2019-04-02

HAUR LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2019


1967. urtetik, apirilaren 2an, Hans Christian Andersen danimarkar idazlearen jaiotegunean hain zuzen ere, IBBYk Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen du, haur eta gazteentzako kalitatezko liburuak bultzatzeko, eta gazteenen artean irakurtzeko zaletasuna sustatzeko.

Urtero IBBYren atal nazional batek du Haur Liburuaren Egunaren nazioarteko babeslea izateko aukera. Honek bere herrialdeko idazle bat eta ilustratzaile ezagun bat hautatzen ditu mundu osoko haurrei bidaltzen zaien mezua eta kartela egin dezaten.

Aurten Lituaniari egokitu zaio. Idazle eta margolaria den Kęstutis Kasparavičius-ek ipini dio aurtengo kanpainari mezua, horma-irudia eta leloa: LIBURUAK, LASAIAGO BIZITZEKO.

Idazlearen hitzak irakurtzera denbora ematera animatzen gaituzte:
"Liburuek presaka ez ibiltzen laguntzen digute, gauzei erreparatzen irakasten digute, eta aldi batez esertzera gonbidatzen, edo behartzen, gaituzte. Normalean eserita irakurtzen dugu, liburua mahai gainean edo eskuetan dugula, ezta?
Eta esperimentatu al duzu beste mirari bat, hots, zuk liburu bat irakurtzen duzunean, liburuak zu irakurtzen zaituela?"  
Mezua guztiontzat desio batekin amaitzen da: "Egon daitezela liburu interesgarriak irakurzaleentzat eta irakurle interesgarriak liburuentzat!"

Testua Iñaki Mendigurenek euskaratu du. Mezu osoa hemen irakurri dezakezu.



2019-03-26

IPUIN KONTARI: MAITE FRANKO

Bihar, martxoak 27, asteazkena, 18:00etan, Maite Franko ipuin kontalaria izango da Udal Liburutegian. 4-7 urte bitarteko haurrentzat izango da saioa.


2019-03-20

AGUR NEGUA, KAIXO UDABERRIA

Selçuk Demirel

Gaur hasiko da udaberria, 22:58an, eta 92 egun eta 18 ordu izango ditu, ekainaren 21era arte. Udaberria heldu eta ordu gutxira, urtaro horretako lehen ilbetea egongo da.
Urtaro berrian, argi orduek egunean hiru minutu gehiago iraungo dute. Gainera, ordulariak ordubete aurreratuko dira martxoaren 30etik 31era doan gauena. Hain zuzen ere, 02:00etan 03:00ak izango dira.
Astronomi Behatoki Nazionalaren arabera, baliteke 2019ko martxoan azkenekoz aldatzea ordua Europar Batasunean. Halere, herrialde bakoitzak ordu-eremua hautatzeko aukera izango du, udaberriko ala udazkeneko ordutegiaren alde eginda.

Planetei dagokionez, udaberriko egnsentietan Venus, Saturno eta Jupiter nagusituko dira; ilunabarretan, aldiz, Artizarra.

Urtaroeran hasierak bat egin ohi dute Lurrak Eguzkiaren inguruko orbitan leku jakin bat hartzen duen unearekin. Udaberrian, adibidez, Eguzkiaren erdiguneak, Lurretik ikusita, zeruaren ekuatorea gurutzatzen du, iparralderako noranzkoan. Hori gertatzen denean, egunak eta gauak iraupen oso antzekoak dituzte. Horregatik, udaberriko ekinokzioa deitzen zaio fenomeno horri. 
Asko jota, hiru data ezberdinetan gerta daiteke ekinokzioa: martxoaren 19an, 20an edo 21ean. 
Iturrria: eitb.eus


2019-03-19

"STORY OF FLOWERS" (LOREEN HISTORIA) ANIMAZIO FILMA


Udaberria ate joka dugun honetan, loreen bizi-zikloa erakusten digun film eder bat partekatu nahi dugu zuekin. 
Azuma Makoto artista japoniarrak Story of Flowers (Loreen historia) izeneko animazio filma sortu zuen, umeei loreen bizi-zikloa irakasteko. Ideia hori bururatu zitzaion, bere alabari gai honi buruz irakasteko liburu edo pelikula egokiak aurkitu ez zituenean. 
Pelikula egiteko, Katie Scott artista britaniarra eta James Paulley animatzailea kontratatu zituen. 

