2018-01-23

UDAL LIBURUTEGIRA BISITA

 
Duela egun batzuk 6. mailako ikasleek Zuloaga Etxea Udal Liburutegira bisita egin zuten.


Liburutegi berritua ezagutu zuten liburuzainaren gidaritzapean eta interes handiarekin jarraitu zituzten bere azalpenak. 

Izaskunek ederki azaldu zizkien bertan egindako aldaketak, espazio bakoitzaren erabilera eta eskaintzen dituzten zerbitzuak.
Liburutegiko arauak eta liburuak ordenatzeko erabiltzen diren irizpideak, gure eskola liburutegian ditugunaren antzekoak, jakinarazi zizkien. 
 

Zenbait ikaslek mailegua egiteko aprobetxatu zuten eta beste batzuk erabiltzaile txartela egiteko inprimakiak jaso zituzten.
Ziur gaude bere kabuz sarritan itzuliko direla, bai horixe!


2018-01-17

Galtzagorri: «Haur eta Gazte Literaturaren inguruan eragile izaten jarraitzea gustatuko litzaiguke»

Galtzagorri Elkarteak mende laurdena baino gehiago darama haur eta gazteen irakurzaletasuna sustatzen. Bere helburua Euskal Haur eta Gazte Literatura ezagutaraztea ez ezik, sektorea bultzatzen laguntzea ere bada. Honen adibide, urtarrilaren amaieran Iruñean antolatu duten Biko-teka tailerra.

Galtzagorriren nondik norakoa eta lana ezagutzeko Kulturklik webgunean Iñaki Markotegiri, elkarteko zuzendariari, eta Izaskun Jauregiri, idazkari teknikoari, egindako elkarrizketa mamitsua irakurtzera gonbidatzen zaituztegu.
"... gure hainbat proiektu ahaztuta gelditzea gustatuko litzaiguke, horrek adieraziko lukeelako irakurzaletasunaren inguruan gaur egun oso zabalduta ez dauden ohiturak eta jarrerak jaur eta gazteen ingurune naturalean (eskoletan, familian...) orokortuta leudekeela..."
Elkarrizketa osoa hemen irakurri dezakezu.

10. ELKAR ILUSTRAZIO ETA IPUIN LEHIAKETA



10. urtez, elkar Fundazioak Ilustrazio eta Ipuin lehiaketa abian jarri du haurren eta gazteen artean irakurzaletasuna eta sormena bultzatzeko  helburuarekin. Horretarako hiru modalitate antolatu dira, haur eta gazteen adinaren arabera:
Pello Añorga eta Elena Odriozolaren laguntza izan du aurten.

Lan guztiak apirilaren 9a baino lehen aurkeztu beharko dira.  

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri. Iturria: Elkar


 

2018-01-15

JOXAN ARTZE GOGOAN



Ostiralean zendu zen Joxanton Artze sortzaile handia. Bere hitzak bide desberdinetatik ezagutu ditugu: ikusiz, entzunez, irakurriz... eta gure barnean geratu, askotan bereak direla jakin gabe ere.  
Kantua kantu denean
kantaria ez da ikusten,
kantuak du ezkutatzen...
Usurbilen jaio zen 1939. urtean eta bertan bizi zen. Euskal literaturan ezinbesteko tokia du, forman berriztapen handia ekarri baitzuten haren poemek, liburua artelan bihurtuta.
Kantagintzari auspoa eman zion besteak beste Ez dok Amairu-ren bidez. Baga, Biga, Higa ikuskizunaren suspertzailea izan zen. Antzerkia, dantza, poemen errezitaldia eta kantua bateratzen zituen ikuskariak. Poesia oholtza gainera eramaten jarraitu zuen ondoren prestatutako beste ikuskizun batzuekin.
Ez dok amairu taldea desegin zenean, bere anaia Jesus, Jose Mari Zabala eta Mikel Laboarekin batera, musika, dantza eta poesia batzen zituen Ikimilikiliklik (1974) egitasmoa abiarazi zuen. Luis de Pablorekin, berriz,  Zurezko Olerki kontzertua prestatu zuen. 

