Maite Franko ipuin kontalariak etxean familia arteko giroan ipuinak sortzeko ariketa bat erakusten digu ondorengo bideoan: Gianni Rodariren BINOMIO FANTASTIKOA. Baina hori ez da egiten digun proposamen bakarra, grabazioaren bukaeran erronka bat luzatzen digu, jakin nahi zer den? Ikusi bideo polit hau eta parte hartu!!
Ibai beti dago kezkatan. Kapeluek eta zapatek kezkatzen dute. Hala berean kezkatzen dute hodeiek, euriak eta txori erraldoiek. Bere amona ere, neskatoa zelarik, kezka batean bizi zen, horregatik daki nola lagundu behar dion bilobari.
Beste kultura baten ateak zabaltzen dizkigun sinboloa dira Kezkamuxelak izeneko mamuxela edo panpina bereziak. Aspaldi du Guatemalako haurrek panpinok egiten dituztela txotxez, zatartxoz eta hariz; lotarakoan beren kezkak kontatzen dizkiete eta burukoaren azpian uzten dituzte, biharamunean kezkarik gabe jaiki ahal izateko.
Etxeko apalategian baduzu? Hala ez bada, eta Mediateka ireki bitartean, azpiko bideoan ikusi eta entzun dezakezu ipuina.
Kezkamuxelak Anthony Browne
Gustatu al zaizu? Eta zure panpintxo propioak sortuko bazenitu? Zotzak, pintza txikiak, paperak, pipa garbitzaileak, kolore desberdinetako oihalak eta koloretako hariak (edo eskura dituzun beste materialak) erabili ditzakezu zure pena-kentzaileak egiteko eta egin ondoren, badakizu, kezkak hari kontatu, eta lotara joatean, burkoaren azpian jarri. ONDO LOIN!!
Elhuyarrek etxeko txiki eta gazteenekin etxean esperimentuak egiteko gonbidapena ekarri dugu gure blog-era.
#NikEtxeanEsperimentuak egutegia sortu du COVID-19aren hedapenaren eraginez etxean isolamendu egunak arintzeko, eta, bide batez, zientziaren inguruko kontzeptu desberdinak modu dibertigarrian familiartean ikasteko.
Egutegi dinamikoa etxeko txiki eta gazteei zuzenduta dago. Bertan, nahi den esperimentua klikatu eta dokumentu bat irekitzen da, argibide guztiekin.
Proposatzen diren esperimentuak etxean izan ditzakegun material eta tresnekin egingarriak dira; apirileko egun bakoitzerako bi esperimentu proposatzen dira: bata (H) haurrei zuzenduta dago, eta bigarrenak, berriz, gazteei (G) egiten die proposamena. Esperimentu bakoitzari dagokio estekan sakatuz, esperimentua egiteko argibide guztiak dituen dokumentua zabaltzen da.
Esperimentuen emaitzak edo iradukizunak konpartitu nahi duenak #NikEtxeanEsperimentuak traola erabili dezake sare sozialetan zabaltzeko.
Beraz, badugu zer esperimentatu eta partekatu etxeko txiki eta gazteekin. Animatu!!
Ipuin bat entzun nahi? Sakatu beheko irudian eta ipuin mordoa topatuko duzue bertan!
Ipuin laburrak, mikroipuinak, poemak, liburu osoak edo horien pasarteak topa daitezke www.etxegiroan.com atarian. Helduentzat, gazteentzat eta umeentzat prestaturiko lan horiek euskaraz zein gaztelaniaz entzun daitezke.
Igandean, martxoaren 21ean, Poesiaren Eguna izan zen. Horren harira, haurrekin irakurtzeko eta irudiekin gozatzeko, bi poema liburu eder aukeratu ditugu: Xomorropoemak eta Piztipoemak (PAMIELA).
Xomorropoemak eta beste piztia batzuk, txikitxoentzat edo poesian hasiberrientzat pentsatua dago eta Piztipoemak eta beste xomorro batzuk, irakurle pixka bat helduagoei zuzendua dago, Xomorropoemei jarraipena emateko.
Poemak xomorroak bezala, ustekabean agertzen dira. Eta ziztatu egiten dute. Eta kosk. Eta azalean koskor txikiak utzi, egunetan joaten ez direnak.
Gabonetako oporrak gainean ditugula, ez ahaztu, mediatekako irakurle maiteok, liburu-titulu batzuk jartzea Olentzerori bidaliko diozuen gutunean.
Eskola Liburutegietako taldeak egindako gida txikian dauden gomendioak lagungarri izan daitezke aukeratzeko garaian. Ikusteko sakatu argazkiaren gainean.
Joan den larunbatean, abenduak 14, Berria egunkarian argitaratutako artikulu interesgarri bat ekarri dugu hona.
Haurrei ipuinak kontatzearen garrantziaz hitz egiten digute bertan, haur literaturan eskarmentu handia duten, Pello Añorga eta Maite Franko, idazle eta ipuin kontalariak, eta Juan Carlos Alonso psikologoak.
