2019-10-23

LIBURUTEGIAREN EGUNA 2019



Bihar, urriak 24, Liburutegiaren Eguna ospatzen da.   
Aurtengo kartela Miguel Calatayud ilustratzaileak egin du eta pregoia, Gemma Pasqual idazle katalanak idatzi du.

Pregoia:


IPUINIK GABEKO NESKA

Ez zuen printzesa izan nahi, ez zuen nahi printze urdin batek aska zezan. Ez zuen nahi printze baten musuak bizitza itzultzea, ez haurren esplotaziotik salbatzea ere; ez zuen nahi zazpi ipotxen etxean ezkutatu eta beren neskamea izatea printze batek erreskatatu arte. Ez zen bere ahotsari uko egiteko gai mutil baten maitasunagatik, eta ez zuen espero San Jorgek dragoiarengandik salbatzerik. Lotara edo isiltasunera kondenatutako printzesa nobleak, amaorde, aita edo maitagarri baten aginduz.

Hala, bere zapata gorriak jantzi eta bere ipuinetik alde egin zuen, korrika eta korrika aritu zen babesleku bila, ipuinik gabeko neska bihurtuta. Ipuinik gabeko neska zen, paperik gabekoa, ez zuten inon ere nahi.

>>segi irakurtzen 
Testua: Gemma Pasqual
Itzulpena: Getxoko Liburutegia

2019-10-16

HAUR ETA GAZTE LITERATUR GIDA 2018

Mondragon Unibertsitateak argitaratutako irakur gida interesgarria ezagutarazi nahi dizuegu.
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Haur Liburu Mintegiak argitaratzen du Haur eta gazte literatura irakur gida. Mintegi hori osatzen dute unibertsitateko irakasleek eta Debagoieneko eskoletako eta Udal liburutegietako ordezkariek. Euskaraz argitaratzen diren ia liburu guztiak irakurri ondoren, taldeak baloratu eta sailkatu egin ditu lanak. Urtero mintegiak eskaintzen du haur eta gazteei zuzenduta liburu aipagarrienen bilduma.
Hona hemen 2018. urtekoa.

Gida ikusteko gainean sakatu

2019-10-08

MEDIATEKAKO LAGUNTZAILE TALDEA

Mediatekako laguntzaile taldea osatu da. 6. mailako ikasleak gogotsu agertu dira mediatekako bizitzan parte hartzeko. 40 neska-mutilek aurkeztu dute bere burua ikasturtearen zehar lan egiteko liburutegi atsegin eta bizi baten alde.

 Aupa zuek!!

Bukatzeko ohar bat: kontuz ibili apaletako liburuekin! Ikusi bestela zer gertatu zaion ondorengo bideoko protagonistari.

Liber. from Valentin Tournebize on Vimeo.

2019-10-03

MEDIATEKAKO ATEAK ZABALIK


Istorioz beteriko leku honen ateak erabat ireki ditugu aste honetan. Talde bakoitzak astero egiten dituen bisitekin hasi dugu ibilbidea.
Mediatekako ateak irekitzean, hau nahi dugu:
- asko irakurtzera animatu
- liburuekin batera gune lasaia eta atsegina izatea
- erantzunak aurkitzeko duzun beharra betetzea
- liburutegien erabilera egokirako oinarrizko arau batzuk errespetatzen ohitzea
- beste irakurle batzuekin esperientziak partekatzeko topagunea izatea 
- mailegatutako liburu eta materialekin arduratsua eta errespetuzkoa izan behar duzula konturatzea  
- irakurketak gomendatu
- liburutegietatik eskain daitezkeen zerbitzuak ezagutaraztea
- informazioa hainbat euskarriren bidez bilatzen irakastea
- gure katalogoan ditugun berrikuntzen berri ematea
- irakasleentzako baliabide-iturri izatea
Gogorarazten dizugu gela bakoitzerako ezarritako ordutegiaz gain, astelehenetik ostiralera (asteartea izan ezik) erabil daitekeela liburutegia jolasgaraian eta eguerditan, jantokiko ordutegian. 
Gure nahia da denok jakitea baliabide hau ondo aprobetxatzen, eta irakurketa bakoitzak garen hori hobetzen laguntzea.
  ONGI ETORRI BESTE BEHIN ESKOLAKO MEDIATEKARA!    
           
Brian Paterson-en ilustrazioa
  

2019-09-23

UDAZKENA!

