2018-06-06

"GU ERE BERTSOTAN" JAIALDIA

"Gu ere bertsotan" jaialdia egingo dute bihar, ekainak 7, osteguna, Hondartza kiroldegian, Hondarribiko 4. eta 5. mailetako ikasleek. Egiluze, Ama Guadalupekoa eta Talaiako ikasleek, ikasturtean zehar landutakoa erakusteko aukera izango dute egingo dituzten saioetan. 

Ahozkotasuna eta bertsolaritza proiektuaren barruko jarduera da. Gure eskolan, Gipuzkoako Bertsozale elkarteko Ander Lizarraldek jardun du irakasleekin batera proiektua lantzen. 
Biharko emanaldirako ikasleek aukeratu dituzte gaiak eta taldeka bertsoak sortu dituzte. 

Emanaldia, bi saiotan banatuko da. Lehendabizi 4. mailakoak arituko dira, 17:15ean hasita. Ondoren, 5. mailakoen txanda izango da, 18:30etik aurrera. 

 Jai bikaina antolatu dute eta ezin huts egin!!



2018-05-23

ESKOLAKO JAIALDIA


Maiatzaren 26an, Bordarin, Talaia eskolako Guraso Elkarteak antolatua, eskolako Jaialdia ospatuko da. Kirolak, jolasak, mendaria eta Maider Zabalegiren kontzertua izango dira. 

Larunbaterako plan ederra, animatu zaitezte!!

2018-05-18

JON ARRETXE ESKOLAN

Jon Arretxe idazlea Bordariko mediatekan izan zen joan den asteazkenean, maiatzak 16, 6. mailako ikasleekin.
Aldez aurretik, arrakasta handia izan duen "Beti iparralderantz" (Erein) liburua gogotsu irakurri dugu. Elkarrizketa aberatsak sortu dira Afrika eta etorkinen gaiaren inguruan.

Solasaldiaren lehenengo partean, idazleak liburua idazteko oinarri hartu zuen bidaiaren argazkiak erakutsi zizkigun  eta pertsonaien nondik norakoak azaldu. Afrikako hainbat muga zeharkatu genituen, Drissa protagonistak egin bezala: Mali, Aljeria, basamortua, Maroko eta azkenik itsas artea pasatu eta Bermeora iritsi ginen.  

Azalpenaren ondoren, neska-mutilak egindako galdera guztiei jator erantzun zien, Jon Arretxek. Saioa bukatzeko, liburuak sinatu zituen. 

Erein argitaletxeko Edurneri esker antolatu ditugu saioak.
Mila-mila esker Jon, eskainitako hiru saio interesgarri eta aberats horiengatik. 


JON ARRETXE BORDARIKO MEDIATEKAN by Slidely Slideshow

2018-05-17

MUSEOEN EGUNAREN HARIRA


Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Donostiako Haur Liburuaren Dokumentazioguneak, artearen inguruan Haur eta Gazteei zuzendutako bibliografia hautatua eta beste baliabide batzuk bildu ditu.
Haur Liburutegian albuma protagonista denez, liburu ilustratua eta artea aukeratu dute artistengandik hurbil sentitzeko.

Informazio gehiago

2018-05-16

MAITE FRANKO BITERIN

Joan den asteazkenean, maiatzak 9, Maite Frankoren bisita izan zuten 2. mailako ikasleek Biterin. "Ixone Ixilik" liburuaren inguruko istorioak entzun eta bestelako kontakizunak bizi izan zituzten. 
Ederki asko pasa zuten argazkietan ikus dezakezuen bezala. Mila esker Maite!!

