2020-04-01

TOPIC, TXOTXONGILO MUSEORA BISITA

Egun hauetan, gure etxetik, Tolosako Topic txotxongilo museora bisita birtuala egin dezakegu www.topictolosa.com helbidean sartuta. Bisitaz gain, egun hauetarako bi proposamen nabarmendu nahi ditugu: PLATOPIC eta MUSEOKO PERTSONAIEI BISITA GIDATUA. Egunero, astelehenetik ostiralera, txotxongiloak egiteko tailer bat eskaintzen digute eta museoko txotxongilo panpin bat aurkezten digute. 

Asmatu edo entzun dituzuen ipuin edo istorioak etxekoei kontatzeko aukera eder bat izan daiteke txotxongilo ikuskizun bat prestatzea. PLATONIC bideo proposamenetan makina bat ideia dituzue.
Etxean solte ditugun galtzerdi horiekin, adibidez, begira zer egin dezakegun!

2020-03-31

MAITE FRANKO ETA BINOMIO FANTASTIKOA

Maite Franko ipuin kontalariak etxean familia arteko giroan ipuinak sortzeko ariketa bat erakusten digu ondorengo bideoan: Gianni Rodariren BINOMIO FANTASTIKOA. Baina hori ez da egiten digun proposamen bakarra, grabazioaren bukaeran erronka bat luzatzen digu, jakin nahi zer den? Ikusi bideo polit hau eta parte hartu!!
ESKERRIK ASKO MAITE!!

2020-03-30

IPUIN BAT: KEZKAMUXELAK


IDAZLEA: Anthony Browne
ITZULTZAILEA: Koldo Eizagirre
ARGITALETXEA: Pamiela etxea-Kalandraka
ISBN: 978-84-9172-018-8



Ibai beti dago kezkatan. Kapeluek eta zapatek kezkatzen dute. Hala berean kezkatzen dute hodeiek, euriak eta txori erraldoiek.
Bere amona ere, neskatoa zelarik, kezka batean bizi zen, horregatik daki nola lagundu behar dion bilobari.







Beste kultura baten ateak zabaltzen dizkigun sinboloa dira Kezkamuxelak izeneko mamuxela edo panpina bereziak. Aspaldi du Guatemalako haurrek panpinok egiten dituztela txotxez, zatartxoz eta hariz; lotarakoan beren kezkak kontatzen dizkiete eta burukoaren azpian uzten dituzte, biharamunean kezkarik gabe jaiki ahal izateko.
Etxeko apalategian baduzu? Hala ez bada, eta Mediateka ireki bitartean, azpiko bideoan ikusi eta entzun dezakezu ipuina. 

Kezkamuxelak Anthony Browne
 

Gustatu al zaizu? Eta zure panpintxo propioak sortuko bazenitu? Zotzak, pintza txikiak, paperak, pipa garbitzaileak, kolore desberdinetako oihalak eta koloretako hariak (edo eskura dituzun beste materialak) erabili ditzakezu zure pena-kentzaileak egiteko eta egin ondoren, badakizu, kezkak hari kontatu, eta lotara joatean, burkoaren azpian jarri. ONDO LOIN!!

2020-03-27

ESPERIMENTUAK ETXEAN

Elhuyarrek etxeko txiki eta gazteenekin etxean esperimentuak egiteko gonbidapena ekarri dugu gure blog-era.
#NikEtxeanEsperimentuak egutegia sortu du COVID-19aren hedapenaren eraginez etxean isolamendu egunak arintzeko, eta, bide batez, zientziaren inguruko kontzeptu desberdinak modu dibertigarrian familiartean ikasteko. 

SAKATU HEMEN ESPERIMENTUEN EGUTEGIRA JOATEKO
Egutegi dinamikoa etxeko txiki eta gazteei zuzenduta dago. Bertan, nahi den esperimentua klikatu eta dokumentu bat irekitzen da, argibide guztiekin. 