Gaur hasi da udazkena. Gorriz, horiz eta urre kolorez tindatzen hasia da gure inguruko paisaia.
Ofizialki, gaur, irailak 23, 09:50an hasi da udazkena Ipar hemisferioan. Urtaro hau 89 egunez eta 20 orduz luzatuko da, abenduaren 22an neguan sartuko baikara. 
Urtero gertatzen den bezala, eguzki-orduak eta gauak denbora bera irauten dutenean hasten da udazkena, baina urtearen arabera egun hori aldatu daiteke.
Udazkenaren hasiera, gehienez ere, egutegiaren lau data ezberdinetan eman daiteke (irailaren 21etik 24ra). Udazkena XXI. mendean zehar, irailaren 22an eta 23an hasiko da, 2096an goiztiarrena izango delarik eta 2003an berantiarrena.
Eguzki orduak gutxitzen joango dira hemendik aurrera.
  HAMAIKA KOLOREKO LIBURUAZ BETETAKO UDAZKENA IZAN DEZAZULA!!
 
Michell Dowd-en ilustrazioa

2019-09-20

MOBY DICK HONDARRIBIKO LIBURUTEGIAN

Hondarribiko Udal Liburutegian itsasoa sartu da.
Herman Melville idazle amerikarraren jaiotzaren berrehungarren urteurrena dela eta, Hondarribiko Udal Liburutegiak datozen hilabetetarako bere lan famatuena den ‘Moby Dick’ eta itsasoarekin harremana duen jarduera desberdinez osatzen den programa zabala prestatu du. Film emanaldiak, solasaldiak, tailerrak, erakusleihoak eta kontzertuak egongo dira datozen hiru hileotan.
Badugu non murgildu udazken honetan!

2019-09-12

HEMEN GAUDE BERRIRO ERE!!

Gogotsu eta ilusioz ekin diogu ikasturte berriari. Bordari Mediateka liburu eta proposamen berriekin zuen zain dago. 

IRAKURKETA INTERESGARRIZ JOSITAKO IKASTURTEA IZAN DEZAZUELA!!

Liniers-en ilustrazioa

2019-06-25

IRAKURLEE IRAKURKETA GIDA. UDA 2019


Donostia Kulturako liburuzainek udan irakurtzeko liburuen gomendio gida berri bat prestatu dute. 2018an argitaratuak izan ziren liburuen artean 113 izenburu aukeratu dituzte.
Liburuak adin guztietako irakurleei zuzenduak daude eta haurrenak adinaren arabera sailkatuak agertzen dira. Irakurketa Errazeko liburuak, hau da, edozein arrazoirengatik irakurketarako zailtasunak dituen jendearentzako liburuak gomendioen artean tartekatzen dira. 

Ikusi/Deskargatu

2019-06-21

LIBURUTEGIKO LAGUNTZAILEAK

Ikasturtean zehar 6. mailako ikasle talde bat Mediatekako laguntzaile lanetan ibili da. Jolasgaraietan lan bikaina egin dute: mailegu eta itzulketak egin dituzte, liburuak apaletan ordenatu, apainketa lanak aldizka, erabiltzaile berriei lagundu... Jator eta prestu agertu dira eta Mediatekan giro polita sortu da.
Mila esker kuadrilla!!


2019-06-11

ZORIONAK NAHIA!

11. elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketako lan irabazleen artean, Talaiako ikaslea den Nahia Ugarteren ipuina aurkitzen da. D mailako (LH5-LH6) 1.saria jaso du Ugartek.
Alex Matxok egindako ilustrazioan oinarritutako Ganbarako kuadroa ipuina nabarmendu dute kategoria horretan. 
Zorionak idazle fin horrentzat! Aupa Nahia!!

2019-05-19

MUNDUBIRA HAMAIKA IPUINETAN

Liburuaren Nazioarteko Eguna apirilaren 23an ospatzen da, baina oporretan ginenez, maiatzaren 6an ospatu genuen Talaia eskolan. 
Aurtengo leloa MUNDUBIRA HAMAIKA IPUINETAN izan da. 
Egun horren aurretik, ekintza desberdinak burutu genituen: kartelak egin, pasiloetako eta eskaileretako apainketa, ipuinak irakurri, zigiluak egin, txartelak osatu... 
Maiatzaren 6an, goizeko 10etan, Biteri eta Bordariko ikasle guztiak elkartu ginen mundu zabaleko ipuinak entzuteko. Hogeita hamar irakurlek, guraso zein irakaslek, munduari bira irakurriz eman genion 4 urtetik hasi eta 12 urteko ikasleekin batera.