 

2018-05-11

LITERATURIA 2018, "AINGURA"

Maiatzaren 24tik 27ra Literaturia jaialdia ospatuko da Zarautzen. "Aingura" izango da aurtengo gaia eta haria. "Berez da elementu metaforikoa, oso gai erabilia literaturan. Guk erabili dugu oso zentzu zabalean: zertara ainguratua, nondik askatu, zenbat kostatzen zaigun, nora jaoteko..." 
Haur eta helduentzako emanaldiak, liburu-aurkezpenak, azoka, tailerrak ... izango dira. Aurten, haurrentzako Literattipia literaturaren festan, Jesus Mari Olaizola "Txiliku" omenduko dute.
Irakurri albiste osoa

2018-05-07

"BURBUNAK ETA ETSAYAK" DOKUMENTALA ETA SOLASALDIA


Blagan Euskara Elkarteak antolatuta, datorren ostegunean, maiatzak 10, "Burmunak eta etsayak" dokumentala ikusteko aukera izango dugu Hondarribiko Kultur Etxeko Areto Nagusian, 19:00etan.
Dobera Euskara Elkarteak eta Aranzadik egindako lana da dokumental hau, eta Euskal Herrian belaunaldiz belaunaldi transmititu den jakinduria jasotzen du (mitoak, sendabelarrak, ohiturak, natura...), herritarrei elkarrizketak eginez. Proiekzioaren ondoren, Iñaki Sanz-Azkue eta Eñaut Agirre egileekin, solasaldia izango da. Elkarrizketa, Hondarribiko animalien eta landareen izenen inguruan bideratuko da.

Dokumentalaren trailerra:

2018-05-04

ALBUM BAT: UN CAMINO DE FLORES


Un camino de flores gure seme-alabekin partekatzeko liburu ederra 
da. Libros del Zorro Rojo editorialak argitaratutako liburua, nobela grafiko baten antzera egina dago, testu idatzirik gabea. JonArno Lawson poetak eta Sydney Smith ilustratzaileak ederki asko jakin dute erakusten gauza txikien indarra.
Aita-alaba hirian zehar doaz. Aitak ez dio ingurukoari asko erreparatzen, arin doa, baina neskatxak gauza txikitan, xehetasunetan arreta jartzen du eta basaloreak aurkitzen ditu. Bidean topatzen dituen ezezagunei loreak oparitzen joaten da, edertasun arrastoa utziz. Hasieran irudiak, gehien bat, txuri-beltzak dira, kolorea duten gauza bakarrak neskatxaren beroki gorriak eta bidean aurkitutako basaloreak dira. Orriak pasa ahala, koloreek orriak zipristinduko dituzte grisaren lekua hartuz. 
Gozatu bidean!

2018-05-01

LIBURUAREN EGUNA 2018: ITSASOA

Liburuaren Egunean Itsasoarekin lotura zuten testuak irakurri genituen Bordarin eta Satarkan, eta beste hainbat ekimen antolatu. Oraindik amaitu gabe dagoen bat aipatuko dugu: 1.zikloko ikasleek bikoteka mezuak idatzi zituzten eta botiletan sartu ondoren, Bordarin utzi zituzten 5. mailakoek erantzuteko. Ikasle hauek jakin-mizez jaso dituzte botilak eta dagoeneko erantzunak prestazen hasiak dira. Laister izango da buelta. Oraingoan nagusienak Biterira joango dira eta beste irakurketa goiz bat izango dugu.

Aurreko egunetan egindakoaren lagin bat ikus dezakezue ondorengo argazki erakusketan.

TALAIA BORDARI MEDIATEKA HONDARRIBIA's Slidely by Slidely Slideshow

2018-04-26

"BALLERINA" FILMA ITSAS ETXEAN


Gaur, apirilak 27, 3. eta 4. mailako ikasleek Ballerina filma ikusteko aukera izango dute Itsas Etxeko Auditoriumean "Euskara zine aretotara, Tinko" programaren barruan.

Eric Summerrek zuzendutako film frantziarra da Ballerina, Felicia protagonista duena. "Neskatila umezurtz bat da; ausarta eta amets bakarrarekin, dantzari bilakatzea. Ametsa egi bihurtzeko bidean Victorren, bere adiskidearen laguntza izango du. Gazte asmatzaileak eta biak abentura ziragarriak biziko dituzte Parisko hiriburu magikoan".

2018-04-24

UDAL LIBURUTEGIAN LIBURUAREN EGUNA

Liburuaren Egunaren harira, liburuak askatzen hasi ziren atzo Zuloaga Etxeko Lirurutegian,  bookcrossing ekimenari hasiera emateko.