Anaia Jesus Marirekin batera, txalaparta hauts artetik atereaz instrumentu garaikide bihurtu zuen. Txalaparta-diskoak eta bere poemak ere grabatu zituen Zurezko olerkia.
  
Poesia lanetan abangoardista izan da. Hamar liburu kaleratu zituen Artzek: Isturitzetik Tolosan barru,  Zumetarekin lankidetzan argitaratutako ...laino guzien azpitik... eta ...sasi guztien gainetik..., ...bide bazterrean hi eta ni kantari..., Ortzia lorez, besteak beste.

 Susa argitaletxeak haren antologia bat prestatu zuen XX.mendeko poesia kaierak bilduman.  

 "Poesia ez da hitzetan bakarrik bukatzen. Ezer ez da bere baitan bukatzen. Dena dago bata bestearekin harreman estuan, bai harri koxkor bat eguzkiarekin, eta eguzkia azken belar izpiarekin, edo errekako ur tantarekin. Denak dik bata bestearen bilatzen hori!"
Lotura honetan duzue Hasier Etxeberriak Sautrela programarako, 2007ko ekainean, Artzeri egin zion elkarrizketa interesgarria.

"Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako,
   dakitenek hitzegiten ez dutelako baizik"  

Joxan Artze


2018-01-10

HAURREI ZUZENDUTAKO ALDIZKARIAK

Behinola aldizkariaren 36. zenbakian (2017ko abendua), haurrei zuzendutako aldizkarien gomendio batzuk egiten dira.
Gustavo Puertari, ¡La leche! aldizkariaren editoreari, egindako elkarrizketa interesgarriaren amaieran, haurrei zuzendutako hainbat aldizkarien erreferentzia-fitxak eskaintzen dizkigute. Aukeratutako argitalpenak gure merkatuan eta gure merkatutik kanpo aurkitu ditzakegu. 


http://www.galtzagorri.eus/euskara/behinola/36?p=1

Honekin batera, gaur egun gure Eskolako Liburutegian eskuragarri ditugun aldizkariak hementxe dituzue:

Euskaraz:


* IRRIA aldizkaria / Irrien Lagunak Kluba (2010) 
   Maiztasuna: Hilabetekaria 
   Adina: 4+ urte



* KARRAMARRO TXIKI: gozatzeko aldizkaria
  Amorebieta-Etxano: IKA Kultur Alkartea (2004)
  Maiztasuna: Hiruhilabetekaria


* KARRAMARRO: gazteen aldizkaria
 Amorebieta-Etxano: IKA Kultur Alkartea (2004)
 Maiztasuna: Hiruhilabetekaria
  
 
* KARRAMARRO Digitalak  hemen deskargatu daitezke.


Gaztelaniaz: 


* LEO-LEO / Madrid: Bayard Revistas, 1986- 
    Periodicidad: Mensual
    Edad: 7-10 años





* REPORTERO DOC: la revista que te descubre el mundo
  Madrid: Bayard Revistas, 1994-
  Periodicidad: Mensual
  Edad: 9+ años




  



2018-01-09

KAIXO 2018!

URTE BERRI ON TALAIA ESKOLA LIBURUTEGIKO IRAKURLE GUZTIEI!!

 Mónica Carreteroren ilustrazioa  

2018 honetan liburuak bidean lagun izaten jarraitzea desio dugu. 
Urte zoragarria izan dezazuela aukeraz josia.
 

