2020-05-29

EKAINEKO KULTUR AGENDA BIRTUALA

Hondarribiko udalak ekainerako prestatuko kultur agenda birtualaren berri eman du. Maiatzaren hasieratik, ostiralero, larunbatero eta igandero saioak online emititzen ditu. Udalaren webgunean eta sare sozialetan jarrai daitezke ekitaldi horiek, 18:30ean, baina horrez gain, Hondarribia Kultura izenpeko Youtube kanalean sei egunez ikusgai ere daude.

Lupe Lekuona ipuin kontalaria
     Asteburu honetan ondoko ekitaldiak izango dira:

   - Hilak 29: Farrandula antzerki taldearen El fin del 
     confinamiento izenpeko emanaldia.

   - Hilak 30: Lupe Lekuonaren Ba al dago lekurik niretzat?
     ipuin kontaketa.

   - Hilak 31: Ilea apaintzeko alanbre eta azazkal
    esmaltearekin apaingarriak egiteko tailerra Axalian-en
    eskutik.



Ekaineko agenda osoa  HEMEN, Bidasoko Hitzaren albistean, aurkituko duzue.

2020-05-25

IPUIN BAT: HAU BAI ISTORIO BITXIA!

Ez da erraza istorio bat asmatzea. Eta batzuetan ez da zaila.
Batzuetan bakarrik sortzen da. Besteetan, berriz, denbora gehiago behar...
   Eneko Etxegarai: Hau da istorio bitxia!, Denonartean, 2019
 

2020-05-21

LIBURU BERRIAK

Mediatekako Liburu berrien txokoan dauden argitalpenak ikusi nahi? Hementxe duzue erakuslehio bat. Otsailetik hona jasotako hainbat liburu ikus ditzakezue. Azal bakoitzaren gainean sakatuta liburuaren informazioa aurkituko duzue.

2020-05-18

BOLONIAKO AZOKA

Urtero, udaberrian, Boloniako Haur Liburuen Azoka ospatzen da. Haurrentzako produkzioaren arloan nazioarteko azoka nagusia da Boloniako hau.
Aurten ordea, azoka ez da ohikoan bezala ospatu, ekitaldi asko bertan behera geratu dira eta beste asko modu birtualean eraman dituzte edo eramaten ari dira aurrera.
Azokako "museoan" gure etxetik sar gaitezke eta ikusi hainbat nobedade eta erakusketa. Guk ilustrazioen galeria aukeratu dugu bisita egiteko. Irudian sakatuta ilustratzaileen lan desberdinak ikus ditzakegu. 
Badugu non galdu eta gozatu!!

2020-05-14

LIBURUAREN EGUNA 2020, ETXEAN IRAKURTZEN

Liburuaren Egunean egindako gonbidapenari erantzunez jasotako ekarpenak bildu ditugu bideo honetan. 
Eskerrik asko egin duzuen ahaleginagatik, eta Liburuaren Eguna gaur, bihar... eta egunero izatea nahi dugulako, nahi duzuenean bidali zuen proposamenak Mediatekara, hementxe izango duzue leiho bat zabalik eta!

2020-05-12

DENBORA-PASAK: IKUSBERA

Jolas-gune honetan era desberdinetako denbora-pasak aurkituko dituzue, baita eskulanak egitego ideia asko ere. Webgune honek Aiurri Txiki aldizkarian argitaratutako jolasak ditu abiapuntu.

Irudian sakatu aukerak ikusteko. Sartu eta ondo pasa!


2020-05-09

MIREN ETA ITZIAR: SUMENDI BAT DAUKAT

Miren Irurzunek eta Itziar Ziemkiewiczek, ama-alabak, Tengo un volcán ipuina euskaratu eta kontakizuna ondorengo bideoan grabatu dute.
Tengo un volcán (Carambuco ediciones) liburuaren egileak Míriam Tirado eta Joan Turu dira.  Sumendi bat daukat istorioan, barruan daukagun amorrua nola bideratu dezakegun kontatuko digu Mirenek. 

Entzun eta ikusi bada!!

2020-05-06

NIK ETXEAN ESPERIMENTUAK

Elhuyarrek Bizilaberen webgunean maiatzerako #NikEtxeanEsperimentuak egutegia argitaratu du. 
Lau asteko zientzia eta teknologia-erronkak proposatu ditu. Astelehenetik ostegunera erronkak izango dira egunero, eta, ostiraletan, ikertzaile gazte batekin solasaldia.