Proposatzen diren esperimentuak etxean izan ditzakegun material eta tresnekin egingarriak dira; apirileko egun bakoitzerako bi esperimentu proposatzen dira: bata (H) haurrei zuzenduta dago, eta bigarrenak, berriz, gazteei (G) egiten die proposamena. Esperimentu bakoitzari dagokio estekan sakatuz, esperimentua egiteko argibide guztiak dituen dokumentua zabaltzen da. 

Esperimentuen emaitzak edo iradukizunak konpartitu nahi duenak #NikEtxeanEsperimentuak traola erabili dezake sare sozialetan zabaltzeko.

Beraz, badugu zer esperimentatu eta partekatu etxeko txiki eta gazteekin. Animatu!!


2020-03-25

MANTANGORRI GEHIGARRIA

Gaurtik aurrera, larunbatetan eta asteazkenetan argitaratuko da Mantangorri, BERRIAK haurrentzat eginiko gehigarria, alarma egoera dela eta.

Sarean eskura duzue asteazkenetako lehen Mantangorri gehigarri berezia.

https://www.berria.eus/pdf_artxiboa/2020/2020-03-25_MANTANGORRI_094053c1083cc4f7.pdf

ETXEGIROAN: IPUINAK ENTZUTEKO TXOKOA

Ipuin bat entzun nahi? Sakatu beheko irudian eta ipuin mordoa topatuko duzue bertan!

Ipuin laburrak, mikroipuinak, poemak, liburu osoak edo horien pasarteak topa daitezke www.etxegiroan.com atarian. Helduentzat, gazteentzat eta umeentzat prestaturiko lan horiek euskaraz zein gaztelaniaz entzun daitezke.


2020-03-24

Poesiaren Egunaren harian: XOMORROPOEMAK ETA PIZTIPOEMAK

Igandean, martxoaren 21ean, Poesiaren Eguna izan zen. Horren harira, haurrekin irakurtzeko eta irudiekin gozatzeko, bi poema liburu eder aukeratu ditugu: Xomorropoemak eta Piztipoemak (PAMIELA).

Poemak Leire Bilbaok idatzi ditu eta irudiak Maite Mutuberriarenak dira. 

Xomorropoemak eta beste piztia batzuk, txikitxoentzat edo poesian hasiberrientzat pentsatua dago eta Piztipoemak eta beste xomorro batzuk, irakurle pixka bat helduagoei zuzendua dago, Xomorropoemei jarraipena emateko.


Poemak xomorroak bezala, ustekabean agertzen dira. Eta ziztatu egiten dute. Eta kosk. Eta azalean koskor txikiak utzi, egunetan joaten ez direnak.


Xomorropoemak eta Piztipoemak from Maite Mutuberria on Vimeo.

2019-12-20

EGUBERRIETARAKO LIBURU GOMENDIOA

Gabonetako oporrak gainean ditugula, ez ahaztu, mediatekako irakurle maiteok, liburu-titulu batzuk jartzea Olentzerori bidaliko diozuen gutunean.
Eskola Liburutegietako taldeak egindako gida txikian dauden gomendioak lagungarri izan daitezke aukeratzeko garaian. Ikusteko sakatu argazkiaren gainean.

https://drive.google.com/file/d/1eXus-yYpEaVtkWPGiiH0lb_6soM0hX3h/view?usp=sharing

 EGUBERRI ON!!

2019-12-17

IPUINAK KONTATZEAREN GARRANTZIA

Chris Sheban-en ilustrazioa
Joan den larunbatean, abenduak 14, Berria egunkarian argitaratutako artikulu interesgarri bat ekarri dugu hona. 
Haurrei ipuinak kontatzearen garrantziaz hitz egiten digute bertan, haur literaturan eskarmentu handia duten, Pello Añorga eta Maite Franko, idazle eta ipuin kontalariak, eta Juan Carlos Alonso psikologoak. 
Ipuina bera baino gehiago, ipuina kontatzeko espazioaren eta momentuaren garrantzia nabarmendu dute hiru adituek.
Haurrei ipuinak kontatzeak balio du ondo pasatzeko, helduen eta haurren arteko harremanak estutzeko, haurrak bere barne mundua garatzeko, irudimena askatzeko, ahozkotasuna lantzeko, eguneroko zurrunbiloan eten bat egiteko... Ekintza sinplea da, baina zaindu beharrekoa. 
Jakes Goikoetxearen Ipuinezko zilbor heste bat erreportajea irakurtzen hemen jarraitu dezakezu.