Hiru minutu eta erdi irauten duen bideoak bizitzaren, berpizkundearen eta gainbeheraren ziklo jarraitua eta amaigabea erakusten digu. Gozatu ikuskizunarekin!

      

2019-03-18

BELARDOREN BARATZA HONDARRIBIKO LIBURUTEGIAN

Udaberria dela eta ospatzeko, Udal Liburutegian antolatu duten egitasmo baten berri eman nahi dizuegu: BELARDOREN BARATZA, ORTU ETA KOMIKI TAILERRA. Baratzea Liburutegira ekartzea eta Liburutegia Baratzera eramatea proposatzen digute jarduera eta ekintza desberdinak eskainiz. Lehenengo saioa martxoaren 20an, asteazkenean, 18:00etan izango da. 

Egitarau osoa:    
                                        
 UDABERRIA HONDARRIBIKO LIBURUTEGIAN

- Belardoren Baratza ikastaroa. 1. saioa
               Izena ematea gomendatzen dugu
               Martxoaren 20an 18:00etan. 7-11 urtekoentzat.
               Liburutegian.

- Zizareak elikatzen eta Liburutegiko baratzaren zaintza
               Martxoaren 20tik ekainaren 12a arte.
               Liburutegian.

- Xixare elkartearen baratzera bisita.
               Maiatzaren 18. 11etan
               Liburutegitik Amutera oinez joango gara.

- Belardoren Baratza ikastaroa. 2. saioa
               Ekainaren 12an 18:00etan. 7-11 urtekoentzat.
               Liburutegian.

- Baratza erakusketa.
                Ekainaren 17tik 21a arte.
                Liburutegian.


 
Liburutegiko ikastaro/tailerretan Iñaki Martiarena “Mattin” (Belardoren Baratza-ren marrazkilaria, Berria egunkariko Amona Mantangorrin agertzen den tira) izango da begirale/laguntzaile.

Ikastaro/tailerra 7-11 urtekoekin egin nahi dute, baina gainontzeko ekintzetan denok parte hartzeko aukera izango dugu. 
Tailerretan parte hartzeko, aldez aurretik izena ematea komeni da: Liburutegian bertan, 943 111 285 telefonoan edo liburutegia@hondarribia.eus helbidean.

Guztia doanekoa da.

2019-03-05

ALUZINESKAK!! IPUIN KONTAKETA

Martxoaren 8a dela eta, bihar, martxoaren 6an, Udal Liburutegian 18:00etan, ipuin kontaketa berezia izango da, 5-9 urtekoentzat Maite Franko-rekin.
ALUZINESKAK!! ekitaldian, neska, neskato, emakume zein amona aluzinanteen ipuinak entzungo ditugu. 


2019-02-13

AITOR ARANAREKIN SOLASEAN

Astelehenean, Bordariko mediatekan, Aitor Arana idazlea izan genuen 4. mailako ikasleekin solasean.
Aldez aurretik, ikasleek idazlearen hiru liburu irakurri zituzten oso gustura: Klaudia eta baloien sekretua, Santurtziko mamuak eta Printzesa politaren sekretua . Hirurak Ibaizabalek argitaratuak dira eta beraien eskutik etorri da egilea guregana.

Egindako hiru saioetan makina bat galdera erantzun zituen Aranak: irakurritako liburuei buruz, idazle lanaren ingurukoak, argitaraturako lanekin zerikusia dutenak... eta ikasleek arretatsu entzun zituzten azalpenak.
Saioen bukaeran, idazleak liburuak sinatu zituen.

MILA ESKER, AITOR!!


2019-02-08

JON ARRETXE ESKOLAN

Atzo, Jon Arretxe idazlea izan genuen gurekin. Bigarren urtea da berarekin solasaldiak antolatzen ditugula, Erein argitaletxeari esker. Hiru saio izan genituen.
6. mailako ikasleek Arretxek idatzi eta Cristina Fernándezek ilustratutako Beti iparralderantz (Erein) liburua irakurri dute urtarrilaren zehar, eta gogotsu gainera!
Abentura eleberri bat da, erritmo bizikoa, etorkinen ibilbideetan barneratzen gaituena. Marrazkiek testuaren osagarri dira eta liburuaren hasierako mapa oso lagungarria da bidaiaren nondik norakoa jakiteko.
Idazleak aipatu digu Afrikara egindako bidai baten ondoren (askotan izan da bertan eta munduko beste leku askotan) idatzi zuela liburua. Han ikusi, bizitu eta ezagututako pertsonaiak inspirazio iturri izan omen ziren. Bertan ateratako argazkiak erakutsi dizkigu eta protagonistaren ingurua hobeto ezagutzeko aukera izan dugu.

