2019-06-11

ZORIONAK NAHIA!

11. elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketako lan irabazleen artean, Talaiako ikaslea den Nahia Ugarteren ipuina aurkitzen da. D mailako (LH5-LH6) 1.saria jaso du Ugartek.
Alex Matxok egindako ilustrazioan oinarritutako Ganbarako kuadroa ipuina nabarmendu dute kategoria horretan. 
Zorionak idazle fin horrentzat! Aupa Nahia!!

2019-05-19

MUNDUBIRA HAMAIKA IPUINETAN

Liburuaren Nazioarteko Eguna apirilaren 23an ospatzen da, baina oporretan ginenez, maiatzaren 6an ospatu genuen Talaia eskolan. 
Aurtengo leloa MUNDUBIRA HAMAIKA IPUINETAN izan da. 
Egun horren aurretik, ekintza desberdinak burutu genituen: kartelak egin, pasiloetako eta eskaileretako apainketa, ipuinak irakurri, zigiluak egin, txartelak osatu... 
Maiatzaren 6an, goizeko 10etan, Biteri eta Bordariko ikasle guztiak elkartu ginen mundu zabaleko ipuinak entzuteko. Hogeita hamar irakurlek, guraso zein irakaslek, munduari bira irakurriz eman genion 4 urtetik hasi eta 12 urteko ikasleekin batera.


Hemen dituzue jardueraren hainbat irudi:

2019-04-02

HAUR LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2019


1967. urtetik, apirilaren 2an, Hans Christian Andersen danimarkar idazlearen jaiotegunean hain zuzen ere, IBBYk Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen du, haur eta gazteentzako kalitatezko liburuak bultzatzeko, eta gazteenen artean irakurtzeko zaletasuna sustatzeko.

Urtero IBBYren atal nazional batek du Haur Liburuaren Egunaren nazioarteko babeslea izateko aukera. Honek bere herrialdeko idazle bat eta ilustratzaile ezagun bat hautatzen ditu mundu osoko haurrei bidaltzen zaien mezua eta kartela egin dezaten.

Aurten Lituaniari egokitu zaio. Idazle eta margolaria den Kęstutis Kasparavičius-ek ipini dio aurtengo kanpainari mezua, horma-irudia eta leloa: LIBURUAK, LASAIAGO BIZITZEKO.

Idazlearen hitzak irakurtzera denbora ematera animatzen gaituzte:
"Liburuek presaka ez ibiltzen laguntzen digute, gauzei erreparatzen irakasten digute, eta aldi batez esertzera gonbidatzen, edo behartzen, gaituzte. Normalean eserita irakurtzen dugu, liburua mahai gainean edo eskuetan dugula, ezta?
Eta esperimentatu al duzu beste mirari bat, hots, zuk liburu bat irakurtzen duzunean, liburuak zu irakurtzen zaituela?"  
Mezua guztiontzat desio batekin amaitzen da: "Egon daitezela liburu interesgarriak irakurzaleentzat eta irakurle interesgarriak liburuentzat!"

Testua Iñaki Mendigurenek euskaratu du. Mezu osoa hemen irakurri dezakezu.



2019-03-26

IPUIN KONTARI: MAITE FRANKO

Bihar, martxoak 27, asteazkena, 18:00etan, Maite Franko ipuin kontalaria izango da Udal Liburutegian. 4-7 urte bitarteko haurrentzat izango da saioa.


2019-03-20

AGUR NEGUA, KAIXO UDABERRIA

Selçuk Demirel

Gaur hasiko da udaberria, 22:58an, eta 92 egun eta 18 ordu izango ditu, ekainaren 21era arte. Udaberria heldu eta ordu gutxira, urtaro horretako lehen ilbetea egongo da.
Urtaro berrian, argi orduek egunean hiru minutu gehiago iraungo dute. Gainera, ordulariak ordubete aurreratuko dira martxoaren 30etik 31era doan gauena. Hain zuzen ere, 02:00etan 03:00ak izango dira.
Astronomi Behatoki Nazionalaren arabera, baliteke 2019ko martxoan azkenekoz aldatzea ordua Europar Batasunean. Halere, herrialde bakoitzak ordu-eremua hautatzeko aukera izango du, udaberriko ala udazkeneko ordutegiaren alde eginda.

Planetei dagokionez, udaberriko egnsentietan Venus, Saturno eta Jupiter nagusituko dira; ilunabarretan, aldiz, Artizarra.

Urtaroeran hasierak bat egin ohi dute Lurrak Eguzkiaren inguruko orbitan leku jakin bat hartzen duen unearekin. Udaberrian, adibidez, Eguzkiaren erdiguneak, Lurretik ikusita, zeruaren ekuatorea gurutzatzen du, iparralderako noranzkoan. Hori gertatzen denean, egunak eta gauak iraupen oso antzekoak dituzte. Horregatik, udaberriko ekinokzioa deitzen zaio fenomeno horri. 
Asko jota, hiru data ezberdinetan gerta daiteke ekinokzioa: martxoaren 19an, 20an edo 21ean. 
Iturrria: eitb.eus


2019-03-19

"STORY OF FLOWERS" (LOREEN HISTORIA) ANIMAZIO FILMA


Udaberria ate joka dugun honetan, loreen bizi-zikloa erakusten digun film eder bat partekatu nahi dugu zuekin. 
Azuma Makoto artista japoniarrak Story of Flowers (Loreen historia) izeneko animazio filma sortu zuen, umeei loreen bizi-zikloa irakasteko. Ideia hori bururatu zitzaion, bere alabari gai honi buruz irakasteko liburu edo pelikula egokiak aurkitu ez zituenean. 
Pelikula egiteko, Katie Scott artista britaniarra eta James Paulley animatzailea kontratatu zituen. 