Ipuina bera baino gehiago, ipuina kontatzeko espazioaren eta momentuaren garrantzia nabarmendu dute hiru adituek.
Haurrei ipuinak kontatzeak balio du ondo pasatzeko, helduen eta haurren arteko harremanak estutzeko, haurrak bere barne mundua garatzeko, irudimena askatzeko, ahozkotasuna lantzeko, eguneroko zurrunbiloan eten bat egiteko... Ekintza sinplea da, baina zaindu beharrekoa.
Jakes Goikoetxearen Ipuinezko zilbor heste bat erreportajea irakurtzen hemen jarraitu dezakezu.
Gaurtik igandera arte ospatuko da "XXIV. Euskal Liburu eta Disko Azoka", Hondarribiko
Arrantzale auzoan. Durango azokan aurkeztutako berritasunak eta bildutako eskaintza nagusiak ezagutzera emango ditu euskal kulturara dedikatutako guneak.
Gaur, hilak 12, 12:00etan, Udaletxeko batzar-aretoan,
prentsaurrekoa egingo da azoka aurkezteko, eta Josu Zabaleta idazleak
«Hondarribi» saria jasoko du.
Asteburuan, Jon Arretxe idazleak bere lanak sinatzen egongo da azokan.
Gaur, azaroak 13, 3. eta 4. mailako ikasleek Oker filma ikusteko aukera izan dute Itsas Etxeko Auditoriumean "Euskara zine aretoetara, Tinko" programaren barruan.
Stuart McDonald-ek zuzendutako film australiarra da Oker.
Etengabeko azeri-erasoek ixteko arriskuan jarri dute Australia hegoaldeko herrixka bateko erakarpen turistiko nagusia -Pinguino Txikien uharte bat-. Oiloak hazten dituen baserritar xelebre batek bilobarekin bat egin du eta pinguinoak salbatzeko metodo bitxia jarri du martxan... aitonaren artzain-txakur bihurrie eta bazter-nahaslea. Benetako istorio batean oinarritutako filma.
LIBURUA HARTU, orriek duten usain berezia sentitu, begiak entretenitzen hasi lerroz lerroko bidean aurrera. Parke batean paseatzen goazenean bezala. Edo itsasora irtendakoan... Bidai baten hasiera da liburu bat. Badakigu zer utzi dugun atzean; baina bukaeran zer aurkituko dugun, nekez.
Anjel Lertxundi, Hain eskura Irakurri, hamaika idazki literario irakurtzeari buruz
Joan den ostiralean, maleta bidaiariak hirugarren mailako ikasleen etxeetara bidaiatzen hasi ziren.
Barruan dagoen materiala etxekoek elkarrekin jarduteko eta gozatzeko pentsatua dago: elkarrekin irakurri, kontatu, jolastu... iritziak eta gustu desberdinak partekatuz.
Esperientziarekin guztiok gozatuko dugulakoan gaude. Zuen bizipenak maletan aurkituko duzuen koadernoan kontatzea ez ahaztu!!
MILA ESKER bidaian parte hartuko duzuen familia guztiei!!
Bihar, urriak 24, Liburutegiaren Eguna ospatzen da.
Aurtengo kartela Miguel Calatayud ilustratzaileak egin du eta pregoia, Gemma Pasqual idazle katalanak idatzi du.
Pregoia:
IPUINIK GABEKO NESKA
Ez
zuen printzesa izan nahi, ez zuen nahi printze urdin batek aska zezan.
Ez zuen nahi printze baten musuak bizitza itzultzea, ez haurren
esplotaziotik salbatzea ere; ez zuen nahi zazpi ipotxen etxean ezkutatu
eta beren neskamea izatea printze batek erreskatatu arte. Ez zen bere
ahotsari uko egiteko gai mutil baten maitasunagatik, eta ez zuen espero
San Jorgek dragoiarengandik salbatzerik. Lotara edo isiltasunera
kondenatutako printzesa nobleak, amaorde, aita edo maitagarri baten
aginduz.
Hala, bere zapata gorriak jantzi eta bere ipuinetik alde egin zuen,
korrika eta korrika aritu zen babesleku bila, ipuinik gabeko neska
bihurtuta. Ipuinik gabeko neska zen, paperik gabekoa, ez zuten inon ere
nahi.
Mondragon Unibertsitateak argitaratutako irakur gida interesgarria ezagutarazi nahi dizuegu.
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Haur Liburu Mintegiak
argitaratzen du Haur eta gazte literatura irakur gida. Mintegi hori
osatzen dute unibertsitateko
irakasleek eta Debagoieneko eskoletako eta Udal liburutegietako
ordezkariek. Euskaraz argitaratzen diren ia liburu guztiak irakurri
ondoren, taldeak baloratu eta sailkatu egin ditu lanak. Urtero mintegiak
eskaintzen du
haur eta gazteei zuzenduta liburu aipagarrienen bilduma.
