Ostiralean zendu zen Joxanton Artze sortzaile handia. Bere hitzak bide desberdinetatik ezagutu ditugu: ikusiz, entzunez, irakurriz... eta gure barnean geratu, askotan bereak direla jakin gabe ere.
Kantua kantu denean
kantaria ez da ikusten,
kantuak du ezkutatzen...
Usurbilen jaio zen 1939. urtean eta bertan bizi zen. Euskal literaturan ezinbesteko tokia du, forman berriztapen handia ekarri baitzuten haren poemek, liburua artelan bihurtuta.
Kantagintzari auspoa eman zion besteak beste Ez dok Amairu-ren bidez. Baga, Biga, Higa ikuskizunaren suspertzailea izan zen. Antzerkia, dantza, poemen errezitaldia eta kantua bateratzen zituen ikuskariak. Poesia oholtza gainera eramaten jarraitu zuen ondoren prestatutako beste ikuskizun batzuekin.
Ez dok amairu taldea desegin zenean, bere anaia Jesus, Jose Mari Zabala eta Mikel Laboarekin batera, musika, dantza eta poesia batzen zituen Ikimilikiliklik (1974) egitasmoa abiarazi zuen. Luis de Pablorekin, berriz, Zurezko Olerki kontzertua prestatu zuen.
Anaia Jesus Marirekin batera, txalaparta hauts artetik atereaz instrumentu garaikide bihurtu zuen. Txalaparta-diskoak eta bere poemak ere grabatu zituen Zurezko olerkia.
Poesia lanetan abangoardista izan da. Hamar liburu kaleratu zituen Artzek:
Isturitzetik Tolosan barru, Zumetarekin lankidetzan argitaratutako
...laino guzien azpitik... eta
...sasi guztien gainetik..., ...bide bazterrean hi eta ni kantari..., Ortzia lorez, besteak beste.
Susa argitaletxeak
haren antologia bat prestatu zuen
XX.mendeko poesia kaierak bilduman.
"Poesia ez da hitzetan bakarrik bukatzen. Ezer ez da bere baitan bukatzen. Dena dago bata bestearekin harreman estuan, bai harri koxkor bat eguzkiarekin, eta eguzkia azken belar izpiarekin, edo errekako ur tantarekin. Denak dik bata bestearen bilatzen hori!"
Lotura honetan duzue Hasier Etxeberriak Sautrela programarako, 2007ko ekainean, Artzeri egin zion elkarrizketa interesgarria.
"Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako,
dakitenek hitzegiten ez dutelako baizik"
Joxan Artze