Igandean, martxoaren 21ean, Poesiaren Eguna izan zen. Horren harira, haurrekin irakurtzeko eta irudiekin gozatzeko, bi poema liburu eder aukeratu ditugu: Xomorropoemak eta Piztipoemak (PAMIELA).
Poemak Leire Bilbaok idatzi ditu eta irudiak Maite Mutuberriarenak dira.
Xomorropoemak eta beste piztia batzuk, txikitxoentzat edo poesian hasiberrientzat pentsatua dago eta Piztipoemak eta beste xomorro batzuk, irakurle pixka bat helduagoei zuzendua dago, Xomorropoemei jarraipena emateko.
Poemak xomorroak bezala, ustekabean agertzen dira. Eta ziztatu egiten dute. Eta kosk. Eta azalean koskor txikiak utzi, egunetan joaten ez direnak.