Hiru minutu eta erdi irauten duen bideoak bizitzaren, berpizkundearen eta gainbeheraren ziklo jarraitua eta amaigabea erakusten digu. Gozatu ikuskizunarekin!

      

2019-03-18

BELARDOREN BARATZA HONDARRIBIKO LIBURUTEGIAN

Udaberria dela eta ospatzeko, Udal Liburutegian antolatu duten egitasmo baten berri eman nahi dizuegu: BELARDOREN BARATZA, ORTU ETA KOMIKI TAILERRA. Baratzea Liburutegira ekartzea eta Liburutegia Baratzera eramatea proposatzen digute jarduera eta ekintza desberdinak eskainiz. Lehenengo saioa martxoaren 20an, asteazkenean, 18:00etan izango da. 

Egitarau osoa:    
                                        
 UDABERRIA HONDARRIBIKO LIBURUTEGIAN

- Belardoren Baratza ikastaroa. 1. saioa
               Izena ematea gomendatzen dugu
               Martxoaren 20an 18:00etan. 7-11 urtekoentzat.
               Liburutegian.

- Zizareak elikatzen eta Liburutegiko baratzaren zaintza
               Martxoaren 20tik ekainaren 12a arte.
               Liburutegian.

- Xixare elkartearen baratzera bisita.
               Maiatzaren 18. 11etan
               Liburutegitik Amutera oinez joango gara.

- Belardoren Baratza ikastaroa. 2. saioa
               Ekainaren 12an 18:00etan. 7-11 urtekoentzat.
               Liburutegian.

- Baratza erakusketa.
                Ekainaren 17tik 21a arte.
                Liburutegian.


 
Liburutegiko ikastaro/tailerretan Iñaki Martiarena “Mattin” (Belardoren Baratza-ren marrazkilaria, Berria egunkariko Amona Mantangorrin agertzen den tira) izango da begirale/laguntzaile.

Ikastaro/tailerra 7-11 urtekoekin egin nahi dute, baina gainontzeko ekintzetan denok parte hartzeko aukera izango dugu. 
Tailerretan parte hartzeko, aldez aurretik izena ematea komeni da: Liburutegian bertan, 943 111 285 telefonoan edo liburutegia@hondarribia.eus helbidean.

Guztia doanekoa da.

2019-03-05

ALUZINESKAK!! IPUIN KONTAKETA

Martxoaren 8a dela eta, bihar, martxoaren 6an, Udal Liburutegian 18:00etan, ipuin kontaketa berezia izango da, 5-9 urtekoentzat Maite Franko-rekin.
ALUZINESKAK!! ekitaldian, neska, neskato, emakume zein amona aluzinanteen ipuinak entzungo ditugu. 


2019-02-13

AITOR ARANAREKIN SOLASEAN

Astelehenean, Bordariko mediatekan, Aitor Arana idazlea izan genuen 4. mailako ikasleekin solasean.
Aldez aurretik, ikasleek idazlearen hiru liburu irakurri zituzten oso gustura: Klaudia eta baloien sekretua, Santurtziko mamuak eta Printzesa politaren sekretua . Hirurak Ibaizabalek argitaratuak dira eta beraien eskutik etorri da egilea guregana.

Egindako hiru saioetan makina bat galdera erantzun zituen Aranak: irakurritako liburuei buruz, idazle lanaren ingurukoak, argitaraturako lanekin zerikusia dutenak... eta ikasleek arretatsu entzun zituzten azalpenak.
Saioen bukaeran, idazleak liburuak sinatu zituen.

MILA ESKER, AITOR!!


2019-02-08

JON ARRETXE ESKOLAN

Atzo, Jon Arretxe idazlea izan genuen gurekin. Bigarren urtea da berarekin solasaldiak antolatzen ditugula, Erein argitaletxeari esker. Hiru saio izan genituen.
6. mailako ikasleek Arretxek idatzi eta Cristina Fernándezek ilustratutako Beti iparralderantz (Erein) liburua irakurri dute urtarrilaren zehar, eta gogotsu gainera!
Abentura eleberri bat da, erritmo bizikoa, etorkinen ibilbideetan barneratzen gaituena. Marrazkiek testuaren osagarri dira eta liburuaren hasierako mapa oso lagungarria da bidaiaren nondik norakoa jakiteko.
Idazleak aipatu digu Afrikara egindako bidai baten ondoren (askotan izan da bertan eta munduko beste leku askotan) idatzi zuela liburua. Han ikusi, bizitu eta ezagututako pertsonaiak inspirazio iturri izan omen ziren. Bertan ateratako argazkiak erakutsi dizkigu eta protagonistaren ingurua hobeto ezagutzeko aukera izan dugu.

Esan bezala, 6. mailako neska-mutilek gogoz irakurri dute Drissaren abentura eta arreta handiz jarraitu dute Jon Arretxek emandako azalpen guztiak. 
Aurkezpenaren ondoren, ikasleek egindako galderak erantzun ditu idazleak giro polita sortuz.
Saio polita, interesgarrai, aberatsa... ikasle eta irakasleen esanetan. 
Mila esker, Jon Arretxe!!

Ondorengo bideoan bildu ditugu aurreko egunetan girotzeko sortutako artelan batzuren argazkiak eta saioetan ateratakoak.


BETI IPARRALDERANTZ 2019-02-07
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...