Bookcrossing liburuak elkarrekin trukatzeko proiektua da eta gaur egun mundu osoko milaka irakurle biltzen ditu. Liburuak leku jakin batean edo kalean bertan "aske" uzten dira, norbaitek topatuko dituelakoan. Pertsona batek liburu bat aurkitzean, liburuaren kodea erregistratu egiten du Bookcrossing webgunean. Honela liburuaren ibilbidea jarrai daiteke. Bestalde behin liburu bat irakurrita, berriro libre uzten da irakurle gehiago izateko eta ...mundua ezagutzeko.
Euskara, gaztelania eta ingelesezko 40 lan askatuko dituzte Hondarribian, eta herriko leku desberdinetan utzi. Eta, liburu edo disko bat askatzen duten unean bertan, zein eta non askatu duten jakiteko aukera dago twitter bidez (jarraitu #BCHliburutegia2018).

Bokcrossing-az gain, ekimen dezente izango da liburutegian astean zehar. Eskoletako bisitak bertan irakurketak eginez, Kasino Zaharreko eta Nagusilaneko boluntarioen bisita... eta hileko azken astea izanik, ipuin-kontaketa saioa Lupe Lekuonak egingo du, baina egunez aldatuko da saioa. Asteazkenean San Marko eguna denez, eguna aurreratu egin da eta gaur, asteartea, izango da kontaketa 18:00etan, 4-7 urteko haurrei zuzendua.


2018-04-23

LIBURUAREN EGUN ZORIONTSUA!

Liburuaren Nazioarteko Eguna mundu mailan ospatzen den eguna da. Helburua irakurketa, liburugintza eta jabetza intelektuala egile eskubideen bitartez bultzatzea da. 1995. urteetik UNESCOk sustatzen duen nazioarteko eguna da. 1996ko apirilaren 23an hainbat herrialdeetan hasi zen ospatzen. 

TALAIA ESKOLAKO BORDARI MEDIATEKATIK,

LIBURUAREN EGUN ZORIONTSUA

IZAN DEZAZUELA!  

 


2018-04-21

APIRILAK 23: LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Apirilaren 23an, astelehena,  Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Gurean aurten, Itsasoa gaiaren inguruko irakurketak egingo ditugu.


Olatuek ekarritako istorioak lemapean, ekintza desberdinak prestatu eta burutzen ari gara: 
Familian idatzitako kontakizunak eta ipuin laburrak jaso ditugu; ikasleek hortxe ibili dira Liburu Egunerako afixak prestatzen; 1. ziklokoek botiletan mezuak idatzi dituzte (zeinek erantzungo die?); pasiloak apaindu dira...

Beraz, gurean, Liburuaren Eguna duela aste batzuk hasi zen, ez da egun bakarrera mugatzen.


Astelehenean, guraso eta irakasleok irakurketak egingo ditugu. Dena prest dugu!

2018-03-20

IPUIN KONTARI: MAITE FRANKO

Bihar asteazkena, martxoak 21, Udal Liburutegian Ipuin Kontari saio berri bat izango da. Oraingoan, Maite Franko arituko da 4-7 urte bitarteko haurrentzat kontu-kontari.


2018-03-18

ANTTON KAZABON BORDARIN

Antton Kazabon idazlea eskolan izan da 4. mailako ikasleekin. Bere hiru liburu irakurri ondoren, idazlea hurbiletik ezagutzea eta entzutea, guztiontzat oso esperientzia aberasgarria izan da.
Hiru saio oparo egin ditu gurekin. Ikasleen hitzetan, "saio txistoso eta dibertigarriak izan dira"; galdera-erantzunak, txisteak, asmakizunak, bertsoak, aho-korapiloak... tartea izan dute solasaldi hauetan. Anttonen maleta oso betea zegoen!!              
                                   ESKOLARA ETORRI ZEN
                                   IDAZLE SUPER ON
                                   BERE IZENA HAU DA
                                   ANTTON KAZABON
                                                               4.E
Eskerrik asko Antton!

2018-03-09

UDAL LIBURUTEGIRA OTSAILEAN EGINDAKO BISITAK



Lehen Hezkuntzako ikasleek otsailean Udal Liburutegira bisitak egiten jarraitu zuten.