Esan bezala, 6. mailako neska-mutilek gogoz irakurri dute Drissaren abentura eta arreta handiz jarraitu dute Jon Arretxek emandako azalpen guztiak. 
Aurkezpenaren ondoren, ikasleek egindako galderak erantzun ditu idazleak giro polita sortuz.
Saio polita, interesgarrai, aberatsa... ikasle eta irakasleen esanetan. 
Mila esker, Jon Arretxe!!

Ondorengo bideoan bildu ditugu aurreko egunetan girotzeko sortutako artelan batzuren argazkiak eta saioetan ateratakoak.


BETI IPARRALDERANTZ 2019-02-07

2019-01-28

MAITE FRANKO ZULOAGA ETXEAN


Datorren asteazkenean, urtarrilak 30, Zuloaga Etxean, 18:00etan, Maite Franko ipuin kontalaria kontu kontari arituko da. Saioa 4-7 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.

 

2019-01-25

IPUINA.EUS ATARI DIGITALA

Ipuina.eus webgune berria aurkeztu dute.
Koldo Izagirreren ekimenez sortu da proiektua; hark egin du ipuinen bilketa eta gaurkotze lana. Susa argitaletxearen bultzadarekin jarri dute martxan webgunea.
Hogeitabat ipuinekin abiatu da Ipuina.eus, baina ezarian-ezarian elikatzen joatea da asmoa; bizpahiru ale gehituz hilero. Hiru atal nagusi ditu: ipuinak, autoreak eta kronologia. Baina ipuinak biltzea eta nolabait testuinguru batean kokatzea du xede. Idazleak argitu du proiektuaren helburua ez dela  antologia bat osatzea ezta sailkapen bat egitea ere.


Izagirrek webguneko sarreran azaltzen du zer den ipuina.eus eta zertarako sortu den. Testu horretatik ateratako bi aipamen hemen:  "...Tradizioa beti laguntzeko prest daukan fantasia librea da ipuina, nolabait, ipuin literarioa. Laburra izanik, malgutasun handia du haurren, ume kozkorren, nerabeen, gazteen eta helduen artean mugitzeko. Adinen artekotasun horrek hainbat gai, hainbat estilo eta hainbat ikuspuntu lantzeko aukera eman ohi dio ipuinari..."

"...Narrazio laburra gure literaturaren zati garrantzitsua da, baina ez mereziko lukeen bezain hedatua irakurleen artean. Ihes egiten die definizio akademikoei, hibrido bat dugu, batetik bestera dabil sartu-irten fabulan, kronikan, artikuluan, gutunean edo oroitzapenean."

Iturria: Berria.eus

2019-01-18

2019AN DOMEINU PUBLIKORA PASA DIREN ARTE-LANAK

Urte berriarekin, jabetza publikora arte-lan berriak igarotzen dira. Europako herrialde gehienek, 70 urteko epea dute egilea hiltzen denetik bere obra jabetza publikora igaro arte.


Literatura, musika, zinea eta pinturarekin zerikusia duten lan esanguratsu asko bihurtuko dira jabetza publikokoak, Xataka.com webgunean plazaratu duten zerrendan ikus daitekeen eran.

Zinemari dagokionez, Charlie Chaplinen Erromesa (The Pilgrim), Buster Keatonen Hospitalitatearen Legea (Our Hospitality) filmak edo Felix katua marrazki bizidunak esaterako.

Literaturaren arloan, Sigmund Freuden Ni-a eta hura (Das Ich und das Es), Virginia Woolfen Dalloway anderea (Mrs. Dalloway), Felix Salten Banbi edo Agatha Christieren Roger Ackroyden Hilketa eta Golf zelaiko hilketa bezalako titulu ezagunak.

Pinturarekin zerikusia dutenen artean, Kandinskyren Zarte Spannung, Henri Matissen Odaliska beso altxatuekin eta Marcel Duchampen Aitabitxiek biluztutako emaztegaia obrak besteak beste.