Apirileko egutegia bezala, hau ere dinamikoa da. Nahi den esperimentuan klikatu eta dokumentu bar irekitzen da argibide guztiekin.

Orokorrean 10-15 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintzak dira, baina familian zientzia eta teknologia-jarduerak bultzatzeko asmoz, gurasoak haur txikiagoekin ere erronkak egitera gonbidatu nahi dira. 

Egizu froga!! Gauko erronka: Mezu sekretuak: kriptexa

2020-05-05

TARTALO

Tartaloren kondaira kontatuko digute Jokin Mitxelenak eta Aitziber Salinasek. Salinasek kondaira kontatzen duen bitartean, Mitxelena irudiak marrazten joango da, istorioa irudikatuz. 

Tartalo gure mitologiako jeinu gaizto bat da. Begi bakarreko gizon erraldoi hau, lanbidez artzaina da. Herrietako gazteak bahitu eta jan egiten ditu inguruetan izua eraginez. 

2020-05-04

IRATI ETA LIBURUAK

Irati Gonzalez-i irakurtzea asko gustatzen zaio eta horren zergatia agertzen digu ondorengo bideoan.

2020-04-30

AIUR ETA JOSUNE: INFINITU

Liburuaren Eguna ospatzen jarraitzen dugu. Aiur Arozenak eta Josune Labandibarrek, ama-semeak, bidalitako olerkia duzue oraingoan. Gozatu!!

2020-04-28

AHO-KORAPILOA

Aho-korapiloekin jolasean. Ezetz hogei aldiz trabatu gabe esan!



Mihia askatu eta hitzekin jolasean jarraitu nahi baduzu, ondoren dituzu liburu dibertigarri batzuk. Barruan igarkizunak, aho-korapilo pilo bat, olerki motzak eta umorezko testuak aurkituko dituzu.
Hitzaren giltza, hitzaren giltza, ahoa ireki eta elkarrekin mintza

2020-04-27

KAROLINA ETA NAIAREN IPUINAK

Karolina eta Naia Sainz de Bikuñak, ama-alabak, Euskalerria irratiko Etxeko ipuhinak tarterako grabatu zituzten bi audio-ipuin luzatu dizkigute eta zuekin partekatu nahi izan ditugu.
Bi ipuin hauek entzun ondoren, ziur gaude gehiago entzuteko gogoa piztuko zaizuela. Bada, etxeko-ipuhinak estekan sakatu eta beste ipuin asko entzuteko aukera izango duzue. Sartu eta gozatu!
Mila esker Karolina eta Naia!! 

https://euskalerriairratia.eus/nafarroa/1585135175850-hondarribiko-ama-alabak-ipuina-mar25-2020

https://euskalerriairratia.eus/nafarroa/1585907718820-ipuina-ap3-2020

2020-04-22

LIBURUAREN EGUNA 2020

Irudia: Louise C Bergeron
Apirila liburuaren hilabetea da. Hilaren 2an hasi, Haur Liburuaren Nazioarteko Egunarekin, eta 23an bukatu, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin. Bi egunak ezohiko moduan ospatu ditugu, etxean.
Egun batzuk pasa beharko dira oraindik, liburutegi, liburu-denda eta azoketan murgiltzeko.
Baina horrela izanda ere, bidaiatzen jarraituko dugu eskura ditugun liburuekin, sarean eskuratu ditzakegunekin eta guk asmatutako istorioekin.

Urtero eskolan jarduera desberdinak antolatzen ditugu Liburuaren Egunaren inguruan. Aurten etxeetatik parte hartzeko gonbidapena egin dizuegu. Liburuak partekatzeko uneak bilatu eta bidali zuen audioak, bideoak edo argazkiak. Zuen ekarpenen zain gaude.
Animatu eta partea hartu!!

Irudia: Susana Rosique

2020-04-20

ARTEAREKIN KONTATU NAHI DIZUGU

Bilbo Arte Ederren Museoak artearekin gozatzeko soinu-dokumentuak egin dituzte 5 eta 10 urte bitarteko haurrentzat. Bildumako hainbat artelanetan inspiratutako kontakizunak dira. 
"Kontatu nahi dizugu nola aurkitu zuen haizeak bere etxea, nola egiten dituen klimak argiak, gorriz jantzitako emakumearen istorioa... "
Museoko webgunean familian jarduteko bestelako proposamenak ere aurkituko dituzue, adibidez, margotzeko irudi-sorta bat bertako bildumako pinturak abiapuntutzat hartuta, edo artelanekin jolasteko App-a. 