 
 
 

1., 2. eta 5. mailako ikasleek Zuloaga Etxeko berrikuntzak ezagutzeko aukera izan zuten bisitaldi horietan. Bertako arduradunek eraikineko gela guztiak (erabiltzaileentzat itxita egoten diren horiek ere!) eta funtzionamendua erakutsi zizkieten.

Urtarrila eta otsailean, 313 ikasle pasa dira Liburutegitik. Hemendik eskerrik beroenak luzatu nahi 
dizkiegu bisita atsegin eta interesgarri horiek egitea ahalbideratu duten guztiei.



Eskerrik asko Kote, Izaskun, Nekane eta talde osoari!!

2018-03-07

ZERGATIK EMAKUMEAREN EGUNA MARTXOAREN 8AN?


Bihar, martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Eguna izango da. Ondorengo bideoan egun horretan zergatik ospatzen den, labur bilduta, ikus dezakezue.

2018-03-01

EUSKARA ZINE ARETOTARA, TINKO. MARTXOKO PROGRAMAZIOA

Martxoan, Hondarribiko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek, Itsas Etxea Auditoriumean, "Euskara zine aretotara, Tinko" programaren barruan, ondoko pelikula hauek ikusteko aukera izango dute:
  • Martxoaren 1ean, Tarzan, 5. mailako ikasleentzat
  • Martxoaren 6an, Tarzan,  6. mailakoentzat
  • Martxoaren 14an, Koko 2 Dragoi txikia, Haur Hezkuntzako 4 eta 5 urteko ikasleentzat
Hondarribiko ikastetxeetako Lehen eta Haur Hezkuntzako ikasleentzat euskarazko zinea eskaintzea da helburua, Udalak ikasleentzat antolatzen diren jarduera pedagogikoen barne. 


PELIKULEN SINOPSIAK


Afrikako oihanera egindako espedizio batean, munduko arazo energetikoa konponduko duen mineral baten bila ari diren John Greystoke eta bere emaztea helikoptero istripu batean hiltzen dira. Beraien seme txiki J.J. (Tarzan) bakarrik ateratzen da bizirik. Gorila talde batek haurra aurkitzen du eta beraiena balitz bezala onartzen dute, oihaneko lege gogorrak irakatsiz. Ikasitakoa praktikan jarri beharko du Tarzanek, handitzean bere oihana gizaki maltzurrengandik defendatu beharko du eta. Safari animatu ikusgarria paisaia exotiko bizi-bizian, Tarzan akzioz beteriko bidaia ederra da bikainki irudikatutako mundu batean. Film honetan, Edgar Rice Burroughsen pertsonaiari bizia emateko, lehenengoz erabiltzen da motioncapture teknika Natura eta animaliak babestearen garrantzia transmititzen du filmak. 




Koko dragoitxo maitagarriaren abenturen bigarren zatia da film hau. Koko eta Oskar kanpotarrak dira Dragoi uhartean. Koko, hegan egiterik ez duen dragoi-hegalaria da; Oskar, berriz, barazkijalea bihurtzea erabaki duen haragijalea. Bi lagunek izugarrizko abenturak biziko dituzte Matilda arantzurdearekin; hirurek, abenturaz abentura forma eta tamaina ezberdinetako dragoiak ezagutuko dituzte.  

Txikienentzat film aproposa, kolore biziko animazio zoragarri bat ikusiz adiskidetasuna eta talde lana bezalako baloreak jasotzeko aproposa.



2018-02-27

IPUIN KONTARI UDAL LIBURUTEGIAN

Aste honetan bi Ipuin Kontari saio izango dira Udal Liburutegian:



Otsailaren 28an, asteazkena, 18:00etan, Lupe Lekuona arituko da 4-7 urte bitartekoentzat kontu-kontari.









Bigarren saioa, ingelesezko ipuin kontaketa izango da. Larunbatean, martxoak 3, 11.00etan, Elena Mosquera kontalariak, 0-6 urte bitarteko haurrentzat Moana ipuina kontatuko du. Lehen aldia izango da Hondarribiko Udal Liburutegian ingelesezko ipuin kontaketa bat egiten dena.