Musikaren kasuan, 1923an oso famatu egin zen Charleston  jazz-kantua eta Jazzaren garapenerako garrantzitsua izan zen Jelly Roll Mortonen King Porter Stomp abestia dira izenburu esanguratsuenetarikoak.

2019-01-13

MAITE FRANKO KONTU KONTARI

Jon den ostiralean Maite Franko izan genuen Bordarin hirugarren mailakoekin kontu kontari. Ele, dar-dar, irri, antzerki, txalo... denetik izan genuen. 2019 urtea umoretsu hasi dugu eta horrela jarraitu nahi dugu. 
Saioen hainbat irudi ondorengo bideoan bildu ditugu. 
Eskerrik asko Maite! 

2018-12-21

AGUR UDAZKENA, KAIXO NEGUA

Gaur, abenduak 21, San Tomas Eguna, Gabonetako opor hasiera eta negu hasiera ospatuko ditugu.

Ipar hemisferioan, udazkenari agur esango diogu gaur, 23:23an hasiko da ofizialki urtaro berria. Neguak 88 egun eta 23 ordu iraungo du, 2019ko martxoaren 20ra arte. 
Neguko solstizioa urteko egunik laburrena eta gaurik luzeena da. Eguerdian Eguzkia urteko punturik baxuenera iristen da eta hemendik aurrera, gauak pixkanaka laburtzen joango dira, eta argi orduak nagusituko dira.
Ipar poloan, Eguzkia ez da ateratzen egun osoan, 24 orduko gaua izaten da, eta egoera hori zenbait egunez luzatzen da.
Hego hemisferioan, ekainaren 21-22an gertatzen da neguko solstizioa. 
 
                                                                  Rob Gonsalves-en irudia

2018-12-18

SUPERTALAIA 1

Hau sorpresa gaur goizean! Egunkari berri bat jaso dugu eskolan: SUPERTALAIA.
4. mailako ikasle talde batek egindako lanaren emaitza da SUPERTALAIA berripapera.  
Nerea Sorzabal, Nikole Zuzaya, Naia Ibargoyen, Inza Iraola eta Jare Sanz dira SUPERKAZETARI sortzaileak. Eskolako egunkari bat egiteko gogoa zuten, eta hara!, ekin eta asmoa egi bihurtu! 
Zorionak, boskote!!



2018-12-17

IRAKUR GIDAK: GABONAK 2018

Gabonetako oporrak gainean ditugula, liburu gida batzuk partekatu nahi ditugu zuekin.

Gida horietako bat, Gipuzkoako Eskola Liburutegietatik jasotako liburu gomendio txiki bat da. Bigarrena aldiz, Debagoieneko Udal Liburutegietatik luzatutako proposamena da. Bietan, adinka sailkatuta, euskaraz eta gaztelaniaz argitaratutako liburuak daude.

 ACEX GIPUZKOA
Gida osoa hemen
Gida osoa hemen

Horiekin batera, duela bi hilabete, Mondragon Unibertsitateak argitaratutako Haur eta Gazte Literatura Irakur Gida 2017 hona ekarri dugu lagungarri izan dezakelakoan liburuak irakurtzeko edo oparitzeko aukeratzeko garaian.
Gida, lan talde baten lanaren emaitza da. 2017. urtean euskaraz argitaratutako liburuak irakurri eta aztertu ondoren osatutakoa. Liburuen zerrenda orokorraren ondoren sailkapen bat egiten da: liburu gomendagarriak eta oso gomendagarriak. Azken horiei erreseina bat gehitzen zaie. Bestalde, agertzen den adina orientagarria besterik ez da, bilakaera erritmoak, haurren zaletasunak, etab. sailkaezinak baitira.

Gida ikusteko irudian sakatu

2018-12-10

ASTE HONETAN HONDARRIBIAN


Asteazkenean, abenduak 12, 19:30ean Kultur Etxeko (Denda kalea) 103 gelan Maite Darcelesek bere lehen eleberria, Bihotzean daramagun mundua (Alberdania), aurkeztuko digu, Yoseba Peña idazleak bideratuko duen solasaldiaren bidez.








XXIV. Euskal Liburu eta Disko Azoka.
Abenduaren 13tik 16ra Arrantzale Auzoan urteroko zita izango dugu. 
Ostegunean, 12:00etan, Udaletxeko Areto Nagusian, azokaren aurkezpena egingo da eta Mariasun Landa idazleak, Hondarribi saria jasoko du. 
Asteburuan, Jon Arretxe idazlea liburuak sinatzen egongo da azokan. 