Sakatu irudian eta gozatu!

https://www.museobilbao.com/eu/actualidad/artearekin-kontatu-nahi-dizugu-416


2020-04-17

LIBURU BAT: ARRAROA

Egun arraro hauetan, etxean gauden hauetan, leihoek protagonismo handia hartu dute. Bizilagunak hortxe ditugu, hurbil, baina leihoetan edo balkoietan baino ez ditugu ikusten. Eta etxe barruan, hormen atzean zer gertatzen da? 

Liburu honen bidez, modu umoretsuan, hainbat bizilagunen etxeetara sartuko gara.


ARRAROA

Idazlea: Ainara Azpiazu "Axpi"
Ilustratzailea: Paula Estevez
PAMIELA, 2017










Kalandraka-Pamiela kanalean, Ainara Azpiazu "Axpi"-k, berak idatzitako liburua ekartzen digu gogora. Egun hauetako egoerarekin liburuak duen antzekotasunagatik aukeratu du eta besteekiko ditugun uste eta aurreiritziaz hausnartzeko gonbidapena egiten digu.
Zer pentsatua emango digu liburuak, elkarrekin irakurtzeko eta solasteko aukera polita!

2020-04-04

LEIHOTIK BEGIRA. MADDALEN ARZALLUS

Bertso ikasgelatik jaso ditugu Maddalen Arzallusek leihotik begira udaberriari jarritako bertsoak. Esteka horretan bertsoak entzuten eta egiten ongi pasatzeko hamaika proposamen aurkituko dituzu.

SARTU, IKUSI, KANTATU ETA SORTU!!

                         

2020-04-03

HANS CHRISTIAN ANDERSENEN EBAKIGARRIAK

Atzo ospatu zen Haur Liburuen Nazioarteko Eguna, Hans Christian Andersenen jaiotegunean. Badakigu duela 215urte jaio zen idazlea munduko ezagunenetakoa dela. Haurrentzako ipuin asko idaztzi zituen, baina bestelako testuaka ere, eleberriak, poemak eta bidai liburuak, besteak beste. 
Bere ipuinak, ziurrenik, sarritan irakurri ditugu, askotan bertsioak, eta pelikulak ikusi ditugu horien egokitzapenak eginez: Sirenatxoa, Ahatetxo itsusia, Berunezko soldadutxoa... 
Baina badakizue? Andersenek bazuen zaletasun handi bat... paperezko figurak moztea, ebakigarriak egitea!! Bai, beti eramaten zituen guraizeak berekin eta edozein paperekin (kontzertu bateko egitaraua, eskutzitz bat...) irudi zainduak mozten zituen.

Ipuinak kontatzen zituen bitartean paper-siluetak mozten zituen. Haurrek (eta ez hain gazteek ere) guraizeen mugimenduari jarraitzen zieten ipuinak entzuten zituzten bitartean eta bukatzean, Andersenek, eskuetan zeukan ebakigarria zabaltzen zuen entzuleak liluratuz.
Sorkuntza libreko joko horretan autoerretratuak, tximeletak, dantzariak, ekialdeko jauregiak, eszenatokiak... sortu zituen.
Egindako ebakigarriak oparitu egiten zituen eta horietako asko Hans Christian Andersen museoan jasota daude.

Ondoren dituzu idazleak egindako hainbat ebakigarri :

Autoerretratua
 











2020-04-02

HAUR LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2020



1967. urteaz geroztik, apirilaren 2an, Hans Christian Andersen jaio zen egunean hain zuzen ere, IBBYk Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna antolatzen du, haur eta gazteentzako kalitatezko liburuak bultzatzeko eta gazteen artean irakurtzeko zaletasuna sustatzeko. 

Urtero IBBYren atal nazional batek hartzen du eguna sustatzeko ardura. Honek bere herrialdeko idazle bat eta ilustratzaile ezagun bat hautatzen ditu mundu osoko haurrei bidaltzen zaien mezua eta kartela egin dezaten eta liburutegietan, ikastetxeetan, liburu-dendetan... ospakizuna susta dezaten.