Hemen dituzue jardueraren hainbat irudi:

2019-04-02

HAUR LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2019


1967. urtetik, apirilaren 2an, Hans Christian Andersen danimarkar idazlearen jaiotegunean hain zuzen ere, IBBYk Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen du, haur eta gazteentzako kalitatezko liburuak bultzatzeko, eta gazteenen artean irakurtzeko zaletasuna sustatzeko.

Urtero IBBYren atal nazional batek du Haur Liburuaren Egunaren nazioarteko babeslea izateko aukera. Honek bere herrialdeko idazle bat eta ilustratzaile ezagun bat hautatzen ditu mundu osoko haurrei bidaltzen zaien mezua eta kartela egin dezaten.

Aurten Lituaniari egokitu zaio. Idazle eta margolaria den Kęstutis Kasparavičius-ek ipini dio aurtengo kanpainari mezua, horma-irudia eta leloa: LIBURUAK, LASAIAGO BIZITZEKO.

Idazlearen hitzak irakurtzera denbora ematera animatzen gaituzte:
"Liburuek presaka ez ibiltzen laguntzen digute, gauzei erreparatzen irakasten digute, eta aldi batez esertzera gonbidatzen, edo behartzen, gaituzte. Normalean eserita irakurtzen dugu, liburua mahai gainean edo eskuetan dugula, ezta?
Eta esperimentatu al duzu beste mirari bat, hots, zuk liburu bat irakurtzen duzunean, liburuak zu irakurtzen zaituela?"  
Mezua guztiontzat desio batekin amaitzen da: "Egon daitezela liburu interesgarriak irakurzaleentzat eta irakurle interesgarriak liburuentzat!"

Testua Iñaki Mendigurenek euskaratu du. Mezu osoa hemen irakurri dezakezu.



2019-03-26

IPUIN KONTARI: MAITE FRANKO

Bihar, martxoak 27, asteazkena, 18:00etan, Maite Franko ipuin kontalaria izango da Udal Liburutegian. 4-7 urte bitarteko haurrentzat izango da saioa.


2019-03-20

AGUR NEGUA, KAIXO UDABERRIA

Selçuk Demirel

Gaur hasiko da udaberria, 22:58an, eta 92 egun eta 18 ordu izango ditu, ekainaren 21era arte. Udaberria heldu eta ordu gutxira, urtaro horretako lehen ilbetea egongo da.
Urtaro berrian, argi orduek egunean hiru minutu gehiago iraungo dute. Gainera, ordulariak ordubete aurreratuko dira martxoaren 30etik 31era doan gauena. Hain zuzen ere, 02:00etan 03:00ak izango dira.
Astronomi Behatoki Nazionalaren arabera, baliteke 2019ko martxoan azkenekoz aldatzea ordua Europar Batasunean. Halere, herrialde bakoitzak ordu-eremua hautatzeko aukera izango du, udaberriko ala udazkeneko ordutegiaren alde eginda.

Planetei dagokionez, udaberriko egnsentietan Venus, Saturno eta Jupiter nagusituko dira; ilunabarretan, aldiz, Artizarra.

Urtaroeran hasierak bat egin ohi dute Lurrak Eguzkiaren inguruko orbitan leku jakin bat hartzen duen unearekin. Udaberrian, adibidez, Eguzkiaren erdiguneak, Lurretik ikusita, zeruaren ekuatorea gurutzatzen du, iparralderako noranzkoan. Hori gertatzen denean, egunak eta gauak iraupen oso antzekoak dituzte. Horregatik, udaberriko ekinokzioa deitzen zaio fenomeno horri. 
Asko jota, hiru data ezberdinetan gerta daiteke ekinokzioa: martxoaren 19an, 20an edo 21ean. 
Iturrria: eitb.eus


2019-03-19

"STORY OF FLOWERS" (LOREEN HISTORIA) ANIMAZIO FILMA


Udaberria ate joka dugun honetan, loreen bizi-zikloa erakusten digun film eder bat partekatu nahi dugu zuekin. 
Azuma Makoto artista japoniarrak Story of Flowers (Loreen historia) izeneko animazio filma sortu zuen, umeei loreen bizi-zikloa irakasteko. Ideia hori bururatu zitzaion, bere alabari gai honi buruz irakasteko liburu edo pelikula egokiak aurkitu ez zituenean. 
Pelikula egiteko, Katie Scott artista britaniarra eta James Paulley animatzailea kontratatu zituen. 

Hiru minutu eta erdi irauten duen bideoak bizitzaren, berpizkundearen eta gainbeheraren ziklo jarraitua eta amaigabea erakusten digu. Gozatu ikuskizunarekin!

      
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...