2018-12-05

53. DURANGOKO AZOKA. DA!

Kulturaren plaza martxan da. Gaur hasi da eta bost egunez, abenduaren 9ra arte, kulturaz gozatzeko aukera dugu. 

Aurten, aniztasunarena da antolaitzaileek nabarmendu nahi izan duten ideia: euskal kulturaren oparotasunean, artisten profilean, azokara biltzen diren herritarren ezaugarrietan, azoka bizitzeko moduan eta abarretan ikusten den aniztasunean. Eta hortik dator leloa ere: DA! Asko dira!

Kulturzaleek 200 ekitaldiz osatutako egitarauaz gozatu ahal izango dute Azokako zazpi guneetan. 439 nobedade izango dira bertan: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari eta abar.
Unean uneko egitaraua eta sortzaileen sinadura-ordutegiak www.durangokoazoka.eus webgunean kontsultatu daitezke egunero.

Berria.eus


EUSKARALDIA ETA EUSKARAREN EGUNA

Aurreko egunetan Euskaraldia eta Euskararen Eguna dela eta, programa zabala eta ekimen dezente izan ditugu Talaian, Euskal Herriko eta munduko beste bazter askotan bezala. 
Eskolan eta kalean, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko ikasle, irakasle, guraso... elkarrekin ibili gara: argazkiak atera ditugu, dantzak ikasi ditugu, puzzleak osatu, elkarrizketarako eta hausnartzeko tarteak hartu ditugu, telebista saio bat egin dugu, irratsaio bereziak, kalean mezuak banatu ditugu...

Ekimenari bukaera emateko, abenduaren 3an, Euskararen Egunean, arratsaldez, musika eta dantza izan dira protagonista gurean: Biterin Txantxariak izan ditugu eta Bordarin karaokeak eta trikitrilariek azken txanpa girotu eta alaitu dute.




2018-11-15

LITERAKTUM 2018


Literaktum edizio berri bat abian da Donostian. Azaroaren 13tik 24ra egitarau zabala izango du
jaialdiak, literatur zaleei eta hain zale ez direnei ere eskainia. Literaturaren izen ezagunak beraien lanak aurkeztera etorriko dira, eta egungo gaiei buruzko solasaldietan gonbidatu esanguratsuak egongo dira.
Literaktum jaialdiaren gai nagusiak, berriz, ondorengoak izango dira: nobela eta historiaren arteko harremana, utopiaren indarra –eta haren itzal distopikoak– eta liburu ilustratua. Horri erantsi behar zaizkio literaturaren eta beste diziplina batzuen arteko uztarketak ere: gastronomiarekin, musikarekin, zinemarekin, pentsamenduarekin, kazetaritzarekin edo komikiarekin.

Solasaldien artean, Literaturaren bide berriak II: Gazteak eta irakurketa aurkitu dugu. Nola zaletu gazteak irakurtzera? Ez da gai berria, baina gaurkotasuna gordetzen du oraindik ere, eta irakasle, liburuzain zein guraso askoren erronka da. Galderaren inguruan Uxue Alberdi idazlearekin batera hausnarketa egingo dute hiru solaskidek: Imanol Epelde irakasle eta blogaria, Maialen Berasategi kazetaria eta Larraitz Idarreta liburuzaina. 
Ekitaldia euskaraz izango da, Donostiako San Jeronimo ekitaldi arteoan, azaroaren 20an, 19:30ean. 
Literaktum jaialdiko jarduera guztiak irekiak dira, jarlekuak bete arte.

Programa osoa xehetasun gehiagorekin, Literaktum jaialdiaren webgunean ikus daiteke.

2018-11-07

SOLASALDIA KULTUR ETXEAN

Hondarribiko Liburutegiak antolatutako Mary Shelley-ren Frankenstein 200 urte zatiak josten egitasmoaren barruan ostegun honetan, azaroak 8, zikloaren azken solasaldia izango da:
“Frankenstein ikonoa arte plastikoetan eta zineman”.

Solaskideak, Koldo Almandoz eta Begoña Vicario zinemagileak izango dira. 
Ekitaldia, 19:00etan Kultur Etxeko 103 aretoan.

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...