Mostrando entradas con la etiqueta Literatura. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Literatura. Mostrar todas las entradas

2019-01-25

IPUINA.EUS ATARI DIGITALA

Ipuina.eus webgune berria aurkeztu dute.
Koldo Izagirreren ekimenez sortu da proiektua; hark egin du ipuinen bilketa eta gaurkotze lana. Susa argitaletxearen bultzadarekin jarri dute martxan webgunea.
Hogeitabat ipuinekin abiatu da Ipuina.eus, baina ezarian-ezarian elikatzen joatea da asmoa; bizpahiru ale gehituz hilero. Hiru atal nagusi ditu: ipuinak, autoreak eta kronologia. Baina ipuinak biltzea eta nolabait testuinguru batean kokatzea du xede. Idazleak argitu du proiektuaren helburua ez dela  antologia bat osatzea ezta sailkapen bat egitea ere.


Izagirrek webguneko sarreran azaltzen du zer den ipuina.eus eta zertarako sortu den. Testu horretatik ateratako bi aipamen hemen:  "...Tradizioa beti laguntzeko prest daukan fantasia librea da ipuina, nolabait, ipuin literarioa. Laburra izanik, malgutasun handia du haurren, ume kozkorren, nerabeen, gazteen eta helduen artean mugitzeko. Adinen artekotasun horrek hainbat gai, hainbat estilo eta hainbat ikuspuntu lantzeko aukera eman ohi dio ipuinari..."

"...Narrazio laburra gure literaturaren zati garrantzitsua da, baina ez mereziko lukeen bezain hedatua irakurleen artean. Ihes egiten die definizio akademikoei, hibrido bat dugu, batetik bestera dabil sartu-irten fabulan, kronikan, artikuluan, gutunean edo oroitzapenean."

Iturria: Berria.eus

2018-11-15

LITERAKTUM 2018


Literaktum edizio berri bat abian da Donostian. Azaroaren 13tik 24ra egitarau zabala izango du
jaialdiak, literatur zaleei eta hain zale ez direnei ere eskainia. Literaturaren izen ezagunak beraien lanak aurkeztera etorriko dira, eta egungo gaiei buruzko solasaldietan gonbidatu esanguratsuak egongo dira.
Literaktum jaialdiaren gai nagusiak, berriz, ondorengoak izango dira: nobela eta historiaren arteko harremana, utopiaren indarra –eta haren itzal distopikoak– eta liburu ilustratua. Horri erantsi behar zaizkio literaturaren eta beste diziplina batzuen arteko uztarketak ere: gastronomiarekin, musikarekin, zinemarekin, pentsamenduarekin, kazetaritzarekin edo komikiarekin.

Solasaldien artean, Literaturaren bide berriak II: Gazteak eta irakurketa aurkitu dugu. Nola zaletu gazteak irakurtzera? Ez da gai berria, baina gaurkotasuna gordetzen du oraindik ere, eta irakasle, liburuzain zein guraso askoren erronka da. Galderaren inguruan Uxue Alberdi idazlearekin batera hausnarketa egingo dute hiru solaskidek: Imanol Epelde irakasle eta blogaria, Maialen Berasategi kazetaria eta Larraitz Idarreta liburuzaina. 
Ekitaldia euskaraz izango da, Donostiako San Jeronimo ekitaldi arteoan, azaroaren 20an, 19:30ean. 
Literaktum jaialdiko jarduera guztiak irekiak dira, jarlekuak bete arte.

Programa osoa xehetasun gehiagorekin, Literaktum jaialdiaren webgunean ikus daiteke.

2018-09-20

FRANKENSTEIN, 200 URTE

Aurten "Frankenstein" klasikoa argitaratu zela bigarren mendeurrena ospatzen da.


Mary Shelley idazleak, 1816. urtean sortu zuen "Frankenstein", 18 urte baino ez zituela. Bi urte geroago, 1818an, argitaratu zuen eleberria "Frankenstein edo Prometeo Modernoa" izenburuarekin.
1816ko udan, Lord Byronek Percy Bysshe Shelley poeta eta bere emaztea, Mary, gonbidatu zituen Suitzako bere udako etxera. Egun ekaiztsuak izan ziren eta etxean zeudela, Byronek mamu inguruko kontakizun bana sortzea proposatu zien gonbidatuei. Erronka hartatik sortu zen Frankenstein-en istorioa.

