2019-09-23

UDAZKENA!

Gaur hasi da udazkena. Gorriz, horiz eta urre kolorez tindatzen hasia da gure inguruko paisaia.
Ofizialki, gaur, irailak 23, 09:50an hasi da udazkena Ipar hemisferioan. Urtaro hau 89 egunez eta 20 orduz luzatuko da, abenduaren 22an neguan sartuko baikara. 
Urtero gertatzen den bezala, eguzki-orduak eta gauak denbora bera irauten dutenean hasten da udazkena, baina urtearen arabera egun hori aldatu daiteke.
Udazkenaren hasiera, gehienez ere, egutegiaren lau data ezberdinetan eman daiteke (irailaren 21etik 24ra). Udazkena XXI. mendean zehar, irailaren 22an eta 23an hasiko da, 2096an goiztiarrena izango delarik eta 2003an berantiarrena.
Eguzki orduak gutxitzen joango dira hemendik aurrera.
  HAMAIKA KOLOREKO LIBURUAZ BETETAKO UDAZKENA IZAN DEZAZULA!!
 
Michell Dowd-en ilustrazioa

2019-09-20

MOBY DICK HONDARRIBIKO LIBURUTEGIAN

Hondarribiko Udal Liburutegian itsasoa sartu da.
Herman Melville idazle amerikarraren jaiotzaren berrehungarren urteurrena dela eta, Hondarribiko Udal Liburutegiak datozen hilabetetarako bere lan famatuena den ‘Moby Dick’ eta itsasoarekin harremana duen jarduera desberdinez osatzen den programa zabala prestatu du. Film emanaldiak, solasaldiak, tailerrak, erakusleihoak eta kontzertuak egongo dira datozen hiru hileotan.
Badugu non murgildu udazken honetan!

2019-09-12

HEMEN GAUDE BERRIRO ERE!!

Gogotsu eta ilusioz ekin diogu ikasturte berriari. Bordari Mediateka liburu eta proposamen berriekin zuen zain dago. 

IRAKURKETA INTERESGARRIZ JOSITAKO IKASTURTEA IZAN DEZAZUELA!!

Liniers-en ilustrazioa

2019-06-25

IRAKURLEE IRAKURKETA GIDA. UDA 2019


Donostia Kulturako liburuzainek udan irakurtzeko liburuen gomendio gida berri bat prestatu dute. 2018an argitaratuak izan ziren liburuen artean 113 izenburu aukeratu dituzte.
Liburuak adin guztietako irakurleei zuzenduak daude eta haurrenak adinaren arabera sailkatuak agertzen dira. Irakurketa Errazeko liburuak, hau da, edozein arrazoirengatik irakurketarako zailtasunak dituen jendearentzako liburuak gomendioen artean tartekatzen dira. 

Ikusi/Deskargatu

2019-06-21

LIBURUTEGIKO LAGUNTZAILEAK

Ikasturtean zehar 6. mailako ikasle talde bat Mediatekako laguntzaile lanetan ibili da. Jolasgaraietan lan bikaina egin dute: mailegu eta itzulketak egin dituzte, liburuak apaletan ordenatu, apainketa lanak aldizka, erabiltzaile berriei lagundu... Jator eta prestu agertu dira eta Mediatekan giro polita sortu da.
Mila esker kuadrilla!!


2019-06-11

ZORIONAK NAHIA!

11. elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketako lan irabazleen artean, Talaiako ikaslea den Nahia Ugarteren ipuina aurkitzen da. D mailako (LH5-LH6) 1.saria jaso du Ugartek.
Alex Matxok egindako ilustrazioan oinarritutako Ganbarako kuadroa ipuina nabarmendu dute kategoria horretan. 
Zorionak idazle fin horrentzat! Aupa Nahia!!

2019-05-19

MUNDUBIRA HAMAIKA IPUINETAN

Liburuaren Nazioarteko Eguna apirilaren 23an ospatzen da, baina oporretan ginenez, maiatzaren 6an ospatu genuen Talaia eskolan. 
Aurtengo leloa MUNDUBIRA HAMAIKA IPUINETAN izan da. 
Egun horren aurretik, ekintza desberdinak burutu genituen: kartelak egin, pasiloetako eta eskaileretako apainketa, ipuinak irakurri, zigiluak egin, txartelak osatu... 
Maiatzaren 6an, goizeko 10etan, Biteri eta Bordariko ikasle guztiak elkartu ginen mundu zabaleko ipuinak entzuteko. Hogeita hamar irakurlek, guraso zein irakaslek, munduari bira irakurriz eman genion 4 urtetik hasi eta 12 urteko ikasleekin batera.


Hemen dituzue jardueraren hainbat irudi:

2019-04-02

HAUR LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2019


1967. urtetik, apirilaren 2an, Hans Christian Andersen danimarkar idazlearen jaiotegunean hain zuzen ere, IBBYk Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen du, haur eta gazteentzako kalitatezko liburuak bultzatzeko, eta gazteenen artean irakurtzeko zaletasuna sustatzeko.

Urtero IBBYren atal nazional batek du Haur Liburuaren Egunaren nazioarteko babeslea izateko aukera. Honek bere herrialdeko idazle bat eta ilustratzaile ezagun bat hautatzen ditu mundu osoko haurrei bidaltzen zaien mezua eta kartela egin dezaten.

Aurten Lituaniari egokitu zaio. Idazle eta margolaria den Kęstutis Kasparavičius-ek ipini dio aurtengo kanpainari mezua, horma-irudia eta leloa: LIBURUAK, LASAIAGO BIZITZEKO.

