Adunako Juan Kruz Igerabide idazleari Abezedario titirijario (Letren txotxongiloa) lanagatik eman diote Espainiako Haur eta Literatura Saria. Epaimahiak Igerabidek liburuan erabilitako hizkuntza poetikoa nabarmendu du, euskal ahozko tradizioaz gain, umore absurdoa bikain erabiltzen duela aipatuz.
Euskaraz argitaratutako lana katalanera (Abecedari pipiridari), galiziera (Abecedario monicredario) eta gaztelaniara (Abecedario titiridario) itzuli dute. Sari honetan 2017ko argitalpenak saritzen dituzte.
Saritutako liburuaren laburpena:
Letren “txotxongiloa” erakusten digu liburuak, eta, emanaldi bat
izango balitz bezala, letra guztiak agertzen dira, banan-banan, bai
letra larriarekin, bai letra xehe lotuarekin. Letra bakoitzari bi
orrialde eskaintzen zaizkio, ezkerretara letraren aurkezpena dator,
eskuinetara bi poema. Liburuak zuhaitzaren irudia baliatu du testuak
aurkezteko eta uztartzeko; hain zuzen, abezedarioaren letrak zuhaitzaren
adarretan zintzilik, “poesiaren haize leunak kulunkaturik”.
Ilustrazioak letra bakoitzaren aurkezpenarekin eta poesiarekin
uztartuta daude. Batzuetan, aurpegia baino ez dute letrek; beste
batzuetan letra osoa eraldatzen da. Iturria: Galtzagorri Elkartea