2018-02-26

KOMIKI BAT: WALUK



Gutxi dira euskaraz argitaratutako komikiak eta gutxiago haurrrentzat eginikoak; horregatik, pozik jaso dugu Astiberri komiki-etxe bilbotarrak kaleratutako Waluk komikia.

Waluk, hartz zuri txiki bat, amak bakarrik utzi ondoren, hartz zahar erretxin batekin elkartuko da bizitzan aurrera egin ahal izateko. Eskimok, hartz zaharrak, bizitzaren gorabeherei aurre egiten irakatsiko dio.
Sentimenduz betetako eta adin guztietarako komikia ondu zuten 2011n Emilio Ruiz gidoilariak eta Ana Miralles marazkigileak eta orain euskaraz dugu.



 
Waluk-i buruz, Argia astekarian, Hartz-kumearen abenturak irakurri dezakezue gehiago jakiteko.

Bukatzeko, euskal komikigintzari buruz aipamen bat:
Olatua hartu du komikigintzak zioen, otsailaren 25ean, Berrian, Miren Garatek idatzitako artikuluaren titularrak. Bertan, Mikel Begoña komikilariak, aipatzen du: "... Hor bazegoen mito bat: komikia umeentzako gauza bat zela, baina gainditu zen hori, eta orain umeentzat baino komiki gehiago ateratzen dira helduentzat" .  Ea txanpa on bat hartzen duen euskal komikigintzak eta umeentzako argitalpenak ugaritzen diren!
 
 

2018-02-22

ASTEBURURAKO BI IKUSKIZUN

Asteburu honetan familian gozatzeko bi ikuskizun dituzue hementxe:

Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, Famili zinema programaren barruan, "Oihaneko kuadrila" pelikula proiektatuko dute larunbatean. 


Familia osoarentzako egokia den film honek oihanaren bihotzean bidegabekeriaren aurka borroka egiten duten animalien talde baten historia kontatzen du. Maurice tigre boteretsua dela uste duen pinguinoa da. Alboan izango ditu Junior semea, tigre-arraina, Miguel, gorila indartsu eta maitagarria, eta Batricia, iluntasunari beldur dion saguzarra. 
           LEKUA: Itsas Etxea Audioturiuma
           ORDUA: 18:00
           IRAUPENA: 97´
           SARRERA: 3€


Eta Irunen, Amaia Kultur Zentroan, "Printze txikia" txotxongilo klasikoaren emanaldia izango da, Txotxongilo taldearen eskutik.     

Oso urrutitik, asteroide zk. 612-tik hain zuzen ere, gizon txiki bat, Printze Txiki bat etorri zaigu hau uler arazteko: begiek,batzutan engainatzen gaituzte, bainabihotzak ez du inoiz gezurrik esaten. Honek goxo-goxo hauxe dio: gauzak, pertsonak, arrosak, politak dira, maite baditugu batez ere.
Ipuin eder honek, musika berezia eta ederra eskatzen du. Horregatik Anne Landak bere eskusoinuarekin, egile hauen musika eskeiniko digu: Mendelssohn, Uruñuela, Zolotariev, Mozart, eta Bach. Opari bat musikazale eta antzerkizale guztientzat.
                                                             LEKUA: Amaia Kultur Zentroa
                                                             ORDUA: 17:00
                                                             IRAUPENA: 50´
                                                             SARRERA: 4,30€
                                  

2018-02-20

TALDEAN IPUINAK IRAKURTZEN


Mediatekan egiten diren jardueren artean, taldean irakurtzea da horietako bat. 3. mailako ikasleek, irakasleok aukeratutako ipuin klasiko bat etxean prestatu eta besteen aurrean irakurtzen dute. Testua, 4-5 ikasleen artean lantzen dute.


Urtarrilean hasi ziren ekintza honekin eta gogotsu ari dira. 
Orain arte irakurritako ipuinak hauek izan dira:
"Elurretako erregina", "Hiru hiruleak", "Sinbad marinela", "Urrezko arrautzak erruten zituen oiloa" eta "Erpurutxo".






