2020-03-31

MAITE FRANKO ETA BINOMIO FANTASTIKOA

Maite Franko ipuin kontalariak etxean familia arteko giroan ipuinak sortzeko ariketa bat erakusten digu ondorengo bideoan: Gianni Rodariren BINOMIO FANTASTIKOA. Baina hori ez da egiten digun proposamen bakarra, grabazioaren bukaeran erronka bat luzatzen digu, jakin nahi zer den? Ikusi bideo polit hau eta parte hartu!!
ESKERRIK ASKO MAITE!!

2020-03-30

IPUIN BAT: KEZKAMUXELAK


IDAZLEA: Anthony Browne
ITZULTZAILEA: Koldo Eizagirre
ARGITALETXEA: Pamiela etxea-Kalandraka
ISBN: 978-84-9172-018-8



Ibai beti dago kezkatan. Kapeluek eta zapatek kezkatzen dute. Hala berean kezkatzen dute hodeiek, euriak eta txori erraldoiek.
Bere amona ere, neskatoa zelarik, kezka batean bizi zen, horregatik daki nola lagundu behar dion bilobari.







Beste kultura baten ateak zabaltzen dizkigun sinboloa dira Kezkamuxelak izeneko mamuxela edo panpina bereziak. Aspaldi du Guatemalako haurrek panpinok egiten dituztela txotxez, zatartxoz eta hariz; lotarakoan beren kezkak kontatzen dizkiete eta burukoaren azpian uzten dituzte, biharamunean kezkarik gabe jaiki ahal izateko.
Etxeko apalategian baduzu? Hala ez bada, eta Mediateka ireki bitartean, azpiko bideoan ikusi eta entzun dezakezu ipuina. 

Kezkamuxelak Anthony Browne
 

Gustatu al zaizu? Eta zure panpintxo propioak sortuko bazenitu? Zotzak, pintza txikiak, paperak, pipa garbitzaileak, kolore desberdinetako oihalak eta koloretako hariak (edo eskura dituzun beste materialak) erabili ditzakezu zure pena-kentzaileak egiteko eta egin ondoren, badakizu, kezkak hari kontatu, eta lotara joatean, burkoaren azpian jarri. ONDO LOIN!!

2020-03-27

ESPERIMENTUAK ETXEAN

Elhuyarrek etxeko txiki eta gazteenekin etxean esperimentuak egiteko gonbidapena ekarri dugu gure blog-era.
#NikEtxeanEsperimentuak egutegia sortu du COVID-19aren hedapenaren eraginez etxean isolamendu egunak arintzeko, eta, bide batez, zientziaren inguruko kontzeptu desberdinak modu dibertigarrian familiartean ikasteko. 

SAKATU HEMEN ESPERIMENTUEN EGUTEGIRA JOATEKO
Egutegi dinamikoa etxeko txiki eta gazteei zuzenduta dago. Bertan, nahi den esperimentua klikatu eta dokumentu bat irekitzen da, argibide guztiekin. 

Proposatzen diren esperimentuak etxean izan ditzakegun material eta tresnekin egingarriak dira; apirileko egun bakoitzerako bi esperimentu proposatzen dira: bata (H) haurrei zuzenduta dago, eta bigarrenak, berriz, gazteei (G) egiten die proposamena. Esperimentu bakoitzari dagokio estekan sakatuz, esperimentua egiteko argibide guztiak dituen dokumentua zabaltzen da. 

Esperimentuen emaitzak edo iradukizunak konpartitu nahi duenak #NikEtxeanEsperimentuak traola erabili dezake sare sozialetan zabaltzeko.

Beraz, badugu zer esperimentatu eta partekatu etxeko txiki eta gazteekin. Animatu!!


2020-03-25

MANTANGORRI GEHIGARRIA

Gaurtik aurrera, larunbatetan eta asteazkenetan argitaratuko da Mantangorri, BERRIAK haurrentzat eginiko gehigarria, alarma egoera dela eta.

Sarean eskura duzue asteazkenetako lehen Mantangorri gehigarri berezia.

https://www.berria.eus/pdf_artxiboa/2020/2020-03-25_MANTANGORRI_094053c1083cc4f7.pdf

ETXEGIROAN: IPUINAK ENTZUTEKO TXOKOA

Ipuin bat entzun nahi? Sakatu beheko irudian eta ipuin mordoa topatuko duzue bertan!

Ipuin laburrak, mikroipuinak, poemak, liburu osoak edo horien pasarteak topa daitezke www.etxegiroan.com atarian. Helduentzat, gazteentzat eta umeentzat prestaturiko lan horiek euskaraz zein gaztelaniaz entzun daitezke.


2020-03-24

Poesiaren Egunaren harian: XOMORROPOEMAK ETA PIZTIPOEMAK

Igandean, martxoaren 21ean, Poesiaren Eguna izan zen. Horren harira, haurrekin irakurtzeko eta irudiekin gozatzeko, bi poema liburu eder aukeratu ditugu: Xomorropoemak eta Piztipoemak (PAMIELA).

Poemak Leire Bilbaok idatzi ditu eta irudiak Maite Mutuberriarenak dira. 

Xomorropoemak eta beste piztia batzuk, txikitxoentzat edo poesian hasiberrientzat pentsatua dago eta Piztipoemak eta beste xomorro batzuk, irakurle pixka bat helduagoei zuzendua dago, Xomorropoemei jarraipena emateko.


Poemak xomorroak bezala, ustekabean agertzen dira. Eta ziztatu egiten dute. Eta kosk. Eta azalean koskor txikiak utzi, egunetan joaten ez direnak.


Xomorropoemak eta Piztipoemak from Maite Mutuberria on Vimeo.
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...