2017-12-18

BEGEL IRAKURKETA GIDA GABONETARAKO

Gabonei begira Gipuzkoako Eskola Liburutegiak (BEGEL) argitaratutako Irakurketa Gida jaso dugu. Haurrentzat eta gurasoentzat hainbat proposamen aurkitu ditzakegu bertan. Irudian klikatu gomendioak ezagutzeko.

https://drive.google.com/file/d/1_hzXI9woX-b1GU3Ishnvob7PQs3Sf52_/view

2017-12-14

HONDARRIBIKO LIBURU ETA DISKA AZOKA


Abenduaren 14tik 17ra, Arrantzale auzoan, Liburu eta Diska Azoka izango da. Bertan Durangon aurkeztu berri diren nobedadeak aurkitu ahal izango dira. 
Aurten euskaraz kaleratutako liburuak ezagutu nahi badituzu, Juan Luis Zabalak egindako zerrenda kontsultatu dezakezu hemen.  

2017-12-05

DURANGOKO AZOKA


Durangoko Azokaren 52. edizioa hastera doa. Sormenaren Lurraldeak, bihar, goizeko 10:15ean zabalduko ditu ateak. Abenduaren 6tik 10era, 10:30etik 22:00etara zabalik egongo da Landako Azokagunea.

400 nobedade, 240 stand eta 200 kultur ekitalditik gora izango ditugu Kultur plaza honetan.         
Sormenaren Lurraldea DA! leloarekin, kultur eragile guztiak batzen dituen espazio moduan agertu eta bertan ematen diren istorioak, ikuskizunak, abenturak... aldarrikatu nahi ditu Azokak.

Aurtengo kartelaren egilea Jose Antonio Sistiaga margolaria da. Irudiak "unibertsoaren sorrerara egindako bidaia" iradokitzen du. 

https://durangokoazoka.eus/eu/
                                              Azokako orrira joateko argazkian klikatu
                                                                  

KULTURA BONUA SALGAI

Abenduaren 4tik aurrera 8.854 Kultura Bonu jarri dira salgai Gipuzkoako 51 dendetan. 
  • Gipuzkoako 20 herritan erosi ahal izango dira.
  • Bonuak, diskoak eta DVDak erosteko, horietatik 2.542 euskarazko `produktuak erosteko, eta 5.312 beste hizkuntzetakoak erosteko. 
  • Euskarazko produktuek 12 euroko hobaria izango dute eta gainerakoek 8 eurokoa.
  • Kanpainarekin bat egiten duten dendek bereizgarri bat izango dute.
  • Bonua erositako denda berean erabili beharko da.
  • Urtarrilaren 15 arte erabili ahal izango da. 

     Kanpainaren xehetasun gehiago HEMEN

2017-12-02

ITXEKI EUSKARARI!

Bihar, Euskararen Eguna, Hondarribiko Itsas etxeko auditorioan Itxeki euskarari! lelodun argazki-mosaikoa aurkeztuko da. Horretarako egitaru polit bat prestatu du Blagan Hondarribiko Euskara Elkarteak. 
500 argazki biltzeko erronka jo zuten eta 700 badira mosaikoan parte hartu dutenak. Bistan da, Hondarribian euskaraz bizi nahi dugunak asko garela.

Hementxe duzue Hondarribiko Udalaren laguntzarekin antolatutako egitaraua. Igande goiz atsegina pasatzeko proposamen polita eta Hondarribian euskararen erabilerari beste bultzada txiki bat emateko aukera. 


ABENDUAREN 3A, EUSKARAREN EGUNA

Ostiralean Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu genuen eskolan.  


BANAKA, BINAKA, LAUNAKA... 
MAITASUNEZ, ERAIKI EUSKARA!

                                                             
                                                             

Hori izan da gure aurtengo leloa eta euskararen eraikuntza irudikatuz, Talaia eskolan hainbat jarduera eta ekitaldi antolatu ziren Euskararen Eguna gogoratu eta indartzeko: irratsaio berezia, etxeetatik ekarritako irudiekin hormairudiak osatu, kotxeetan jartzeko txartelak egin eta kaleetan banatu, Talaia Institutukoek eskainitako CUP SONG ikuskizuna ikusi eta elkarrekin abestu... Baina eguraldiak ez zigun asko lagundu eta kalera irteteko aukera izan zuten bakarrak, Biteriko ikasleek izan ziren.
   