Saioen bukaeran esker ona emateko eta hobetzen laguntzeko proposamenak egiteko aukera izaten dute.  


2018-02-19

ARANTXA URRETABIZKAIAREKIN SOLASALDIA

Blagan Hondarribiko Euskara Elkarteak antolatuta, otsailaren 21ean, asteazkena, Kultur Etxean (Denda kalea), Arantxa Urretabizkaiarekin  Bidean ikasia (Pamiela, 2016) liburuaren inguruan solasaldia izango da. 
Idazleak Euskarazko saiakeraren Euskadi literatura saria 2017 jaso zuen liburu honengatik. 


2018-02-08

INAUTERIAK

Iñauteriak hemen ditugu! Mozorroak prest? 

 

Simona Ceccarelliren irudia

Hondarribian, beste herri askotan bezala, gaur hasi eta astearte bitarte inauteriak ospatuko dira. 

Eskolan bihar, otsailak 9, ostiral mehe, jolas, dantza eta parodia ugari izango ditugu. Herrian aldiz, ekitaldi nagusienak asteburuan burutuko dira. 
 
Euskal inauteriak urtarrilarekin batera hasi ziren hainbat herritan. Data nagusiak, berriz, otsailaren hasieran dira. Inguruko herrietako ospakizunak eta ohiturak ezagutzeko interesa baduzue, inauterietako "oinarrizko egutegia" Dantzan atarian aurkitu dezakezue. Inauteriei buruzko gainontzeko informazioa, argazkiak eta bideoak ikusteko jo dantzazaleen atarira.

 Ondo pasa inauteriak!!



2018-02-05

EUSKADIKO IRAKURKETA PLANA

 Iturria: Irekia
Hezkuntza sailak Euskadiko Irakurketa Plana aurkeztu berria du. Cristina Uriartek aurkeztu zuen joan den asteazkenean, urtarrilaren 31n. 
Ekimen honen helburua da gure ikasleen irakurmena hobetzea eta haien artean irakurzaletasuna bultzatzea.
Irakurketa Planaren barruan webgune bat garatu dute. Irakurgunea deritzo eta eduki guztiak jasotzeaz gain, ikastetxeek burutzen dituzten jardueren ekarpenekin osatu eta aberastu daiteke. Familiei zuzenduriko gune bat gehitzea ere aurreikusten da, irakurketarekin zerikusia duten gomendioak, ekimenak edo iradokizunak jasotzeko.

                                             Euskadiko Irakurketa Plana webgunea

2018-01-30

MAITE FRANKO ESKOLAN IPUIN KONTARI




Maite Franko Bordarin izan dugu kontu-kontari.
Bidasoaldeko ipuin kontalari eta idazlea 3. eta 5. mailako ikasleekin aritu da azken bi astetan. Neska-mutilak ederki pasa dute Maitek kontatutako ipuinak entzun eta antzezten.

Bihar, urtarrilaren 31, beste aukera bat izango da herrian bere kontakizunak entzuteko. Saioa, Zuloaga Etxean izango da, 18:00etan. 


LIBURU BERRIAK

Azken hilabetean mediatekan jasotako liburu batzuk ekarri ditugu hona. Zuen zain daude!!

2018-01-23

EUSKARALDIA!

2018an erronka berria dugu Hondarribian!


Hilaren 25ean, osteguna, hitzaldia emango du Kike Amonarrizek Itsas Etxean, 18:00etan. Bertan azalduko ditu Euskaraldia, 11 egun euskaraz iniziatibaren nondik norakoak.  

Ideia nagusia, Amonarrizek aurreratu du: "Herritarren hizkuntza-ohituretan eragiteko egitasmoa da, herritarrak euskararekiko aktibatuko dituena, Eusko Jaurlaritzatik eta Hondarribiko Udaletik Blagan Elkartearen laguntzaz bultzatuko dena. Hondarribian 2016an egindako kale neurketan euskararen erabilera eskasa eman zen, %24. Denon esku dago datu hori hobetzea, ekin diezaiogun bada gaurtik aurrera".
 
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...