2019-12-12

EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA


Egitaraua ikusteko sakatu irudiaren gainean
Gaurtik igandera arte ospatuko da "XXIV. Euskal Liburu eta Disko Azoka", Hondarribiko Arrantzale auzoan. Durango azokan aurkeztutako berritasunak eta bildutako eskaintza nagusiak ezagutzera emango ditu euskal kulturara dedikatutako guneak.
Gaur, hilak 12, 12:00etan, Udaletxeko batzar-aretoan, prentsaurrekoa egingo da azoka aurkezteko, eta  Josu Zabaleta idazleak «Hondarribi» saria jasoko du.

Asteburuan, Jon Arretxe idazleak bere lanak sinatzen egongo da azokan.
Azokaren ordutegia:
– Goizez: 11:00etatik 13:30era
– Arratsaldez: 17:00etatik 20:00etara

2019-11-14

GAUR ZINERA JOAN GARA

Gaur, azaroak 13, 3. eta 4. mailako ikasleek Oker filma ikusteko aukera izan dute Itsas Etxeko Auditoriumean "Euskara zine aretoetara, Tinko" programaren barruan.
Stuart McDonald-ek zuzendutako film australiarra da Oker. 

Pelikulari buruz gehiago jakiteko hemen
Sinopsia:
Etengabeko azeri-erasoek ixteko arriskuan jarri dute Australia hegoaldeko herrixka bateko erakarpen turistiko nagusia -Pinguino Txikien uharte bat-. Oiloak hazten dituen baserritar xelebre batek bilobarekin bat egin du eta pinguinoak salbatzeko metodo bitxia jarri du martxan... aitonaren artzain-txakur bihurrie eta bazter-nahaslea. Benetako istorio batean oinarritutako filma.

2019-11-11

MALETA BIDAIARIAK ABIATU DIRA

LIBURUA HARTU, orriek duten usain berezia sentitu, begiak entretenitzen hasi lerroz lerroko bidean aurrera. Parke batean paseatzen goazenean bezala. Edo itsasora irtendakoan... Bidai baten hasiera da liburu bat. Badakigu zer utzi dugun atzean; baina bukaeran zer aurkituko dugun, nekez.
                                                                     Anjel Lertxundi, Hain eskura                                                                   Irakurri, hamaika idazki literario irakurtzeari buruz   
                                              

Joan den ostiralean, maleta bidaiariak hirugarren mailako ikasleen etxeetara bidaiatzen hasi ziren.
Barruan dagoen materiala etxekoek elkarrekin jarduteko eta gozatzeko pentsatua dago: elkarrekin irakurri, kontatu, jolastu... iritziak eta gustu desberdinak partekatuz.

Esperientziarekin guztiok gozatuko dugulakoan gaude. Zuen bizipenak maletan aurkituko duzuen koadernoan kontatzea ez ahaztu!!

MILA ESKER bidaian parte hartuko duzuen familia guztiei!!

2019-11-04

ARTE TAILERRA JUDAS ARRIETAREKIN

Bihar, azaroak 5, asteartea, Moby Dick zikloaren barruan, Judas Arrietarekin tailerra egingo dute Hondarribiko Liburutegian.
Arte interbentzioa 17:30ean izango da 8 urtetik gorakoentzat.

Animatu zaitezte!!

2019-10-23

LIBURUTEGIAREN EGUNA 2019



Bihar, urriak 24, Liburutegiaren Eguna ospatzen da.   
Aurtengo kartela Miguel Calatayud ilustratzaileak egin du eta pregoia, Gemma Pasqual idazle katalanak idatzi du.