Mediatekako laguntzaile taldea osatu da. 6. mailako ikasleak gogotsu agertu dira mediatekako bizitzan parte hartzeko. 40 neska-mutilek aurkeztu dute bere burua ikasturtearen zehar lan egiteko liburutegi atsegin eta bizi baten alde.
Aupa zuek!!
Bukatzeko ohar bat: kontuz ibili apaletako liburuekin! Ikusi bestela zer gertatu zaion ondorengo bideoko protagonistari.
Istorioz beteriko
leku honen ateak erabat ireki ditugu aste honetan. Talde bakoitzak astero
egiten dituen bisitekin hasi dugu ibilbidea.
Mediatekako ateak irekitzean, hau nahi dugu:
- asko irakurtzera animatu - liburuekin batera gune lasaia eta atsegina izatea - erantzunak aurkitzeko duzun beharra betetzea - liburutegien erabilera egokirako oinarrizko arau batzuk errespetatzen
ohitzea - beste irakurle batzuekin esperientziak partekatzeko topagunea izatea - mailegatutako
liburu eta materialekin arduratsua eta errespetuzkoa izan behar duzula
konturatzea - irakurketak gomendatu - liburutegietatik eskain daitezkeen zerbitzuak ezagutaraztea - informazioa hainbat euskarriren bidez bilatzen irakastea - gure katalogoan ditugun berrikuntzen berri ematea - irakasleentzako baliabide-iturri izatea
Gogorarazten dizugu gela bakoitzerako ezarritako ordutegiaz gain, astelehenetik
ostiralera (asteartea izan ezik) erabil daitekeela liburutegia jolasgaraian eta eguerditan, jantokiko
ordutegian. Gure nahia da
denok jakitea baliabide hau ondo aprobetxatzen, eta irakurketa bakoitzak garen hori hobetzen laguntzea.
Gaur hasi da udazkena. Gorriz, horiz eta urre kolorez tindatzen hasia da gure inguruko paisaia.
Ofizialki, gaur, irailak
23, 09:50an hasi da udazkena Ipar hemisferioan. Urtaro hau 89 egunez
eta 20 orduz luzatuko da, abenduaren 22an neguan sartuko baikara.
Urtero gertatzen den
bezala, eguzki-orduak eta gauak denbora bera irauten dutenean hasten da
udazkena, baina urtearen arabera egun hori aldatu daiteke.
Udazkenaren hasiera, gehienez ere, egutegiaren lau data ezberdinetan eman daiteke (irailaren 21etik 24ra). Udazkena XXI. mendean zehar, irailaren 22an eta 23an hasiko da, 2096an goiztiarrena izango delarik eta 2003an berantiarrena.
Eguzki
orduak gutxitzen joango dira hemendik aurrera.
HAMAIKA KOLOREKO LIBURUAZBETETAKOUDAZKENA IZANDEZAZULA!!
Herman Melville idazle amerikarraren jaiotzaren berrehungarren
urteurrena dela eta, Hondarribiko Udal Liburutegiak datozen hilabetetarako bere lan famatuena den ‘Moby Dick’ eta itsasoarekin
harremana duen jarduera desberdinez osatzen den programa zabala prestatu
du. Film emanaldiak, solasaldiak, tailerrak, erakusleihoak eta kontzertuak egongo dira datozen hiru hileotan.
Donostia Kulturako liburuzainek udan irakurtzeko liburuen gomendio gida berri bat prestatu dute. 2018an argitaratuak izan ziren liburuen artean 113 izenburu aukeratu dituzte.
Liburuak adin guztietako irakurleei zuzenduak daude eta haurrenak adinaren arabera sailkatuak agertzen dira. Irakurketa Errazeko liburuak, hau da, edozein arrazoirengatik irakurketarako zailtasunak dituen jendearentzako liburuak gomendioen artean tartekatzen dira.
Ikasturtean zehar 6. mailako ikasle talde bat Mediatekako laguntzaile lanetan ibili da. Jolasgaraietan lan bikaina egin dute: mailegu eta itzulketak egin dituzte, liburuak apaletan ordenatu, apainketa lanak aldizka, erabiltzaile berriei lagundu... Jator eta prestu agertu dira eta Mediatekan giro polita sortu da.
Liburuaren Nazioarteko Eguna apirilaren 23an ospatzen da, baina oporretan ginenez, maiatzaren 6an ospatu genuen Talaia eskolan.
Aurtengo leloa MUNDUBIRA HAMAIKA IPUINETAN izan da.
Egun horren aurretik, ekintza desberdinak burutu genituen: kartelak egin, pasiloetako eta eskaileretako apainketa, ipuinak irakurri, zigiluak egin, txartelak osatu...
Maiatzaren 6an, goizeko 10etan, Biteri eta Bordariko ikasle guztiak elkartu ginen mundu zabaleko ipuinak entzuteko. Hogeita hamar irakurlek, guraso zein irakaslek, munduari bira irakurriz eman genion 4 urtetik hasi eta 12 urteko ikasleekin batera.