                               
                                                         

2017-11-16

LIBURU AURKEZPENA KULTUR ETXEAN





Azaroaren 22an, Lola Sarratearen Lolita liburuaren aurkezpena izango da Hondarribiko Kultur Etxean, 19:30ean. Liburua 49 kontakizunek osatzen dute, Baztanen bizitutako bere lehen hamabi urteak abiapuntu direlarik. Informazio gehiago Berrian eta Radiokulturan (idazlearen audioa) aurkituko duzue.



 

2017-11-10

MALETA BIDAIARIA

LIBURUA HARTU, orriek duten usain berezia sentitu, begiak entretenitzen hasi lerroz lerroko bidean aurrera. Parke batean paseatzen goazenean bezala. Edo itsasora irtendakoan...
Bidai baten hasiera da liburu bat. Badakigu zer utzi dugun atzean; baina bukaeran zer aurkituko dugun, nekez.
                                                            Anjel Lertxundi, Hain eskura
                         Irakurri, hamaika idazki literario irakurtzeari buruz   
                                                liburuan idatzitako testutik aukeratua

  


  MALETA BIDAIARIA bidean da aurten ere.

 

3. mailako ikasleek, istorioz, ametsez, irudimenez... betetako maleta bat eramango dute etxera. Bidai honetan haurrak ez dira bakarrik egongo, tutore, anai-arrebak, aiton-amonak... bide-lagun izango dira.
Maletan aurkituko dituzue gazte eta helduentzako liburuak, abestiak, film bat, irakurketari buruzko orientabide-gida bat, jolas bat...


Familia maletaren inguruan elkarrekin aritzeko, ikusteko, irakurtzeko gonbidapena egiten dugu. Tartetxo bat lasai hartu eta esperientzi honekin gozatu. Dena irakurtzeko aukerarik ez duzue ziurrenik izango... lasai! Aukeraketak egin: bertan dagoena ikusi, aipatu, irakurri osorik, zatika, irudikatu eta DISFRUTATU!  Hori bai!, konstanteak izan, denboratxo bat eskaini aste honetan.




LA MALETA VIAJERA está de camino un año más.

 

Los alumnos-as de 3º llevarán a casa una maleta llena de historias, sueños, imaginación... En este camino los-as niños-as no estarán solos-as, estarán acompañados por sus tutores, hermanos-as, abuelos-as... Dentro de la maleta encontrareis libros para jóvenes lectores, adultos, canciones, una película, una guía de orientación lectora para padres, un juego...

Os invitamos a reuniros alrededor de la maleta para ver, conocer y leer juntos. Elegid un momento y con tranquilidad gozad de esta experiencia. Es posible que no os de tiempo para leer todo el contenido, no importa!! Podeis hacer elecciones: ver bien lo que hay, comentad, leer textos completos, fragmentos, imaginad y DISFRUTAD!! Eso sí, es importante la constancia, dedicad a ello unos ratitos esta semana.



2017-11-09

LITERAKTUM 2017



Letrekin ezinbesteko hitzordua datorkigu azaroaren 14tik 25era Donostian ospatuko den Literaktum Jaialdian.
Literaturaren inguruko menu zabala eta askotariko aukerak izango dira aurtengo edizioan: ospe handiko izenak eta perla ezezagunagoak; gaur egungo gaiei buruzko eztabaidak, bai eta filosofikoak ere. Edonork bere liburua, egilea edo jarduera topatu ahal izateko bideak proposatzen ditu Literaktumek.

Informazio guztia LITERAKTUMEN orrian topatuko duzue.



HARRI BATEN ISTORIOA

Inoiz pentsatu al duzue harriek ere bere "bizitza" dutela?


Bada, ikusi Seth Boyden-en animazio film labur honetan harkaitz batek egiten duen bidaia munduaren sorreratik gaur egun arte.


  
An Object at Rest from Seth Boyden on Vimeo.

