erruten zituen oiloa" eta "Erpurutxo".
Saioen bukaeran esker ona emateko eta hobetzen laguntzeko proposamenak egiteko aukera izaten dute.
2018-02-19
ARANTXA URRETABIZKAIAREKIN SOLASALDIA
Blagan Hondarribiko Euskara Elkarteak antolatuta, otsailaren 21ean, asteazkena, Kultur Etxean (Denda kalea), Arantxa Urretabizkaiarekin Bidean ikasia (Pamiela, 2016) liburuaren inguruan solasaldia izango da.
Idazleak Euskarazko saiakeraren Euskadi literatura saria 2017 jaso zuen liburu honengatik.
2018-02-08
INAUTERIAK
Iñauteriak hemen ditugu! Mozorroak prest?
![]() |
| Simona Ceccarelliren irudia |
Hondarribian, beste herri askotan bezala, gaur hasi eta astearte bitarte inauteriak ospatuko dira.
Eskolan bihar, otsailak 9, ostiral mehe, jolas, dantza eta parodia ugari izango ditugu. Herrian aldiz, ekitaldi nagusienak asteburuan burutuko dira.
Euskal inauteriak urtarrilarekin batera hasi ziren hainbat herritan. Data nagusiak, berriz, otsailaren hasieran dira. Inguruko herrietako ospakizunak eta ohiturak ezagutzeko interesa baduzue, inauterietako "oinarrizko egutegia" Dantzan atarian aurkitu dezakezue. Inauteriei buruzko gainontzeko informazioa, argazkiak eta bideoak ikusteko jo dantzazaleen atarira.
Ondo pasa inauteriak!!
2018-02-05
EUSKADIKO IRAKURKETA PLANA
Iturria: Irekia
Hezkuntza sailak Euskadiko Irakurketa Plana aurkeztu berria du. Cristina Uriartek aurkeztu zuen joan den asteazkenean, urtarrilaren 31n.
Ekimen honen helburua da gure ikasleen irakurmena hobetzea eta haien artean irakurzaletasuna bultzatzea.
Irakurketa Planaren barruan webgune bat garatu dute. Irakurgunea deritzo eta eduki
guztiak jasotzeaz gain, ikastetxeek burutzen dituzten jardueren
ekarpenekin osatu eta aberastu daiteke. Familiei zuzenduriko gune bat
gehitzea ere aurreikusten da, irakurketarekin zerikusia duten
gomendioak, ekimenak edo iradokizunak jasotzeko.
Suscribirse a:
Entradas (Atom)