Pregoia:


IPUINIK GABEKO NESKA

Ez zuen printzesa izan nahi, ez zuen nahi printze urdin batek aska zezan. Ez zuen nahi printze baten musuak bizitza itzultzea, ez haurren esplotaziotik salbatzea ere; ez zuen nahi zazpi ipotxen etxean ezkutatu eta beren neskamea izatea printze batek erreskatatu arte. Ez zen bere ahotsari uko egiteko gai mutil baten maitasunagatik, eta ez zuen espero San Jorgek dragoiarengandik salbatzerik. Lotara edo isiltasunera kondenatutako printzesa nobleak, amaorde, aita edo maitagarri baten aginduz.

Hala, bere zapata gorriak jantzi eta bere ipuinetik alde egin zuen, korrika eta korrika aritu zen babesleku bila, ipuinik gabeko neska bihurtuta. Ipuinik gabeko neska zen, paperik gabekoa, ez zuten inon ere nahi.

>>segi irakurtzen 
Testua: Gemma Pasqual
Itzulpena: Getxoko Liburutegia

2019-10-16

HAUR ETA GAZTE LITERATUR GIDA 2018

Mondragon Unibertsitateak argitaratutako irakur gida interesgarria ezagutarazi nahi dizuegu.
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Haur Liburu Mintegiak argitaratzen du Haur eta gazte literatura irakur gida. Mintegi hori osatzen dute unibertsitateko irakasleek eta Debagoieneko eskoletako eta Udal liburutegietako ordezkariek. Euskaraz argitaratzen diren ia liburu guztiak irakurri ondoren, taldeak baloratu eta sailkatu egin ditu lanak. Urtero mintegiak eskaintzen du haur eta gazteei zuzenduta liburu aipagarrienen bilduma.
Hona hemen 2018. urtekoa.

Gida ikusteko gainean sakatu

2019-10-08

MEDIATEKAKO LAGUNTZAILE TALDEA

Mediatekako laguntzaile taldea osatu da. 6. mailako ikasleak gogotsu agertu dira mediatekako bizitzan parte hartzeko. 40 neska-mutilek aurkeztu dute bere burua ikasturtearen zehar lan egiteko liburutegi atsegin eta bizi baten alde.

 Aupa zuek!!

Bukatzeko ohar bat: kontuz ibili apaletako liburuekin! Ikusi bestela zer gertatu zaion ondorengo bideoko protagonistari.

Liber. from Valentin Tournebize on Vimeo.

2019-10-03

MEDIATEKAKO ATEAK ZABALIK


Istorioz beteriko leku honen ateak erabat ireki ditugu aste honetan. Talde bakoitzak astero egiten dituen bisitekin hasi dugu ibilbidea.
Mediatekako ateak irekitzean, hau nahi dugu:
- asko irakurtzera animatu
- liburuekin batera gune lasaia eta atsegina izatea
- erantzunak aurkitzeko duzun beharra betetzea
- liburutegien erabilera egokirako oinarrizko arau batzuk errespetatzen ohitzea
- beste irakurle batzuekin esperientziak partekatzeko topagunea izatea 
- mailegatutako liburu eta materialekin arduratsua eta errespetuzkoa izan behar duzula konturatzea  
- irakurketak gomendatu
- liburutegietatik eskain daitezkeen zerbitzuak ezagutaraztea
- informazioa hainbat euskarriren bidez bilatzen irakastea
- gure katalogoan ditugun berrikuntzen berri ematea
- irakasleentzako baliabide-iturri izatea
Gogorarazten dizugu gela bakoitzerako ezarritako ordutegiaz gain, astelehenetik ostiralera (asteartea izan ezik) erabil daitekeela liburutegia jolasgaraian eta eguerditan, jantokiko ordutegian. 
Gure nahia da denok jakitea baliabide hau ondo aprobetxatzen, eta irakurketa bakoitzak garen hori hobetzen laguntzea.
  ONGI ETORRI BESTE BEHIN ESKOLAKO MEDIATEKARA!    
           