Mary Shelley-ren "Frankenstein" protagonista izango da Hondarribiko Zuloaga Etxean urtea amaitu arte.

 
“Frankenstein edo Prometeo Modernoa” eleberriaren argitalpenaren 200. urteurrenaren harira, Udal Liburutegiak jarduera egitarau zabala antolatu du datorren hiruhilekorako: film emanaldiak, solasaldiak, haurrentzako tailerrak, erakusleihoak atontzeko egitasmoa, etab… Berria irakurri











2018-05-11

LITERATURIA 2018, "AINGURA"

Maiatzaren 24tik 27ra Literaturia jaialdia ospatuko da Zarautzen. "Aingura" izango da aurtengo gaia eta haria. "Berez da elementu metaforikoa, oso gai erabilia literaturan. Guk erabili dugu oso zentzu zabalean: zertara ainguratua, nondik askatu, zenbat kostatzen zaigun, nora jaoteko..." 
Haur eta helduentzako emanaldiak, liburu-aurkezpenak, azoka, tailerrak ... izango dira. Aurten, haurrentzako Literattipia literaturaren festan, Jesus Mari Olaizola "Txiliku" omenduko dute.
Irakurri albiste osoa

2018-01-15

JOXAN ARTZE GOGOAN



Ostiralean zendu zen Joxanton Artze sortzaile handia. Bere hitzak bide desberdinetatik ezagutu ditugu: ikusiz, entzunez, irakurriz... eta gure barnean geratu, askotan bereak direla jakin gabe ere.  
Kantua kantu denean
kantaria ez da ikusten,
kantuak du ezkutatzen...
Usurbilen jaio zen 1939. urtean eta bertan bizi zen. Euskal literaturan ezinbesteko tokia du, forman berriztapen handia ekarri baitzuten haren poemek, liburua artelan bihurtuta.
Kantagintzari auspoa eman zion besteak beste Ez dok Amairu-ren bidez. Baga, Biga, Higa ikuskizunaren suspertzailea izan zen. Antzerkia, dantza, poemen errezitaldia eta kantua bateratzen zituen ikuskariak. Poesia oholtza gainera eramaten jarraitu zuen ondoren prestatutako beste ikuskizun batzuekin.
Ez dok amairu taldea desegin zenean, bere anaia Jesus, Jose Mari Zabala eta Mikel Laboarekin batera, musika, dantza eta poesia batzen zituen Ikimilikiliklik (1974) egitasmoa abiarazi zuen. Luis de Pablorekin, berriz,  Zurezko Olerki kontzertua prestatu zuen. 

Anaia Jesus Marirekin batera, txalaparta hauts artetik atereaz instrumentu garaikide bihurtu zuen. Txalaparta-diskoak eta bere poemak ere grabatu zituen Zurezko olerkia.
  
Poesia lanetan abangoardista izan da. Hamar liburu kaleratu zituen Artzek: Isturitzetik Tolosan barru,  Zumetarekin lankidetzan argitaratutako ...laino guzien azpitik... eta ...sasi guztien gainetik..., ...bide bazterrean hi eta ni kantari..., Ortzia lorez, besteak beste.

 Susa argitaletxeak haren antologia bat prestatu zuen XX.mendeko poesia kaierak bilduman.  

 "Poesia ez da hitzetan bakarrik bukatzen. Ezer ez da bere baitan bukatzen. Dena dago bata bestearekin harreman estuan, bai harri koxkor bat eguzkiarekin, eta eguzkia azken belar izpiarekin, edo errekako ur tantarekin. Denak dik bata bestearen bilatzen hori!"
Lotura honetan duzue Hasier Etxeberriak Sautrela programarako, 2007ko ekainean, Artzeri egin zion elkarrizketa interesgarria.

"Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako,
   dakitenek hitzegiten ez dutelako baizik"  

Joxan Artze


2017-11-09

LITERAKTUM 2017



Letrekin ezinbesteko hitzordua datorkigu azaroaren 14tik 25era Donostian ospatuko den Literaktum Jaialdian.
Literaturaren inguruko menu zabala eta askotariko aukerak izango dira aurtengo edizioan: ospe handiko izenak eta perla ezezagunagoak; gaur egungo gaiei buruzko eztabaidak, bai eta filosofikoak ere. Edonork bere liburua, egilea edo jarduera topatu ahal izateko bideak proposatzen ditu Literaktumek.

Informazio guztia LITERAKTUMEN orrian topatuko duzue.



2017-10-27

UHARTEAREN ALTXORRA DONOSTIAKO SAN TELMO MUSEOAN


Uhartearen altxorra izeneko erakusketa dago ikusgai Donostiako San Telmo museoan. 
Haurrentzako eta Gazteentzako euskarazko literaturatik sortutako pertsonai, ilustrazio, gai eta garaiek osatzen dute erakusketa. 
Koldo Izagirre da erakusketa honetako edukien arduraduna eta berak egin du erakusketa osatzen duten 100 liburuen hautaketa. Bilduma ez da soilik umeentzat, publiko guztientzat pentsatua dago. Garai desberdinetako Haur eta Gazte Literatura islatzen du erakusketak eta gaika antolatua dago.

Koldo Izagirreren hitzok agerian uzten dituzte Uhartearen altxorraren ardatzak: “Testuaren artearen eta ilustratzailearen artearen batuketa uste baino maizago gertatzen da, eta hori ezagutzen ez dugun altxorra delako sortu dugu hau». Hala, literatura bera, eta hura irudikatzen duten ilustrazioak dira gai nagusia.

  • San Telmo museoan SIM
  • 2017ko urriaren 17tik 2018ko urtarrilaren 17ra
  • Asteartetik igandera, 10:00-20:00 
  • Doako sarrera
Erakusketaren xehetasunak, gidak... HEMEN

2017-10-03

HAUR ETA GAZTE LITERATURA IRAKUR GIDA

Mondragon Unibertsitateak argitaratutako irakurketa gida interesgarria ezagutarazi nahi dizuegu.
Lan talde baten lanaren emaitza da. 2016. urtean euskaraz argitaratutako liburuak irakurri eta azteru ondoren osatutakoa. Hitzaurrean argi azaltzen da egindako lana eta helburua:


"Haur eta Gazte Literatura, 2016. Irakur Gida" talde baten lan jarraituaren eta liburu
askoren irakurketaren emaitza da. Guraso, irakasle eta bibliotekarientzat lagungarri izan
nahi du. Ezin du irakurketa zuzena ordezkatu, ezta irakurketak sortzen duen plazerra
bera ere, ez baita talde honek egiten duen irakurketaren adierazpena baino. Gure lan teknika
honetan datza: haur eta gazte literaturaz 2016. urtean euskaraz publikatu dena
irakurri, gure irakurketak kontrajarri eta hizkuntzaren erabilpena, kalitate literarioa, gaiari
ematen zaion tratamendua, etab. kontutan izanda baloratzen ditugu. Liburuen zerrenda
orokorraren ondoren sailkapen bat egiten da: liburu gomendagarriak eta oso
gomendagarriak. Azken horiei erreseina bat gehitzen zaio. Bestalde, agertzen den adina
orientagarria besterik ez da, bilakaera-erritmoak, haurren zaletasunak, etab.
sailkaezinak baitira. Gure ustetan, haurrek liburuen aukeraketa librea egitea oinarrizkoa
da, eta irakurketaren grina sortzeko, funtsezkoa. Guretzat lan hau aurrera eramatea oso
atsegina izan den bezala zuentzat ere horrela izatea espero dugu.
Eskuartean duzun gida hau orientagarri izan dakizula!
2017ko iraila
 

liburutegia-irakur-gida-2016 (1) by talaialh_liburutegia on Scribd

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...