2019-04-02

HAUR LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2019


1967. urtetik, apirilaren 2an, Hans Christian Andersen danimarkar idazlearen jaiotegunean hain zuzen ere, IBBYk Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen du, haur eta gazteentzako kalitatezko liburuak bultzatzeko, eta gazteenen artean irakurtzeko zaletasuna sustatzeko.

Urtero IBBYren atal nazional batek du Haur Liburuaren Egunaren nazioarteko babeslea izateko aukera. Honek bere herrialdeko idazle bat eta ilustratzaile ezagun bat hautatzen ditu mundu osoko haurrei bidaltzen zaien mezua eta kartela egin dezaten.

Aurten Lituaniari egokitu zaio. Idazle eta margolaria den Kęstutis Kasparavičius-ek ipini dio aurtengo kanpainari mezua, horma-irudia eta leloa: LIBURUAK, LASAIAGO BIZITZEKO.

Idazlearen hitzak irakurtzera denbora ematera animatzen gaituzte:
"Liburuek presaka ez ibiltzen laguntzen digute, gauzei erreparatzen irakasten digute, eta aldi batez esertzera gonbidatzen, edo behartzen, gaituzte. Normalean eserita irakurtzen dugu, liburua mahai gainean edo eskuetan dugula, ezta?
Eta esperimentatu al duzu beste mirari bat, hots, zuk liburu bat irakurtzen duzunean, liburuak zu irakurtzen zaituela?"  
Mezua guztiontzat desio batekin amaitzen da: "Egon daitezela liburu interesgarriak irakurzaleentzat eta irakurle interesgarriak liburuentzat!"

Testua Iñaki Mendigurenek euskaratu du. Mezu osoa hemen irakurri dezakezu.



Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...