Gure jarduerak gai zehatz baten inguruan izan ohi dira eta aurten aukeratutakoa, "euskaraz jostatzea eta mugimenduaren inguruko hizkera berezia jorratzea" izan dugu langai eta helburu.
Lokalismo bati heldu diogu leloa osatzeko; hau da, Hondarribian mugi hadi esateko era hartuz, mugiri hain zuzen, eta halaxe sortu diogu: MUGIRI EUSKARAZ!!
Esanahi bikoitza duen leloa da. Alde batetik, mugimenduzko ekintzei lotzen zaie, baina bestetik, zer esanik ez, badu nolabaiteko errieta kutsua, irakurtzen duenari: euskaraz mintza zaitez, behingoz! esatea legez da.
Aukeratu dugun kanta, "Euskara da Euskal Herri" izan da.
Horrez gain, Eskolako korridoreak apaindu dira mugimendu ezberdinak adierazten dituzten eskeleto erraldoi batzuk jarriz eta hauen inguruan, ikasleek etxean gurasoekin osatutako oinak itsatsiko dira bideak eginez.
Gurasoen laguntzaz, oinaren barrualdean kirol bati loturiko esamolde, hitz edota jostatzeko kanta edo jolas baten letra idatziko dute eta bildutako guztiekin MUGIZTEGI hiztegitxoa sortuko dugu.
Egun berean, irratsaio berezia egingo da 5. mailako ikasleen eskutik eta Euskara kalera ateratzeko asmotan, "MUGIRI EUSKARAZ!" dioten txarteltxoak, herriko dendetan zein autoetan jarriko dira.

No hay comentarios:
Publicar un comentario