Aurten, Esloveniari egokitu zaio. Kartela Damijan Stepančič ilustratzaileak egin du eta Peter Svetina idazleak Hitz-goseak testua idatzi du. Haren hitzek, Xabier Mendigurenek itzuliak, olerkiak eta istorioak irakurtzera bultzatzen gaituzte, hitzak asebetetzeko.
Mezuaren bukaera aldera galdera bat agertzen da: "Hala ere, ba ote da itxaropenik gose hau hitzen bidez inoiz asebete ez dutenentzat?". Erantzuna jakiteko, mezu osoa irakurtzera animatzen zaituztegu: 

            

          HITZ GOSEA

Ni bizi naizen tokian, zuhaixkak apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran berdetzen dira. Handik gutxira, tximeleta-krisalidaz betetzen dira, eta kotoizko bolatxoak edo azukre-kotoiak ematen dute. Pupek hostoz hosto irensten dituzte zuhaixkak, biluzik utzi arte. Garatzen direnean, tximeletak hegan ateratzen dira, baina zuhaixkak ez dira suntsituta geratzen. Uda iristean, berriro berdetzen dira, eta horrela behin eta berriz.
Hori idazlearen irudi da, poetaren irudi. Idazten dituzten istorioek eta poemek barrua janda, ahituta, odolustuta uzten dituzte idazleak, eta, amaitu ondoren, beren hegaldiari ekiten diote istorio eta poema horiek, liburuetara erretiratu eta irakurleak aurkituz. Etengabe errepikatzen da hau.
Eta zer gertatzen da istorio eta poema horiekin?
Ezagutzen dut begietan ebakuntza egin behar izan zioten mutil bat. Ebakuntza egin ostean, bi astez eskuineko aldera bakarrik utzi zioten etzaten, eta ondoren, beste hilabete batez ezin izan zuen ezer irakurri. Hilabete eta erdi geroago, berriro liburu bat hartu zuenean, hitzak katilutik koilara batez biltzen ariko balitz bezala sentitu zen, haiek jaten ari balitz bezala. Benetan, jaten.
Eta ezagutzen dut orain irakasle den neska bat. Esan zidan: gurasoek libururik irakurtzen ez zieten haurrak pobretuta daude.
Hitzak poemetan eta ipuinetan elikagai dira. Ez gorputzaren elikagai, ez zure urdaila bete dezakeen elikagai. Espirituarentzat eta arimarentzat dira elikagai.
Norbait gose edo egarri denean, urdaila uzkurtu eta ahoa lehortzen zaio. Jateko zerbait bilatzen du, ogi-puska bat, plater bat arroz edo arto, arrain edo platano bat. Zenbat eta gose handiagoa izan, orduan eta mugatuagoa haren ikuspegia; ez du ikusten ase dezakeen janaria besterik.
Hitz-gosea, ordea, beste era batera agertzen da: goibeltasun, ezjakintasun, harrokeria gisa. Horrelako gosea dutenak ez dira ohartzen arima hotzikarek hartua dutela, euren ondotik igarotzen ari direla konturatu gabe. Beren munduaren zati bat urrunduz doakie oharkabean.
Gose-mota hori asetzen dute poemek eta istorioek.
Hala ere, ba ote da itxaropenik gose hau hitzen bidez inoiz asebete ez dutenentzat?
Bai, bada. Mutil hark ia egunero irakurtzen du. Maistra den neskak ipuinak irakurtzen dizkie ikasleei, ostiralero, astero. Inoiz ahazten bazaio, haurrek berehala gogorarazten diote.
Eta zer gertatzen da idazlearekin, poetarekin? Uda iristean, berriro berdetuko dira. Eta berriro ere, barrena jango diete beren istorioek eta poemek, gero norabide guztietan irtengo direlarik hegan, behin eta berriz.



2020-04-01

TOPIC, TXOTXONGILO MUSEORA BISITA

Egun hauetan, gure etxetik, Tolosako Topic txotxongilo museora bisita birtuala egin dezakegu www.topictolosa.com helbidean sartuta. Bisitaz gain, egun hauetarako bi proposamen nabarmendu nahi ditugu: PLATOPIC eta MUSEOKO PERTSONAIEI BISITA GIDATUA. Egunero, astelehenetik ostiralera, txotxongiloak egiteko tailer bat eskaintzen digute eta museoko txotxongilo panpin bat aurkezten digute. 