Idazlearen hitzak irakurtzera denbora ematera animatzen gaituzte:
"Liburuek presaka ez ibiltzen laguntzen digute, gauzei erreparatzen irakasten digute, eta aldi batez esertzera gonbidatzen, edo behartzen, gaituzte. Normalean eserita irakurtzen dugu, liburua mahai gainean edo eskuetan dugula, ezta?
Eta esperimentatu al duzu beste mirari bat, hots, zuk liburu bat irakurtzen duzunean, liburuak zu irakurtzen zaituela?"  
Mezua guztiontzat desio batekin amaitzen da: "Egon daitezela liburu interesgarriak irakurzaleentzat eta irakurle interesgarriak liburuentzat!"

Testua Iñaki Mendigurenek euskaratu du. Mezu osoa hemen irakurri dezakezu.



2019-03-26

IPUIN KONTARI: MAITE FRANKO

Bihar, martxoak 27, asteazkena, 18:00etan, Maite Franko ipuin kontalaria izango da Udal Liburutegian. 4-7 urte bitarteko haurrentzat izango da saioa.


2019-03-20

AGUR NEGUA, KAIXO UDABERRIA

Selçuk Demirel

Gaur hasiko da udaberria, 22:58an, eta 92 egun eta 18 ordu izango ditu, ekainaren 21era arte. Udaberria heldu eta ordu gutxira, urtaro horretako lehen ilbetea egongo da.
Urtaro berrian, argi orduek egunean hiru minutu gehiago iraungo dute. Gainera, ordulariak ordubete aurreratuko dira martxoaren 30etik 31era doan gauena. Hain zuzen ere, 02:00etan 03:00ak izango dira.
Astronomi Behatoki Nazionalaren arabera, baliteke 2019ko martxoan azkenekoz aldatzea ordua Europar Batasunean. Halere, herrialde bakoitzak ordu-eremua hautatzeko aukera izango du, udaberriko ala udazkeneko ordutegiaren alde eginda.

Planetei dagokionez, udaberriko egnsentietan Venus, Saturno eta Jupiter nagusituko dira; ilunabarretan, aldiz, Artizarra.

Urtaroeran hasierak bat egin ohi dute Lurrak Eguzkiaren inguruko orbitan leku jakin bat hartzen duen unearekin. Udaberrian, adibidez, Eguzkiaren erdiguneak, Lurretik ikusita, zeruaren ekuatorea gurutzatzen du, iparralderako noranzkoan. Hori gertatzen denean, egunak eta gauak iraupen oso antzekoak dituzte. Horregatik, udaberriko ekinokzioa deitzen zaio fenomeno horri. 
Asko jota, hiru data ezberdinetan gerta daiteke ekinokzioa: martxoaren 19an, 20an edo 21ean. 
Iturrria: eitb.eus


2019-03-19

"STORY OF FLOWERS" (LOREEN HISTORIA) ANIMAZIO FILMA


Udaberria ate joka dugun honetan, loreen bizi-zikloa erakusten digun film eder bat partekatu nahi dugu zuekin. 
Azuma Makoto artista japoniarrak Story of Flowers (Loreen historia) izeneko animazio filma sortu zuen, umeei loreen bizi-zikloa irakasteko. Ideia hori bururatu zitzaion, bere alabari gai honi buruz irakasteko liburu edo pelikula egokiak aurkitu ez zituenean. 
Pelikula egiteko, Katie Scott artista britaniarra eta James Paulley animatzailea kontratatu zituen. 

Hiru minutu eta erdi irauten duen bideoak bizitzaren, berpizkundearen eta gainbeheraren ziklo jarraitua eta amaigabea erakusten digu. Gozatu ikuskizunarekin!

      

2019-03-18

BELARDOREN BARATZA HONDARRIBIKO LIBURUTEGIAN

Udaberria dela eta ospatzeko, Udal Liburutegian antolatu duten egitasmo baten berri eman nahi dizuegu: BELARDOREN BARATZA, ORTU ETA KOMIKI TAILERRA. Baratzea Liburutegira ekartzea eta Liburutegia Baratzera eramatea proposatzen digute jarduera eta ekintza desberdinak eskainiz. Lehenengo saioa martxoaren 20an, asteazkenean, 18:00etan izango da. 

Egitarau osoa:    
                                        
 UDABERRIA HONDARRIBIKO LIBURUTEGIAN

- Belardoren Baratza ikastaroa. 1. saioa
               Izena ematea gomendatzen dugu
               Martxoaren 20an 18:00etan. 7-11 urtekoentzat.
               Liburutegian.

- Zizareak elikatzen eta Liburutegiko baratzaren zaintza
               Martxoaren 20tik ekainaren 12a arte.
               Liburutegian.

- Xixare elkartearen baratzera bisita.
               Maiatzaren 18. 11etan
               Liburutegitik Amutera oinez joango gara.

- Belardoren Baratza ikastaroa. 2. saioa
               Ekainaren 12an 18:00etan. 7-11 urtekoentzat.
               Liburutegian.

- Baratza erakusketa.
                Ekainaren 17tik 21a arte.
                Liburutegian.


 
Liburutegiko ikastaro/tailerretan Iñaki Martiarena “Mattin” (Belardoren Baratza-ren marrazkilaria, Berria egunkariko Amona Mantangorrin agertzen den tira) izango da begirale/laguntzaile.

Ikastaro/tailerra 7-11 urtekoekin egin nahi dute, baina gainontzeko ekintzetan denok parte hartzeko aukera izango dugu. 
Tailerretan parte hartzeko, aldez aurretik izena ematea komeni da: Liburutegian bertan, 943 111 285 telefonoan edo liburutegia@hondarribia.eus helbidean.

Guztia doanekoa da.
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...