Brian Paterson-en ilustrazioa
  

2019-09-23

UDAZKENA!

Gaur hasi da udazkena. Gorriz, horiz eta urre kolorez tindatzen hasia da gure inguruko paisaia.
Ofizialki, gaur, irailak 23, 09:50an hasi da udazkena Ipar hemisferioan. Urtaro hau 89 egunez eta 20 orduz luzatuko da, abenduaren 22an neguan sartuko baikara. 
Urtero gertatzen den bezala, eguzki-orduak eta gauak denbora bera irauten dutenean hasten da udazkena, baina urtearen arabera egun hori aldatu daiteke.
Udazkenaren hasiera, gehienez ere, egutegiaren lau data ezberdinetan eman daiteke (irailaren 21etik 24ra). Udazkena XXI. mendean zehar, irailaren 22an eta 23an hasiko da, 2096an goiztiarrena izango delarik eta 2003an berantiarrena.
Eguzki orduak gutxitzen joango dira hemendik aurrera.
  HAMAIKA KOLOREKO LIBURUAZ BETETAKO UDAZKENA IZAN DEZAZULA!!
 
Michell Dowd-en ilustrazioa

2019-09-20

MOBY DICK HONDARRIBIKO LIBURUTEGIAN

Hondarribiko Udal Liburutegian itsasoa sartu da.
Herman Melville idazle amerikarraren jaiotzaren berrehungarren urteurrena dela eta, Hondarribiko Udal Liburutegiak datozen hilabetetarako bere lan famatuena den ‘Moby Dick’ eta itsasoarekin harremana duen jarduera desberdinez osatzen den programa zabala prestatu du. Film emanaldiak, solasaldiak, tailerrak, erakusleihoak eta kontzertuak egongo dira datozen hiru hileotan.
Badugu non murgildu udazken honetan!

2019-09-12

HEMEN GAUDE BERRIRO ERE!!

Gogotsu eta ilusioz ekin diogu ikasturte berriari. Bordari Mediateka liburu eta proposamen berriekin zuen zain dago. 

IRAKURKETA INTERESGARRIZ JOSITAKO IKASTURTEA IZAN DEZAZUELA!!

Liniers-en ilustrazioa

2019-06-25

IRAKURLEE IRAKURKETA GIDA. UDA 2019


Donostia Kulturako liburuzainek udan irakurtzeko liburuen gomendio gida berri bat prestatu dute. 2018an argitaratuak izan ziren liburuen artean 113 izenburu aukeratu dituzte.
Liburuak adin guztietako irakurleei zuzenduak daude eta haurrenak adinaren arabera sailkatuak agertzen dira. Irakurketa Errazeko liburuak, hau da, edozein arrazoirengatik irakurketarako zailtasunak dituen jendearentzako liburuak gomendioen artean tartekatzen dira. 

Ikusi/Deskargatu

2019-06-21

LIBURUTEGIKO LAGUNTZAILEAK

Ikasturtean zehar 6. mailako ikasle talde bat Mediatekako laguntzaile lanetan ibili da. Jolasgaraietan lan bikaina egin dute: mailegu eta itzulketak egin dituzte, liburuak apaletan ordenatu, apainketa lanak aldizka, erabiltzaile berriei lagundu... Jator eta prestu agertu dira eta Mediatekan giro polita sortu da.
Mila esker kuadrilla!!


2019-06-11

ZORIONAK NAHIA!

11. elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketako lan irabazleen artean, Talaiako ikaslea den Nahia Ugarteren ipuina aurkitzen da. D mailako (LH5-LH6) 1.saria jaso du Ugartek.
Alex Matxok egindako ilustrazioan oinarritutako Ganbarako kuadroa ipuina nabarmendu dute kategoria horretan. 
Zorionak idazle fin horrentzat! Aupa Nahia!!

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...