2017-10-27

FAMILIA ZINEMA ITSAS ETXEAN

Larunbat honetan, Ardiak eta otsoak filma proiektatuko dute Itsas Etxeko auditoriumean. Animazioko film errusiar horrek, 86 minutuko iraupena du eta adin guztietako publikoarentzat egokia da.
Andrey Galat eta Maxim Volkov ditu zuzendari, eta Neil Landau, Maksim Sveshnikov eta Sugar Ikg gidoigile.
  
 
 
"Urruneko lurralde magikoan, herri txiki eta ikusgarri batean, lasaitasun handiz bizi da artalde bat. Zoritxarrez, otso talde baten etorrerak etengo du artaldearen bizimodu lasaia. Otsoek heuren kanpalekua harkaitz hurbil baten magalean ezarriko dute. Euren arbasoen ohiturekin jarraituz, otso taldeko buruak, Magrak, bere oinordekoa aukeratuko du ardiak bere bizilekutik botatzen dituzten otsoen artean..."


                              NON:  Itsas Etxeko Auditoriuma
                              NOIZ:  Urrriak 28 
                              ORDUA:  18:00
                              SARRERA: 3€
 
 

UHARTEAREN ALTXORRA DONOSTIAKO SAN TELMO MUSEOAN


Uhartearen altxorra izeneko erakusketa dago ikusgai Donostiako San Telmo museoan. 
Haurrentzako eta Gazteentzako euskarazko literaturatik sortutako pertsonai, ilustrazio, gai eta garaiek osatzen dute erakusketa. 
Koldo Izagirre da erakusketa honetako edukien arduraduna eta berak egin du erakusketa osatzen duten 100 liburuen hautaketa. Bilduma ez da soilik umeentzat, publiko guztientzat pentsatua dago. Garai desberdinetako Haur eta Gazte Literatura islatzen du erakusketak eta gaika antolatua dago.

Koldo Izagirreren hitzok agerian uzten dituzte Uhartearen altxorraren ardatzak: “Testuaren artearen eta ilustratzailearen artearen batuketa uste baino maizago gertatzen da, eta hori ezagutzen ez dugun altxorra delako sortu dugu hau». Hala, literatura bera, eta hura irudikatzen duten ilustrazioak dira gai nagusia.

  • San Telmo museoan SIM
  • 2017ko urriaren 17tik 2018ko urtarrilaren 17ra
  • Asteartetik igandera, 10:00-20:00 
  • Doako sarrera
Erakusketaren xehetasunak, gidak... HEMEN

2017-10-24

ZERGATIK EGON LIBURUTEGIEN ALDE?

Galdera honi erantzuten dio Iban Zalduak Liburutegien aldeko manifestuan izeneko testuan. 
Gaur, urriaren 24a, Liburutegiaren Nazioarteko Eguna ospatzen den honetan, joan den ekainean Zalduak idatzitako dokumentua hona ekartzeko une aproposa iruditu zaigu. 


Liburutegien aspaldiko erabiltzailea naiz, baina onartzen dut gero eta gustukoagoak ditudala; garai batean liburu denden zaleago nintzen, nik uste, baina adinarekin, eta manifestu honetan zehar agerian jartzen saiatuko naizen bestelako arrazoiengatik, biblioteken bandora pasatu naiz neurri handi batean.  
 Guztia irakurri (ibanzaldua.wordpress.com)

2017-10-20

UDAL LIBURUTEGI BERRITUAREN IREKIERA

Gaur, urriak 20, ostirala, Zuloaga Etxea Udal Liburutegiaren eraikin berrituaren irekiera ofiziala egingo da. Ate irekien jardunaldian, goizez inaugurazio ofiziala egingo da eta arratsaldez hiritarrentzat bisita gidatuak eta beste zenbait ekintza izango dira.
Ia hiru urte luzatu den obra bukatuta gero, urriaren 23tik aurrera hasiko da ohiko zerbitzua ematen Udal Liburutegia Kale Nagusiko jauregian. Xehetasun gehiago hemen