Asmatu edo entzun dituzuen ipuin edo istorioak etxekoei kontatzeko aukera eder bat izan daiteke txotxongilo ikuskizun bat prestatzea. PLATONIC bideo proposamenetan makina bat ideia dituzue.
Etxean solte ditugun galtzerdi horiekin, adibidez, begira zer egin dezakegun!

2020-03-31

MAITE FRANKO ETA BINOMIO FANTASTIKOA

Maite Franko ipuin kontalariak etxean familia arteko giroan ipuinak sortzeko ariketa bat erakusten digu ondorengo bideoan: Gianni Rodariren BINOMIO FANTASTIKOA. Baina hori ez da egiten digun proposamen bakarra, grabazioaren bukaeran erronka bat luzatzen digu, jakin nahi zer den? Ikusi bideo polit hau eta parte hartu!!
ESKERRIK ASKO MAITE!!

2020-03-30

IPUIN BAT: KEZKAMUXELAK


IDAZLEA: Anthony Browne
ITZULTZAILEA: Koldo Eizagirre
ARGITALETXEA: Pamiela etxea-Kalandraka
ISBN: 978-84-9172-018-8



Ibai beti dago kezkatan. Kapeluek eta zapatek kezkatzen dute. Hala berean kezkatzen dute hodeiek, euriak eta txori erraldoiek.
Bere amona ere, neskatoa zelarik, kezka batean bizi zen, horregatik daki nola lagundu behar dion bilobari.







Beste kultura baten ateak zabaltzen dizkigun sinboloa dira Kezkamuxelak izeneko mamuxela edo panpina bereziak. Aspaldi du Guatemalako haurrek panpinok egiten dituztela txotxez, zatartxoz eta hariz; lotarakoan beren kezkak kontatzen dizkiete eta burukoaren azpian uzten dituzte, biharamunean kezkarik gabe jaiki ahal izateko.
Etxeko apalategian baduzu? Hala ez bada, eta Mediateka ireki bitartean, azpiko bideoan ikusi eta entzun dezakezu ipuina. 

Kezkamuxelak Anthony Browne
 

Gustatu al zaizu? Eta zure panpintxo propioak sortuko bazenitu? Zotzak, pintza txikiak, paperak, pipa garbitzaileak, kolore desberdinetako oihalak eta koloretako hariak (edo eskura dituzun beste materialak) erabili ditzakezu zure pena-kentzaileak egiteko eta egin ondoren, badakizu, kezkak hari kontatu, eta lotara joatean, burkoaren azpian jarri. ONDO LOIN!!

2020-03-27

ESPERIMENTUAK ETXEAN

Elhuyarrek etxeko txiki eta gazteenekin etxean esperimentuak egiteko gonbidapena ekarri dugu gure blog-era.
#NikEtxeanEsperimentuak egutegia sortu du COVID-19aren hedapenaren eraginez etxean isolamendu egunak arintzeko, eta, bide batez, zientziaren inguruko kontzeptu desberdinak modu dibertigarrian familiartean ikasteko. 

SAKATU HEMEN ESPERIMENTUEN EGUTEGIRA JOATEKO
Egutegi dinamikoa etxeko txiki eta gazteei zuzenduta dago. Bertan, nahi den esperimentua klikatu eta dokumentu bat irekitzen da, argibide guztiekin. 

Proposatzen diren esperimentuak etxean izan ditzakegun material eta tresnekin egingarriak dira; apirileko egun bakoitzerako bi esperimentu proposatzen dira: bata (H) haurrei zuzenduta dago, eta bigarrenak, berriz, gazteei (G) egiten die proposamena. Esperimentu bakoitzari dagokio estekan sakatuz, esperimentua egiteko argibide guztiak dituen dokumentua zabaltzen da. 

Esperimentuen emaitzak edo iradukizunak konpartitu nahi duenak #NikEtxeanEsperimentuak traola erabili dezake sare sozialetan zabaltzeko.

Beraz, badugu zer esperimentatu eta partekatu etxeko txiki eta gazteekin. Animatu!!


2020-03-25

MANTANGORRI GEHIGARRIA

Gaurtik aurrera, larunbatetan eta asteazkenetan argitaratuko da Mantangorri, BERRIAK haurrentzat eginiko gehigarria, alarma egoera dela eta.

Sarean eskura duzue asteazkenetako lehen Mantangorri gehigarri berezia.

https://www.berria.eus/pdf_artxiboa/2020/2020-03-25_MANTANGORRI_094053c1083cc4f7.pdf

ETXEGIROAN: IPUINAK ENTZUTEKO TXOKOA

Ipuin bat entzun nahi? Sakatu beheko irudian eta ipuin mordoa topatuko duzue bertan!

Ipuin laburrak, mikroipuinak, poemak, liburu osoak edo horien pasarteak topa daitezke www.etxegiroan.com atarian. Helduentzat, gazteentzat eta umeentzat prestaturiko lan horiek euskaraz zein gaztelaniaz entzun daitezke.


2020-03-24

Poesiaren Egunaren harian: XOMORROPOEMAK ETA PIZTIPOEMAK

Igandean, martxoaren 21ean, Poesiaren Eguna izan zen. Horren harira, haurrekin irakurtzeko eta irudiekin gozatzeko, bi poema liburu eder aukeratu ditugu: Xomorropoemak eta Piztipoemak (PAMIELA).

Poemak Leire Bilbaok idatzi ditu eta irudiak Maite Mutuberriarenak dira. 

Xomorropoemak eta beste piztia batzuk, txikitxoentzat edo poesian hasiberrientzat pentsatua dago eta Piztipoemak eta beste xomorro batzuk, irakurle pixka bat helduagoei zuzendua dago, Xomorropoemei jarraipena emateko.


Poemak xomorroak bezala, ustekabean agertzen dira. Eta ziztatu egiten dute. Eta kosk. Eta azalean koskor txikiak utzi, egunetan joaten ez direnak.


Xomorropoemak eta Piztipoemak from Maite Mutuberria on Vimeo.

2019-12-20

EGUBERRIETARAKO LIBURU GOMENDIOA

Gabonetako oporrak gainean ditugula, ez ahaztu, mediatekako irakurle maiteok, liburu-titulu batzuk jartzea Olentzerori bidaliko diozuen gutunean.
Eskola Liburutegietako taldeak egindako gida txikian dauden gomendioak lagungarri izan daitezke aukeratzeko garaian. Ikusteko sakatu argazkiaren gainean.

https://drive.google.com/file/d/1eXus-yYpEaVtkWPGiiH0lb_6soM0hX3h/view?usp=sharing

 EGUBERRI ON!!

2019-12-17

IPUINAK KONTATZEAREN GARRANTZIA

Chris Sheban-en ilustrazioa
Joan den larunbatean, abenduak 14, Berria egunkarian argitaratutako artikulu interesgarri bat ekarri dugu hona. 
Haurrei ipuinak kontatzearen garrantziaz hitz egiten digute bertan, haur literaturan eskarmentu handia duten, Pello Añorga eta Maite Franko, idazle eta ipuin kontalariak, eta Juan Carlos Alonso psikologoak. 
Ipuina bera baino gehiago, ipuina kontatzeko espazioaren eta momentuaren garrantzia nabarmendu dute hiru adituek.
Haurrei ipuinak kontatzeak balio du ondo pasatzeko, helduen eta haurren arteko harremanak estutzeko, haurrak bere barne mundua garatzeko, irudimena askatzeko, ahozkotasuna lantzeko, eguneroko zurrunbiloan eten bat egiteko... Ekintza sinplea da, baina zaindu beharrekoa. 
Jakes Goikoetxearen Ipuinezko zilbor heste bat erreportajea irakurtzen hemen jarraitu dezakezu.

2019-12-12

EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA


Egitaraua ikusteko sakatu irudiaren gainean
Gaurtik igandera arte ospatuko da "XXIV. Euskal Liburu eta Disko Azoka", Hondarribiko Arrantzale auzoan. Durango azokan aurkeztutako berritasunak eta bildutako eskaintza nagusiak ezagutzera emango ditu euskal kulturara dedikatutako guneak.
Gaur, hilak 12, 12:00etan, Udaletxeko batzar-aretoan, prentsaurrekoa egingo da azoka aurkezteko, eta  Josu Zabaleta idazleak «Hondarribi» saria jasoko du.

Asteburuan, Jon Arretxe idazleak bere lanak sinatzen egongo da azokan.
Azokaren ordutegia:
– Goizez: 11:00etatik 13:30era
– Arratsaldez: 17:00etatik 20:00etara
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...