2017-10-13

EUSKADI SARIAK


Osatu dira aurtengo Euskadi Sariak. Saridunak:
  • Euskarazko Saiakera:   Arantxa Urretabizkaiari, Bidean ikasia (Pamiela) lanarengatik
  • Euskarazko Literatura:  Asier Serranori, Linbotarrak (Pamiela) poemarioarengatik
  • Gaztelaniazko Literatura: Fernando Aranbururen, Patria-ri (Tusquets)
  • Haur eta Gazte literatura: Leire Bilbaok,  Xomorro poemak eta beste piztia batzuk (Pamiela) lanarekin 
  • Literatura Itzulpena: Matias Mujikari, François Villonen Testamentua (Igela-Erein) euskarara ekartzeko egindako lanarengatik
  • Gaztelaniazko Saiakera: Ander Eizagirreren, Potosí kazetaritza lanarengatik
  • Literatura lanaren Ilustrazioa: Mikel Valverderi Versos de deportes (SM) lanarengatik
    
http://www.berria.eus/albisteak/145694/asier_serrano_eta_arantxa_urretabizkaia_aurtengo_euskadi_saridunak.htm
Irudian klik egin

http://www.berria.eus/paperekoa/1844/028/001/2017-10-12/zomorro_poetikoakbitxikeria_bat_eta_piztia_batzuk_euskadi_saridun.htm
Irudian klik egin

DISKO- LIBURU BERRIA JOAN MARI IRIGOIENEN OMENEZ


Lasterka ditugu zainetan
ehundaka zaldi 
baina urrunago nahi duenak
behar luke geldi.

Irudimena da izan ere zaldi azkarrena, 
geldi egon arren, noranahi
egin lezakeena.

Metak eta kometak
 Joan Mari Irigoien

 Pirritx, Porrotx eta Marimototsek disko-liburu berria plazaratu dute, Joan Mari Irigoienen Metak eta kometak liburuko testuekin.
   
Berria osorik irakurtzeko klik egin irudian



2017-10-03

HAUR ETA GAZTE LITERATURA IRAKUR GIDA

Mondragon Unibertsitateak argitaratutako irakurketa gida interesgarria ezagutarazi nahi dizuegu.
Lan talde baten lanaren emaitza da. 2016. urtean euskaraz argitaratutako liburuak irakurri eta azteru ondoren osatutakoa. Hitzaurrean argi azaltzen da egindako lana eta helburua:


"Haur eta Gazte Literatura, 2016. Irakur Gida" talde baten lan jarraituaren eta liburu
askoren irakurketaren emaitza da. Guraso, irakasle eta bibliotekarientzat lagungarri izan
nahi du. Ezin du irakurketa zuzena ordezkatu, ezta irakurketak sortzen duen plazerra
bera ere, ez baita talde honek egiten duen irakurketaren adierazpena baino. Gure lan teknika
honetan datza: haur eta gazte literaturaz 2016. urtean euskaraz publikatu dena
irakurri, gure irakurketak kontrajarri eta hizkuntzaren erabilpena, kalitate literarioa, gaiari
ematen zaion tratamendua, etab. kontutan izanda baloratzen ditugu. Liburuen zerrenda
orokorraren ondoren sailkapen bat egiten da: liburu gomendagarriak eta oso
gomendagarriak. Azken horiei erreseina bat gehitzen zaio. Bestalde, agertzen den adina
orientagarria besterik ez da, bilakaera-erritmoak, haurren zaletasunak, etab.
sailkaezinak baitira. Gure ustetan, haurrek liburuen aukeraketa librea egitea oinarrizkoa
da, eta irakurketaren grina sortzeko, funtsezkoa. Guretzat lan hau aurrera eramatea oso
atsegina izan den bezala zuentzat ere horrela izatea espero dugu.
Eskuartean duzun gida hau orientagarri izan dakizula!
2017ko iraila
 

liburutegia-irakur-gida-2016 (1) by talaialh_liburutegia on Scribd

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...